Bizimoduaren parte da arrauna garmendiatarrentzat. Zarautz Arraun Elkartearen egoitza, berriz, beren bigarren etxea. Tamaina guztietako ontzi urdinak atzean dituztela jesarri dira elkarri begira hirurak, eta hasi dira hizketan arraunarekin duten harremanaz. Hirurei begiratuta ezagun da bakoitza zein belaunalditakoa den, baina sasoi betean dira hirurak ere; hala ez balitz, ez lirateke KAE 2 mailako traineruan aterako. Hirurek batera estropadarik jokatu ez badute ere, traineru berean ibili dira denboraldi honetan, Eneko arraunean, eta Gaizka eta Jesus Mari patroi.
Oriotarra izaki, herritik jaso du arraunzaletasuna Jesus Mari Garmendia Xarpas-ek –aita Gaizkarentzat, aitona Enekorentzat–. Zarautz Arraun Elkartea sortu zenean, 1983an, bertan bizi zen Xarpas, eta bera ere deitu zuten elkartea sortzeko egin zen deialdira, "mundu horretan"
ibiltzen zenez, "aholkua" eman zezan. Patroi ibili da betidanik, eta bilobarekin arraun egitea beretzat gauza handia den arren, familiako kide gehiagoren lemazain ere ibilia da; hala nola
anaiekin, semearekin edota alabarekin. Batzuetan lotuago eta besteetan lasaiago, beti mugitu izan da arraunaren bueltan, eta "azpiko lan" asko egindakoa da. "Jendeak ez du ikusten, baina
hor beste mundu bat dago; jende asko dago azpiko lan garrantzitsua egiten duena", dio.
"Lagunarteko giroa
dago eta ni ere onartu
naute taldean, aitona
bat izan arren".
Jesus Mari Garmendia ‘Xarpas’
Izan ere, kirolari gazteez aparte, isileko lana egingo duen jende ugari behar izaten da arraun elkartea aurrera ateratzeko. Ondo daki hori Xarpasen seme eta Enekoren aita den Gaizkak. Hari familiatik datorkio arraunzaletasuna. Gogoan du, esaterako, nola Oribarzarko hondartzara joaten zen umetan familiarekin erriotik, orduko bidea oso txarra zelako. Zarautzen hasi zen arraunean, eta tartean zenbait urtez beste elkarte batzuetan ibili bazen ere, 2009an herrira itzuli zen. "Ikasitakoa herrian erakusteko, laguntzeko eta bultzatzeko" asmoarekin hasi zen berriro ZAEn, eta bere asmoa hasiera batean bizpahiru urtean jardun eta erreleboa ematea bazen ere, hamabi urte geroago, Enbata ontziaren patroi izaten jarraitzen du, Aitzol Garro gaztearekin batera. "Azkenean, gurea bezalako elkarte batean mila arlotako beharrak daude, eta oraindik saltsan sartuta jarraitzen dugu", azaldu du.
«Karanbola»
Hitz egin baino entzun gehiago egin du solasaldian Enekok –Xarpasentzat biloba, Gaizkarentzat semea–. Hiruretan bera da arraunean ibilbiderik laburrena duena, baina gustura aditzen ditu aitonaren eta aitaren pasarte eta istorioak. Etxetik jaso du hark ere arraunzaletasuna; aitonaz eta aitaz aparte, izeba ere saltsan ibilitakoa da, beraz, gazteagotan beste kirol batzuk ere probatu arren, segituan moldatu zen tostartera. Aurten egin du lehen urtea seniorretan eta uda honetan aritu da lehen aldiz traineru estropadetan, KAE2 mailan. Elantxoben (Bizkaia) jokatu zuen lehena. "Oso urduri nengoen, baina aita hor edukitzeak lasaitu egin ninduen. Aitonarekin ere berdin. Mutrikun jokatu genuen batera, eta lasaitasuna
ematen zidan bera hor edukitzeak", azaldu du gazteak.
"Ez dut uste arraun
munduan
horrelakorik inoiz
gertatu denik". Gaizka Garmendia
Ustekabekoa izan da aurtengo jarduna Xarpasentzat: "Laguntzen-eta ibiltzen naiz, baina esan zidatenean ea patroi ariko nintzen, ustekabean harrapatu ninduen". Entrenamendu falta nabaritu bazuen ere, "ilusioa eta ohorea" izan zen estropada hura beretzat, eta eroso sentitu zen B ontziaren taldean. "Etorkizuna hor dago, gazteak hor daude, eta nabaritzen dut giro oso ona daukatela beraien artean. Lagunarteko giroa dago, eta ni ere onartua izan naiz, nahiz eta ni aitona bat izan".
«Aita eta aitona hor
edukitzeak
lasaitasuna eman dit
estropadetan». Eneko Garmendia
Gaizkak, berriz, aurreikusten zuen une hura noizbait helduko zela. Arraunean jarraitu nahi zuen "gutxienez berarekin [semearekin] jokatu arte". Bigarren traineruko patroi postua betetzeko nahikoa lan izan dute aurten, eta ez da "egoerarik aproposena" izan, baina Gaizkak uste du "ona" dela gazteentzat, bai Enekorentzat, bai besteentzat, "esperientziadun bi patroi" edukitzea. Dena den, "karanbola" izan da aitonak eta bilobak elkarrekin jokatzea. "Ez dut uste arraun munduan horrelakorik inoiz gertatu denik", dio Gaizkak.
Elkartea sasoian
Ofizio tradizionalen oinordeko diren kirol gehientsuenek bezala, kutsu herrikoia du oso arraunak. Zarautzen, ordea, arrantzarako tradizioa aspaldi apaldu zen moduan, arraunzaletasunak ere ez du inguruko herrietan besteko giharrik izan. "Ikusten
ez dena ez da bizitzen. Orion bizi egiten da, errekan mugimendua dago. Zumaian, Pasaian eta Hondarribian ere bai. Zoritxarrez, Zarautzek ezin du hori egin. Aldea hor dago", adierazi du
Xarpasek.
Eneko jubenila zela igo zen Enbata TKEra, eta hor nabaritu zuen aldaketa: "Gorakada izan zuen Zarautzen arraunak. Gazte batzuk etorri zitzaizkigun, eta A ontzian eta B ontzian arraunlari berri asko ikusi genituen".
Igoera hura hauspo itzela izan zen Zarautz Arraun Elkartearentzat. "Gu pasatu gara traineru bat eta 50 fitxa edukitzetik, hiru traineru eta 120 fitxa inguru edukitzera", dio Gaizkak. Elkartearen boladak "ziklikoak" direla ongi dakiten moduan, badakite garrantzitsua dena "trainerua uretan egotea" dela, eta hori posible da garmendiatarren moduko katebegien lanari esker.