1. Anariren Gu
Anariren beste asko hauta nitzakeen, baina hauxe aukeratu dut, Zebra diskoan (2005) argitaratu zuenetik gustukoenetako bat dudalako. Duela ez gehiegi, zuzenean entzun nion aspaldiko partez -pandemia aurretik eta Donostian izan zela esango nuke, baina ez nago erabat seguru-, eta urteekin ondu egin den kanta dela iruditu zitzaidan.
2. Auntxa eta Iturbideren Urrestillako festetan
Jende askok Mikel Laboaren Oroitzen zaitudanean ama kantutik ezagutuko du fandango hau, baina gure etxean -eta Urola bailarako beste askotan- aspaldi-aspaldi zen ezaguna erromeria zaleen artean. Kanta honek burura dakarkidan lehen irudia: gure ama eta bere lagunak korroan, bakoitza bere dantzakerarekin, gozatzen, geroago neu beste musika klase batekin arituko nintzen bezalaxe. Kantak dakarkidan bigarren irudia: neu ere dantzan, urte dezente geroago, musika hori maitatzea atzerakoia eta anakronikoa dela sinetsarazi nahi zidaten guztiak pikutara bidalita. Munduko herri musikak maite ditut; baita neure herrikoa ere. Kanta honek, zehazki, izugarrizko bizipoza ematen dit.
3. Wemean taldearen Goddam my eyes
Silvia Ammirato (kantaria), Jenny Billeter (baxua), Patrizia Leone (gitarra) eta Sabina Leone (bateria) Andoaingo gaztetxe zaharrean ikusi nituen, zuzenean. Zuricheko laukotearen musika ez nuen ezagutzen batere, eta astindu elektriko baten modukoa izan zen kontzertu hura. Lau emakume indartsu oholtza gainean ikustea, ondo pasatzen eta behean ginenoi ondo pasarazten, ez zen ohikoa -oraindik ere ez da ohikoa, baina ohikoagoa bai-. Beren lehen (eta azken) diskoa argitaratu zuten urte berean izan zen, 1996an. Disko hura The Label eta Gora Herriak zigiluek argitaratu zuten. Handik urtebetera desegin zen taldea, zoritxarrez.
4. Gabino Palomaresen Maldición de Malinche
Kantu hau ez nuen disko edo irrati bidez ezagutu, baserria lantoki duten lagun batzuen sukaldean baizik, afalosteko kantu saio luze batean. Ordutik, entzuten dudan guztietan jartzen zait oilo ipurdia. Amparo Ochoaren eta Gabino Palomaresen ahotsean, bereziki. Baserritik kalera bizitzera eta lanera jaitsitako gurasoen alaba, emakume eta euskaldun gisa, kantu horrek baditu ertz asko, kateatzen nautenak: konkista sari gisa esklabotzan eman zuten Malincheren istorioa -Malintzin omen zuen benetako izena; Hernan Cortesen semeaz erditu zen-; XXI. mendean ere aurpegi gozoz azaldu ohi zaizkigun kolonizazioa eta arpilaketa; norbere herrian arrotz gisa tratatua izatea; autogorroto kolektiboa...
5. Gingerren Ixo
Sorpresa ederra hartu nuen kanta hau lehen aldiz entzun nuenean. Andrea Lopetegi (baxua), Jone Azkoaga (gitarra), Nerea Altxu (ahotsa, gitarra) eta Gorka Larrañagak (bateria) osatu duten laukotearen abesti berrien zain nago. Mor More eta Pottors ta Klito taldeetatik ezagutzen ditut euretako batzuk, eta ea ezagutzen dizkiogun laster pieza gehiago.