Zarauztarren doinuak

Aratz Olaizolaren doinuak

Zarauzko Hitza 2021ko ira. 15a, 09:00

Asteazkenero, zarauztar batek hautatutako bost abesti jasoko ditugu 'Zarauztarren doinuak' atalean, eta Aratz Olaizola da aste honetako protagonista. Trikitilariak beretzat nolabaiteko esanahi berezia duten bost abesti hautatu ditu. 

1. Tik tara - Sikarioen balada

Tik Tara taldea oso kuttuna izan da betidanik niretzako. Zarautzen sortutako taldea, musika ederra, musikari bikainak eta pertsona hobeak. Egun batean beraien deia jaso nuen Sikarioen balada kantua zuzenean beraiekin jotzeko, lehendabizi Ermuan Folkez Blai jaialdian, eta handik urtebetera edo, Zarauzko azken Kilometroetan. Esan beharrik ez dago pozarren hartu nuela deia eta oso momentu bereziak (eta urduritasun handikoak kar, kar!) izan zirela biak ala biak. Beti
gordeko ditut gogoan.

2. Tapia eta Leturia band - Oihan jaia

Lurreko hizkuntzen jaia, oihanean, jan eta edanean, dantzan, nahasturik borobilean. A ze
paradixua! Kantu dotorea hain gustuko dudan Paul Simonen Graceland diskoaren ukituekin.
Plazan soinu jotzen jardundako momentuak ekartzen dizkit gogora. Pandemia hasieran oso
baikor nintzen baina ez dakit ze egoeratan geratuko den herri mailako kultura. Oihana
bakantzen ari zaigu eta lurra idortzen hainbeste eukaliptorekin.

3. Luiz Gonzaga / Gilberto Gil - Dança da moda

Luiz Gonzaga izan zen baião Brasilgo ipar ekialde txiroko musika herrikoia Brasilen zehar
zabaldu zuena 1940. hamarkadan. Fenomeno horri buruz hitz egiten du kantuak. Bere kantu
asko Gilberto Gilek ezagutarazi ditu munduan zehar. Adibide gisa, aurten, bere 79. urtebetetze
eguna ospatzeko familiarekin batera kantu hauez betetako kontzertua eskaini zuen zuzenean
Youtuben. Ondoren zuzeneko hau disko bihurtu da bere akats eta guzti, autotunerik gabe.
Naturaltasunez, Gilberto Gil den bezela. Naturaltasun berberaz suertatu zen 2014an pare bat
aldiz kantu hau jotzea urte haietan Zarautzen ibili zen Elmo brasildarrarekin. Musikari buruz
hizketan hasi eta hantxe sortu genuen uda hartako gure triki forro power trioa Azken Portu
eta Musika Plazako gerriak mugitzeko!

4. Régis Gizavo - Ilakake

Régis Gizavo madagaskarraren akordeoia jotzeko era oso berezia iruditu zait betidanik, oso
pertsonala eta sustraietatik datorrena. Ilakake 40 laguneko herrixka xume bat zen zafiroa
aurkitu zen arte 1998an. Gauetik egunera Tailandia, Sri Lanka eta Txinako meatzari ilegalez
bete zen herrixka eta populazioa hamar mila lagunetik gora igo. Haur esplotazioa, lan baldintza gogorrak eta kriminalitate maila altuari buruz ari da kantuan. Madagaskarren paradoxa ere azaltzen du Régisek izen berdineko diskoan. Madagaskargo egurrak mundu mailan musika tresnak egiteko erabiltzen diren bitartean, bertako biztanleek tresna horiek erosteko adina diru ez daukate eta bertako basoak galtzen ari dira. Zer pentsatua ematen du.

5. Wintergatan - Paradis

Kanika makinaren bideoarengatik mundu mailan oso famatu egin zen talde suediarra, baina hori izebergaren punta besterik ez da. Folka, rocka eta elektronika uztartzen dituen talde honetako kideekk xilofonoa, harpak, akordeoia, sintetizadoreak, theremina, musika kutxa, idazteko makina, modulina, eta abar luze bat jotzen dute. Gainera, musika tresnak elkarrekin trukatzen dituzte kanta erdian eta estetika oso zaindua daukate. Aurreko zerrendako tresnaren bat ez baduzue ezagutzen ez larritu, beraiek sortutakoa izan daiteke eta. DIY edo Zerorrek Egizu filosofiaren jarraitzaileak dira. Identifikatuta sentitzen naiz neurri batean nire triki edota taldeko beharretarako tresnak guk ere sortzen ditugulako. Oso aberasgarria da musikari batentzat hori.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide