Joan den martxoaren 18an Espainiako Kongresuan behin betiko onarpena jaso ondoren, ekainaren 25etik indarrean da Eutanasiaren Legea Hego Euskal Herrian. Horren arabera, Espainiako Estatuan "gaixotasun larri eta sendaezina" edo "pairamen larri, kroniko eta ezintasun eragile bat" dutenek eska dezakete eutanasia, hiltzea, egoera horrek beren autonomian eragiten badu eta "sufrimendu fisiko edo psikiko iraunkor eta jasanezin bat" eragiten badie. Eutanasia eskubide eta osasun sistemaren barruan erabil daitekeen zerbitzu bihurtu du legeak.
"Albistea oso pozgarria izan da guretzat", dio Juanjo Uriak (Zarautz, 1965) eutanasia arautzen duen legearen onarpenaz. Guka ari da Uria, Ana Mosqueraren senarra da eta. Mosquerak alboko esklerosi amiotrofikoa du, AEA –gaztelaniazko ELA siglekin ezagunagoa–; endekapenezko gaixotasun neurologikoa da AEA, degeneratiboa, besteak beste ahultasun progresiboa eta gihar-atrofia dakartzan gaitz sendaezina. "Duela hamasei urte diagnostikatu zioten gaitza emazteari", kontatu du Uriak, Mosquerari gaitza nola hasi zitzaion eta zer zuen jakin arteko bidea bukaeratik hasita azalduz: "Garbiketa lanak egiten zituen emazteak, eta oso nekatuta etortzen zen etxera, indarrik gabe. 38 urte zituen. Pixkanaka-pixkanaka joan zen indarra galtzen, oreka galtzen... Probak egiten hasi ginen, eta ia bi urte pasatu genituen horretan. Azkenean, Martin Maso neurologoak Bilbora bidali gintuen, eta han esan ziguten diagnostikoa: Anak AEA zuela, eta bi eta bost urte arteko bizi itxaropena zeukala. Bi alaba gazterekin... 'Orain ez, orain ez', esaten zuen emazteak. Kolpe oso gogorra izan zen; niretzako ere bai, baina emaztearentzat... Aurreneko urteak oso gogorrak izan ziren berarentzat".
Bi eta bost urte arteko bizi-itxaropena zuela esan zioten Mosquerari. Hori da, izan ere, duen gaixotasunaren kasu gehien-gehienetan betetzen den epea. Baina hamasei urte joan dira Zarauzkoari AEA diagnostikatu ziotenetik. "Pozgarriena da Anaren kasuan oso mantso ari dela garatzen gaitza", dio Uriak. "Berak esaten duen bezala, egunetik egunera. Borrokatzen jarraituko duela esaten du; ez dakiela bihar nola egongo den. Orain hasi da hitz egiterakoan huts egiten. Etxea egokituta daukagu, baina ezin da bakarrik laga; autonomia oso eskasa dauka". Hala ere, "egin ahal duen guztia egin" egiten duela nabarmendu du Mosqueraren senarrak. Hasieran halakorik nahi ez bazuen ere, gurpildun aulki elektriko batekin ateratzen da kalera, lagunekin egotera edota enkargu txikiren bat egitera. Bidaiatzeari ere ez dio uko egiten Mosquerak; abuztuan egin zuen azkena, Herbehereetara, han bizi duten alaba gazteena bisitatzera, alaba zaharrenak eta lagun batek lagunduta. "Gogor egiten dio gaitzari", azaldu du Uriak. Emaztearekiko miresmena garden nabari zaio zarauztarrari: "Ez dakit zeinek eman dion indar hori, baina zera berezi bat dauka barruan emazteak. Atetik barrura edukitzen ditu arazoak, erorketak eta abarrak, baina bera da besteoi aurrera jarraitzeko indarra ematen diguna".
AEA dutenen Adela elkartearekin "oso eskertuta" dago Uria, urte hauetan guztietan "asko lagundu" dietelako, "bereziki emazteari". Baina elkartean "lagun asko ikusi ditugu hiltzen eta gehiegi sufritzen", dio Mosqueraren senarrak, eta antzeko bukaerarik ez du nahi emaztearentzat: "Badakigu zer etor daitekeen, eta Anak esaten du ez duela horrelakorik nahi. Anak ez du nahi, eta nik ere ez. Ez diot lagako sufritzen, hori oso argi daukat".
Tabua leuntzen
Hainbat elkarteren eta familiaren heriotza duinaren aldeko borroka luzearen ondoren iritsi da martxoan onartu eta ekainetik indarrean den eutanasiaren legea. Etimologikoki "heriotza ona" esan nahi du, hain zuzen ere, eutanasiak. Uriak eta Mosquerak ez dute zuzenean parte hartu eutanasiaren aldeko eskaera horretan, baina "harreman handia" dute Lorente-Tellaetxe familiarekin. 2019ko martxoan hil zen Maribel Tellaetxe, hamabi urtez alzheimerra jasan ondoren; gaitz horren gordinena iritsi aurretik adierazi zuen Tellaetxek bizitzeari utzi nahi ziola, eta haren nahia betetzeko borrokatu zuten etxekoek, baina legea berandu iritsi da Tellaetxerentzat. "Haiek oso lan gogorra egin dute, beraiek izan dira Euskal Herrian eskaera hori indartu du- tenak. Prozesua oso luzea izan da, baina azkenean lortu dugu, denon artean", dio Uriak.
DMD elkartea (Derecho a Morir Dignamente) da Espainiako estatuan eutanasia legeztatzearen aldeko borrokan nabarmen- du dena. 1984an sortu zen elkartea eta Duintasunez Hiltzeko Eskubidea (DHE) izena hartzen dute Hego Euskal Herrian dituen bi ordezkaritzek, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bat baitago, eta Nafarroan bestea. "Elkartea federala da, Espainiako estatu osoan dago zabalduta. Federala den aldetik, Nafarroak bere bidea jarraitzen du, eta guk gurea, baina biok erabiltzen dugu euskarazko izena. Praktikan, gainera, oso lotuta gaude EAEko eta Nafarroako elkarteak; formalki ez gara bat, baina oso gertukoak gara", azaldu du Mario Unamunok (Azkoitia, 1966). Duela bospasei urte egin zen DHEko bazkide Gasteizen bizi den azkoitiarra, baina askoz lehenagotik zetorkion norberaren heriotzaren gainean erabakitzeko eskubidearen inguruko kezka.
Ramon Sampedro marinel eta idazle galiziarraren kasuak piztu zion gaiarekiko interes bizia Unamunori. 25 urte zituenetik tetraplegiko zegoen Sampedro, lau gorputz adarren erabateko paralisiak jota, istripu baten ondorioz. Auzibideari ekin zion, lagundutako suizidioa baimendu ziezaioten eta hiltzeko ezinbestekoa zuen laguntza emango zioten lagunei deliturik ez egozteko eskatuz. Justiziak ez zion halakorik baimendu, baina bere asmoa bete egin zuen: 55 urterekin hil zen Sampedro, 1998an; laguntza jasota, ezinbestean. Haren kasuak oihartzun handia izan zuen; Alejandro Amenabar zuzendariak Mar adentro (2004) filmean jaso zuen, besteak beste. "Garai hartan 30 urte- tik gertu ibiliko nintzen, eta barru-barruraino sartu zitzaidan Sampedrorekin gertatu zena, nolako bidegabekeriak gerta zitezkeen ikustea. Pertsona hark ez zeukan aukerarik bere bidea egiteko, nahi zuena lortzeko. Estatuak ez zion aukerarik ematen; are gehiago, ukatu egiten zion aukera izatea. Ikaragarri injustua eta krudela iruditu zitzaidan, beste krudeltasun asko baino okerragoa, ez dakit zergatik", kontatu du azkoitiarrak. Sampedroren kasuaren inguruan zabaldu ziren albisteen bidez izan zuen DHE elkartearen berri. "Pentsatu nuen: 'Bihar bertan nahi dut jende horrekin egotea eta egiten dutenaren berri izatea'. Baina, etortzen da hurrengo eguna, eta 'biharko utziko dut'; eta biharamonean, beste horrenbeste...". Orduko "beroaldia" igarota, IrunĚean lanean ari zela berritu zitzaion Unamunori DHErekiko interesa, eta, orduan bai, elkartean sartzea erabaki zuen. "Arazo pertsonal batekin bat egin zuen denboran bazkide egiteko eman nuen pausoak, horrek ere bultzatu ninduen elkartean sartzera", gaineratu du.
Heriotza onaren aldeko hiritar mugimendua da DHE. "Heriotzaren gainean dagoen tabua hausten saiatzea izan da hasieratik elkartearen xedeetako bat", azaldu du Unamunok, "heriotzari buruz hitz egin ahal izatea; heriotzaz, oro har, eta baita norberaren heriotzaz ere, nolakoa izatea nahiko genukeen, eta abar". Elkartearen bileretan "bizipen deigarri askoren berri" izan duela aipatu du azkoitiarrak, eta bizipen horiek entzunda ondorio nagusi bat atera du: "Heriotzari buruz hitz egitea, norberaren heriotzaz eta gertukoenaz, edo oro har heriotzaz, ez da erraza, kostatu egiten da. Eta gaia argi eta garbi ateratzen denean, batzuetan atzeraka egiten dugu. Gero eta gutxiago, hori ere hala da". Unamunoren iritziz, heriotzaren inguruko tabua "oraindik indartsua" da, baina "pixkanaka leuntzen" ari da: "Gure elkartearen eta antzekoen lanaz gain, sortu dira egitasmo berriak, Death Cafe eta horrelakoak. Ikusten dugu kezka bada- goela, eta horrek ere laguntzen du tabua gainditzen. Eta uste dut, zorionez, eutanasiarena bezalako lege bat onartzeak ere laguntzen duela. Uste dut, zorionez, pixkanaka-pixkanaka gero eta errazagoa dela eta izango dela heriotzari buruz hitz egitea, eta norberak bere heriotza nolakoa izatea nahi lukeen azaltzea".
Uriak ere argi ikusten du heriotzaren gaineko tabua hor dagoela, "gure artean". Heriotza duina, eutanasia, heriotzari lotutako erabakitzeko eskubidea... Gaur egun heriotzaren gaia "pixka bat gehiago" gizarteratzen dela iruditzen zaio, "komunikabideen bitartez eta", baina gehiago sakondu beharko litzateke, bere ustez. "Denok hilko garela jakin arren, ez gara horretan pentsatzen jartzen. Nik uste dut txikitatik erakutsi beharreko zerbait dela: bizitza badagoela, baina heriotza ere badela. Umeekin hitz egiterakoan beldurra-edo sentitzen dugu, baina uste dut eskolan lantzeko gai garrantzitsua izan beharko litzatekeela". Emazteari AEA diagnostikatu eta haren bizitzari epe jakina jarri ziotenean, aurrez aurre begiratu behar izan zioten gaiari Uria-Mosquera sendian: "Orain arte, familietan heriotzaz hitz egiteko ohiturarik ez da egon. Tabu bat izan da, batetik; eta bestetik, ondo gaudenean heriotzaz gogoratu ere ez gara egiten. Guri kostatu zaigu, baina gaur egun normal hitz egiten dugu heriotzaz etxean, gaiaz hitz egitea egokitzen denean; ez da eguneroko kontu bat, baina bai".
Eskubidea, ez betebeharra
Norberaren bizitzaren amaierari buruz erabakitzeko eskubidea sustatzen du DHEk, eta eutanasia hor kokatzen dute bete-betean. Hala ere, Unamunok gogoetara bultzatzen duen zehaztapena egiten du puntu horretan: "Gure elkartean ulertzen dugu heriotza duinak izan behar duela bizitza duin baten amaiera. Europan hitz egin dezakezu horretaz, baina nola hitz egingo duzu heriotza duinaz, esaterako, Afrikako leku gehienetan? Heriotza duina eskatzen dugun neurrian, bizitza duina ere eskatzen dugu".
DHEren egitekoen artean dago aurretiazko borondateen agiriak sustatzea ere. Eutanasia Legeak dioena kontuan hartuta, tresna garrantzitsuk izan daitezke agiri horiek. Eutanasia eskatzeko, erabakia hartzeko, buru gaitasuna izan behar du eskatzaileak ezinbestean, eta legeak aurreikusten dituen muturreko osasun arazo larriak agertzen direnean, gaixoek ez dute beti gaitasun hori izaten. Aurretiazko borondateen agirian, horrelako ataka batera iritsita bakoitzak zer eta nola bukatu nahi lukeen zehaztu eta jaso daiteke; orain, legea indarrean dela, baita eutanasia eskatu ere. "Bakoitzak nahi duen bezala, baina gaitasuna daukagun bitartean, gauzak nola izatea nahi dugun zenbat eta argiago utzi, hobeto; besteak beste, baita gure ingurukoei ardura kentzeko ere, amaieran egoera zailean suertatzen baldin bagara. Guk erabaki baldin badugu, eta erabaki hori idatziz jasota badago, kendu egiten diegu ardura hori seme-alabei edo ingurukoei. Izan ere, oso gogorra izan behar du egoera zail baten aurrean zure amaren edo aitaren izenean erabakitzea", azaldu du azkoitiarrak.
Joan den udaberrian egin zituzten Ana Mosquerak eta Juanjo Uriak aurretiazko borondateen agiriak, eutanasia eskaera jasota. Uriak azaldu duenez, erantzuna ere badute esku artean: agiriak onartu dizkiete. "Lagun batek lagundu zigun agiriak zuzentzen eta hark esan zigun komenigarria zela denok egitea; ez dakigu bihar istripu bat izan al dezakegun eta nola gera gaitezkeen. Poz handia izan zen onarpenaren berri eman zigutenean. Lasaitasuna ematen du, alde batetik. Anak dio orain dagoen bezala ez duela horretan pentsatu ere egin nahi. Ahal den beranduena izanda hobeto, noski", dio zarauztarrak, bai- na aurreratu du zehatz jasoa dutela eutanasia noiz aplikatu nahi duten, lege berriak eskatzen dituen protokoloen barruan. "Berak erabakita dauka noiz bukatuko duen bere bizitza, non egongo den bere muga. Oso zaila izan da onartzea, baina onartuta dauka. Erorketa bat izaten duenean, edo baldarrago ikusten dudanean, gauza okertzen ari dela ikusten dudanean... Alferrik da ezetz esatea, neuk ere pentsatzen dut nola izango ote den. Nik ere onartuta daukat egun batean –noiz ez dakit–, ailegatuko dela momentu hori. Gogorra izango dela? Ezezkoa esango banu, gezurra litzateke. Nola izango den? Ez dakit. Emazteak esaten du gustatuko litzaiokeela etxean izatea, familiarekin agurtzea goxo-goxo, eta joatea".
Eutanasia eskubidea den heinean, Unamunok azpimarratu du "aukera bat" dela, "ez betebeharra". Azkoitiarrak argi du "heriotza duinaren afera, muinean, norbanakoen erabakitzeko eskubide bat" dela, eta "askatasun pertsonalaren eremuan" kokatzen du. "Eutanasiaren Legea onartzea zoriontzekoa da, gizarte osoa zoriontzekoa, baita eskubide horren kontra daudenak ere. Orain arte ezin zuten aukeratu, baina orain, haiek ere badute aukera hori, gainontzeko guztiok bezala. Legeak berdindu egiten ditu eutanasiaren alde zein kontra daudenak".
Bidea egiten hasi berria den legea betetzen dela "zaintzea" eta gizartean "eskubide horren gaineko informazioa zabaltzea" dira DHEko kidearentzat bere elkartearen erronka berriak.