Musika eta sentimenduak eguna eta gaua bezalakoak dira niretzat, izate bera osatzen duten bi atal osagarri. Hauxe nire aukeraketa.
1. Iñaki, zer urrun dago Kamerun abesten zuen Zarama taldeak 1991n Sexkalextrik izeneko bere 5. diskoan. Harrezkero urte asko pasa diren arren, 30, alajaina, gauza askorik ez da aldatu. Eguzkiak bere berotasuna oparitu digun udako egun bakan hauetan, hondartzan ikusi ditut batzuk, atzera eta aurrera pareo koloretsuak merke-merke saldu nahian. Besteak, berriz, terrazetan zerbait hartzen nengoela gerturatu zaizkit, eskumuturrekoak, lepokoak, giltzatakoak… saldu nahian. Euskaraz luze xamar hitz egin didanik ere egon da, urtebetean ikasi duela esanez, gogoa eta esfortzua baino ez dela behar esanez. Txapela kentzeko moduko esfortzua iruditu zait pertsona hauena.
2. Mendian gora haritza
Amurizaren hitzak Imanolen ahots sarkorrean, edo Lin Ton Taunen gaztetasunean edo zergatik ez, Motxian bertso eskolako partaide izan eta ostiral iluntzetan elkartu eta bertsotan aritu ondoren, lagun artean gogoz kantatzen genuenekoan. Benetan miresten ditut bertsolariak, mikro ipuinen bat bateko sortzaileak, hitz neurtuz, egitura konstante eta aldi berean aldakor batean entzuleen barre edo malkoak sortzeko gai diren ilusionistak. Eta zer esan abestiaz: (…) mundua ez da beti jai, inoiz tristea ere bai, baina badira mila motibo kantatzeko alai (…) Poesia bizitzari kantari!
3. Think, Aretha Franklin
Abesti hau entzun orduko koadrilaz oroitzen naiz. Irribarre zabal bat nagusitzen da nire aurpegian eta momentu horretan beste gauza garrantzitsurik egongo ez balitz bezala, gorputza mugiarazteko gogo eutsiezin bat jabetzen da nitaz. Gaztaroko gau luze haiek irudikatzen ditut, eguzkia atera arte parrandan ibiltzen ginenekoak. Musikaren aterkipean dantzatu, asteko kontuak astindu, ligatzen saiatu eta kezkak albo batera utziz, gauaz eta laguntasunaz gozatzen genuenekoa. Etorkizuna aukera berriz beteriko espazio zabal eta handi bat zen orduan. Lurralde ezezagun bat esploratzera doanaren ilusioa eta kemena ere bagenuen eta Aretha Franklinen abesti hau gure irudimenean baino existitzen ez zen mundu kitzikagarri haren soinu bandaren parte zen.
Think
Let your mind go, let yourself be free
4. Hallelujah, Leonard Cohen
Izugarri gustatzen zaizkit Cohenen abestiak. Lasaitasuna ematen didatela uste dut. Badute entzutera bultzatzen nauten zerbait, nire baitan murgildu eta etengabe mugimenduan dabiltzan ideia horien ezkutuko erreinu horretara bidaiatzeko aukera ematen didaten gaitasuna. Inguratzen nauen errealitatetik ihesbidea ere bada musika, normalean ezkutuan izaten diren pentsamendu, sentimendu, oroitzapen… horietara iristeko baliagarria den gailu polifazetikoa. Horrelako zerbait gertatu zitzaidan Irlandara egin genuen bidaia hartan. Familian joan ginen, tamalez aita, ordurako ez zinen gurekin eta hala ere, zuzeneko musikaz gozatzen ari ginen jendez lepo zegoen pub hartan, abesti honen lehen akordeekin gure artean sentitu zintugun. Magiaren txinparta indartsu piztu zen. Han zeunden, bat ginen. Gogoz kantatu genuen unearen gazi gozoan zuregatik topa eginez.
5. Euritan dantzan, Gatibu.
Bizirik nau ta holan sentitzen naiz(…) hasiera indartsua du abestiak. Bizitzeko gogoa transmititzen dit, arazoak arazo, hortzak estutu eta aurrera jarraitzeko kemena ematen dit eta ez nolanahi gainera, dantzan baizik. Musika eta dantza oso loturik daude niretzat, espresiobide dira eta gure mugimendu eta nahiak hain murrizturik dauden garai hauetan, oraindik eta beharrezkoagoak eta desiragarriagoak iruditzen zaizkit. Ez dakit noiz bueltatuko naizen kalean dantza egitera, baina, badakit, eguna iristen denean, zaparradarik handienak ere ez duela zapuztuko unearen edertasuna. Bitartean, etxean jarraituko dut musikaz gozatzen eta amesgaizto hau bukatzeko denbora gutxiago falta dela amesten.