1. AC/DC-It’s a Long Way to the Top (If You Wanna Rock ‘n’ Roll)
Ondo gogoratzen dut abesti hau entzun nuen lehen aldia. Iluntze bat zen, amonaren etxean
bazkaltzetik gentozen (Zarautzera) aitaren Xantia beltzean. Berak, irakurgailuan sartu berri
zuen diskoaren lehen abestiak atentzioa deitu zidala antzematearen ondorioz, Bon Scottek
zioena itzultzeko erronka bota zidan. 9 urte eskas izango nituen orduan.
Esaera txinatar bat bada, tximeletaren hego astintze soil batek, hortik epe batera ekar
dezakeenaz hitz egiten duena. Nik uste, abesti hau izango litzatekeela orain inguratzen nauen
zikloiaren erruduna.
Handik urte batzuetara, kuadrillakoak Zarauzko eskubaloiko taldean aritzera animatu ginen. Infantil mailako denboraldiaurreko entrenamenduak izan ziren hauek, Lizardiko lehengo harrizko jolastokian. Abuztuko uda eguzkitsuetako beroa nahikoa ez bazen entrenatzeko, horietako bakoitzera AC/DC-ren Higway To Hell eta Iron Maiden taldeen kamiseta beltzez jantzita zetorren A.M. ezagutu nuen. Lagun horri esker ezagutu nituen nerabezaroko lehen taldeak, eta horren ostean, urte batzuetara, animatu ninduen kitarra hartzera.
P.D.: Ondorengo abestiak, oso gogokoak izateaz gain, instrumentu hau hartu nuenetik norabide aldaketa esanguratsuenetariko bat suposatu zidaten irizpidea jarraituta aukeratuak izan dira.
2. Mark Knopfler-Haul Away
Nor maite duzu gehiago: Ama edo aita? Ba niri ezinezkoa egiten zait Mark Knopflerren edo Dire Straits taldearen abesti soil bat aukeratzea: Speedway at Nazareth, Kingdom of Gold, Tunnel of Love, Planet of New Orleans… Adibideetan ohikoagoak diren beste hit batzuk izenda nitzakeen, noski baietz! Eta izugarri atsegin ditut. Baina beregandik ikasi ditudan hainbat gauzen artean zerbait aipatzekotan, disko osoak goitik behera entzuteak duen garrantziaz ohartarazi ninduela azpimarratuko nuke.
Beti daude disko on baten atzean, hor nonbait ezkutatuta, abestitzar lotsatiagoak, hedabideek edo inguruak modu zuzenean eskura jartzen ez dizkigutenak. Horrelako deskubrimentu txikiek
alaitzen dizute eguna. Abesti hau aukeratzearen arrazoia, berriz, diskoari diodan mimo berezia da. Argitaralpenaren aurresalmentan bi ale erosi nituen, bat niretzat eta bestea nire lagun batentzat, bere 16. urtebetetze opari bezala. Aukeratu dudan abesti hau gotti-betti-a egitean atzitu ninduen lehen abestia izan zen.
Gitarra ondoan etapa ezberdinak igaro ditudanetik (musikalak nahiz pertsonalak), han- hemenka izan ditut gogoko / influentzia gisa hainbat musikari, baina Mark Knopfler beti irmo
ondoan daramadan musikaria izan dut.
3. Zaldibobo-Ragga
Zerrenda honetan aipatuko dudan euskal talde bakarra. Barka beza, Niko Etxart. Hainbat euskal talde ditut gogoko, oso aukera interesgarriak eta maila izugarria (izan) dugu Euskal Herrian. Dena dela, Joseba Tapia, Mixel Ducau, Mikel Artieda, Beñat Amorena eta Frederic Gallardet bostekoak (eta Leturiaren pintzeladek) osatu zuen Basajaun albuma kutunenetako bat dut. Marko barruan dut biniloa nire gelako horman.
Oholtzara igo nintzenetik (duela bederatzi urte), sei bat erromeria edo antzeko taldeetan ibilia izan naiz, eta izugarria izan da zenbat ikasi eta deskubritu dudan horrelako formatuetan. Kasu honetan, Zarauzko Fan&GO taldean deskubritu nuen Zaldibobo, A.O.ri esker. Musikari hasi-berririk bada lerro hauek irakurtzen eta atrebentzia handia ez balitz: gutxienez uda batez horrelako talde batean jotzera animatuko zintuzket, dudarik gabe. Tamalez, dagoeneko normalizatzen hasiak garen garai surrealista hauetan, kultura sektorean gehien sufritzen ari diren taldeetakoak dira. Nire animo guztiak!
Zaldiboboren errepertoriotik Kolore kolore abestia soilik ezagutzen duten horiek diskotzar honi gotti-betti bat egitera gonbidatzen zaituztet.
4. Chris Isaak – Blue Hotel
Aurreko abestiaren iruzkinean esan bezala, formatu horietako 6 taldetan ibili naiz, 25 talde inguru eta 500 kontzertu pasatxo guztira 9 urtean, eta horietako bakoitzak modu batean ala bestean eragina izan du nigan. Dena den, bada niretzat talde bat bereziki inflexio puntu garrantzitsua suposatu zidana musikaren eta nire instrumentuaren ikuspegiari dagokionez. Honek guztiak guztiak asko hazi ninduen musikalki, denbora gutxian: Donostiako Lauroba taldea, eta bertako taldekide nuen I.L. Chris Isaakez gain, Los Secretos, Quique Gonzalez, M-Clan, Ariel Rot, Stereophonics… eta beste hainbat eta hainbat talde ezagutu nituen hari esker.
Bera ere ni bezala, Mark Knopfler-zale porrokatua!
Pixkana-pixkana bere lanak euskal eszenan ageriagoak izaten ari diren arren, gutxietsia izan den musikaria dela esatera ausartuko nintzateke, eta zerrenda honetan sartu dudan berak erakutsitako abesti hau eskaintzen diot.
5. Mandolin Orange – Missouri Borderland
Azken urteotan izan dudan musika aurkikuntza hoberenetariko bat. Badira hiru bat urte, kitarraz gain, beste instrumentu batzuk ikasteari ekin niola: Weissenborna hasteko, Lap steel-a eta Dobroa atzetik, eta Mandolina azkenik (oraingoz). Bitxikeria bezala, guzti horiek ez dute partekatzen ez gitarrarekin ez elkarrekin zerikusirik duten afinaziorik. Hori ez litzateke posible izango orain gertuko lagunak ditudan lau pertsona hauek ez banindute country, bluegrass eta folk amerikarrean murgildu izango: U.A. (Sorotan Bele, Howdy), G.A. (Howdy), G.B. (La Guardia, Ismael Serrano) eta P.L. (Enrique Urquijo y los Problemas, Viagrass). Izan dute
zeresanik ere Sausalito tabernako T.C.-k eta duela urte gutxi itxi zen herriko azken disko dendako (Kresala) mostradoreko I.A.-k.
Musika berri asko deskubritu dut horiei guztiei esker, eta asko gidatu naute instrumentu berri
horietan, exotikoak izatearren ez baitago informazio askorik hemen inguruan. Abesti hau
gustatuz gero, ez galdu Live at Fraser zuzenekoa (Youtuben).