Zarauzko Udaleko Parekidetasun Sailak herrian gertatutako 43 kasuren berri izan zuen 2020an. Aurtengo zenbakia, momentuz, baxuagoa da Gizarte Zerbitzuen arabera: hamalau kasuren berri izan du udal zerbitzuak. Dena den, Gizarte Zerbitzuek zuzenean beraiengana jotzen duten kasuen berri izan ohi dute, beraz, beste hainbat kasu egon daitezke, esaterako, Ertzaintzara edo Osakidetzara jo dutenak. "Halere, badakigu indarkeria matxista jasaten duten emakume askok ez dutela jotzen erakundeetara laguntza eskatzera, beraz, biktimen kopurua askoz altuagoa dela aurreikusi dezakegu", azaldu du Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak.
Erasoak psikologikoak edo fisikoak izan daitezke, baina jakinarazi dutenez, zenbait kasutan bi indarkeria motak batera gauzatzen dira. Gizarte Zerbitzuek zehaztu dute beste indarkeria motekin alderatuta, sexu abusuen berri izaten dutela gutxien.
Adinari erreparatuta, «denetariko kasuak» daudela diote Gizarte Zerbitzuetako langileek. Horren erakusle da aurten artatutako pertsonarik gazteenak 19 urte zituela, eta helduenak 71. Gehiengoaren adin tartea 30-45 urte ingurukoa dela azaldu dute.
Vazquezek indarkeria matxista "guztiz onartezina" dela adierazi du ohar bidez, eta "herritar guztion konpromisoa eta parte hartze aktiboa" eskatu ditu.
Horren aurrean, Parekidetasun departamentutik indarkeria jasaten duten emakumeak laguntza
eskatzera Emakumeen Etxera edo Gizarte Zerbitzuetara jotzera animatu nahi dituzte. Arazo honi aurre egiteko udalak ondorengo baliabide hauek ditu: informazioa eta aholkularitza, laguntza psikologikoa eta juridikoa, talde terapia, dirulaguntza ekonomikoak eta harrerako etxebizitza.