Zarauztarren doinuak

Xabier Etxeberriaren doinuak

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 24a, 09:00

Xabier Etxeberria idazlea. (Amaia Urbieta Arruti)

Asteazkenero, zarauztar batek hautatutako bost abesti jaso ohi ditugu 'Zarauztarren doinuak' atalean, eta Xabier Etxeberria idazlea da aste honetako protagonista. Hain zuzen ere, kontakizun batekin aurkeztu ditu bere abesti kuttunak.

Todo este sábado me lo voy a pasar privando en mi casa hasta reventar, ya estoy harto no quiero salir más (1) abestu dut eta trago bat eman diot garagardoari. Pandemian hasi nintzen garagardoa egiten. Neronek esatea debalde da, baina ez dago txartxua. Gaur ustekabean tragoa garratza egin zait ordea. Larunbat iluntzea da eta etxean nago, etxean egindako garagardoa edaten, etxeko zapatillak eta txandala jantzita. Etxe sobredosia, txo.

Hasieran, itxialdia denontzat derrigorrezkoa izan zen, noski. Baina ez dakit, agian, gehiegi gotortu nuen nire bunker mentala, eta orain bertatik ateratzen ez dago erraza. Kaiolako atea zabaldu eta kanpora ausartzen ez den txoria bezala sentitzen naiz tarteka. Ohitu egin naiz itxita egotera. Etsita bizitzera.

Koadrilakoek plana zuten gaur. Watsapp taldean mezua: Bokadilloa + tragoa?. Bi tik urdin = irakurri dut. Ez dut ezer erantzun ordea. Beste trago bat eman diot garagardoari. Erlojua begiratu dut. Ze ostia! Garaiz nabil oraindik. Ezta?

Kotxea hartu eta Zarautzera abiatu naiz, ondo egiten ari ote naizen zalantzan. Irratiko kantak, baina, ez dela atzera bueltarik gogorazi dit: Hit the road Jack and don’t you come back no more, no more, no more. What you say? (2)

Azken Portun kotxea laga eta kalera zuzendu naiz. Zarautzen bizi nintzenean egiten nuen bide berbera errepikatuz: Plaza Gorria zeharkatu, Santa Klarako komentu paretik Trenbidepasako Errepublika atzean utzi eta Txerrikaletik barrena Barren Plazara. Hara iritsi orduko konturatu naiz egiaz: ibilbidea da aldatu ez den gauza bakarra. Beste guztia arrotza zait. Han dabilen gazte jendeari begiratu eta ez dut ia inor ezagutzen. Tabernak ere aldatu egin direla iruditu zait, izenez eta izanez.

Iragana herrialde atzerritar bat da, idatzi zuen aspaldi nobelista ospetsu batek, eta ni -gauzak nola diren- nire herrian apur bat kanpotarra sentitu naiz, eta era berean –gauzak horrela dira– sekula baino zaharragoa. Hasperen batek ihes egin dit eta ni baino are zaharragoa den kanta harekin gogoratu naiz: People are strange when you’re a stranger, faces look ugly when you’re alone…(3)

Mobila atera dut koadrilakoei deitzeko. Estaldura gabe nago hala ere. Mekauen euskaltel-menosmovil. Mezua jarri diet: Non arraio zaudete?

Musika plazara urreratu eta Arranon sartu naiz ea han topatzen ditudan. Koadrilakoak ez baina bertso-eskolako lagun batzuk ikusi ditut barran. Bi hitz eta lau txorakeria esan orduko konturatu dira galdu samarra nabilela:

- Xabi, topolino bat?

Baietz egin diet buruarekin eskertuta, irribarrea zabalduz. Hau da jende jatorra redios. Umorea berreskuratzen hasi naiz. Are gehiago, tabernariak kanta mundial hori ipini duenean: Laino ilunak, laino ilunak ikusten, goizean goizez zeruan. Leihoak bustirik daude, hotzak hiltzen jeiki naiz. Egun berri bat daukagu hemen, orain bakarrik behar dugu itxaropena zaindu eta inoiz ez galdu…(4)

Kanta bukatu baino lehen –klink!- mezua sartu zait: Eguzkin gitxaudek!

Bertso-eskolako lagunez agurtu eta hara zuzendu naiz presaka. Erdi korrika ia. Kezka txoro bat nagusitu zait izan ere eta ezin dut burutik kendu. Koadrilakoak benetan han egongo al dira? Ez zen ba fake mezua izango? Zoratzen ari naiz edota besterik gabe mozkortzen?

- Ei! Begira zein azaldu den aspaldiko partez!

Tabernako atea zabaldu orduko kezka guztiak itxi dira. Han daude koadrilakoak, jakina. Garagardoa edaten, nola ez. Eta aulki bat gerturatu didate beraiekin mahaian esertzeko, noski.

Erronda hau nere kontu, esan diet eta barrara hurbildu naiz pozik. Garagardoak eskatu dizkiot tabernariari eta baita kanta bat ere: Euskadin rockanrolak ez du dirurik emanen, inun baino alaigoa izan da… Ta zer ez da berdin! (5)

Mahaian eseri eta –harritzekoa!- isilik egon naiz une batez. Lagunei begira. Uneaz gozatzen, egindako parrandetako anekdotak hamaikagerrenez kontatzen hasi eta parranda berriak antolatzen bukatzen dutela ikusiz. Trago bat eman diot garagardoari eta –bonus track- beste kanta hartaz gogoratu naiz: Zaharra ez da izandakoa, luzaroan dena baizik! (6)

---------------------------------------------------------------------------------------
(1) Mierda de ciudad – Kortatu

(2) Hit the road Jack – Ray Charles


(3) Tell all the people – The Doors



(4) Laino ilunak – Delirium Tremens


(5) Ta zer ez da berdin – Hertzainak


(6) BONUS TRACK – Topa dagigun – Oskorri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide