Azaroaren 25a

Kaleak eta etxeak feminismotik berreskuratzeko garaia dela aldarrikatu dute

Maria Maya Manterola 2021ko aza. 25a, 20:08

Nork bere esparrutik baina guztiek bat eginda plazaratu dute Zarautzen indarkeria matxistaren aurkako aldarria. Emakumeen Etxearen aurrean elkartu dira, etxeak eta kaleak emakumeenak ere badirela aldarrikatzeko. 

Indarkeria matxista gaitzesteko protesta deitua zuen gaurko Koordinadora Feministak. Dozenaka herritar elkartu da Emakumeen Etxearen aurrean, eta nork bere esparrutik baina guztiek bat eginda plazaratu dute indarkeria matxistaren aurkako mezua.

Hasteko eta behin, Ainhoa Agirreazaldegiren bertsoak banatu, eta elkarrekin abestu dituzte. Herriko neska gazteen izenean, bi emakumek hartu dute hitza ondoren, eta, gero, Euskal Emakume Pentsiodunen Oneka plataformako kideei luzatu diete hitza.

Koordinadora Feministak, bere aldetik, nabarmendu nahi izan du etxeak ez direla "askotan" leku seguruak izan, ezta pandemiaren aurretik ere. "Etxeko lau hormen artean, familietan, biolentzia desberdinak gertatu dira: emakumeon kontrako askotariko indarkeriak, LGTBfobia  edota eraso transfoboak. Etxea bikote harreman heteronormatiboetara eta familia nuklearretara egokitutako espazioa da eta, hortaz, arau horretara bideratutako bizi eredu atomizatu eta indibidualista bultzatzeaz gain, agerian uzten ditu komunitatean bizitzeko muga eta oztopoak", azaldu dute.

Bestalde, pandemiaren testuinguruan "sistema publikoaren gainbehera azkartu dela" iritzi diote. Pribatizazioak, batik bat, emakumeak kaltetu dituela uste dute: "Lehen arreta zerbitzua kendu izanak indarkeria matxista bizi duten emakume asko are egoera zaurgarriagoan utzi ditu, digitalizazioaren gorakadak emakume asko baliabide publikoak eskuratzeko eskubidetik kanpo utzi ditu, genero dibertsitaterako arreta zerbitzu ugari eten egin dira, aurrekontu publikoetatik miseria bat zuzentzen zaie berdintasun politikei... Etengabeko pribatizazioa medio, zaintza lanak egiten dituzten emakumeen bizi baldintzak kaskartu dira". Sistema publikoaren suntsiketa "emakumeenganako indarkeria zuzena" da, Koordinadora Feministaren hitzetan.

Dena den, jendartean gertatutako bestelako indarkeria kasuak ere aipatu nahi izan dituzte gaurkoan. Era berean, "feminismoaren izenean zabaltzen ari diren irakurketa eta aldarrikapen transfoboekin" bat egiten ez dutela argi utzi dute. 

"Etxea - izan herria, komunitatea edo bizilekua - segurua ez denean, feminismoa da gure armarik zorrotzena", gaineratu dute. "Indarkeriarik gabeko etxea eta Euskal Herria" aldarrikatu, eta Zutik Emakumeak abestuz eman diote amaiera elkarretaratzeari.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide