Uda bete-betean izan arren, bigarren urtez segidan ezohiko egoera izango da hilabeteotan mundu osoan zehar, eta koronabirusak eragindako izurriak oraindik ere ekonomia bortizki kolpatzen jarraitzen du. 2020ko martxotik okerrera gehien egin duen sektoreetako bat izan da turismorena, eta gaur egun alarma egoerarik ez dagoen arren, eta turisten joan-etorriak baimenduta egonagatik, pandemiaren eragina jasaten jarraitzen dute sektore horretako eragileek eta langileek.
Eskualdeko landetxeetan eta ostatuetan, esaterako, oraindik ere igartzen dute ezegonkortasuna.
Talai Mendi kanpina
Zarauzko Talai Mendi kanpinean, momentuz, gustura daude uda denboraldiarekin, “ondo” ari direlako lan egiten. “Batez ere, iazko urtea daukagulako erreferentzia gisa hartzeko freskoen, eta hori hobetzea erraza da”, azaldu du kanpineko arduradun Haimar Arozenak. Uda hasi aurretik ezjakintasuna zen nagusi, eta ez zekiten zer espero. Arozenaren arabera, lehen asteetan Euskal Herriko jendea izan zuten kanpinean gehienbat, “beste urteetan baino gehiago”. Orain, uztailak aurrera egin ahala, “normalean” eduki ohi duten jatorri aniztasuna dute berriro ere. Hala, Euskal Herriko jendeaz gain, katalan asko daude Talai Mendin: “Horiek gero eta gehiago etortzen dira”. Urrutiagoko bisitariak ere badira Zarautzen, ordea; ohikoenak Belgikakoak, Herbeheretakoak eta Alemaniakoak dira, eta kopuru aldetik, “orain artekoen antzeko portzentaia” dela nabarmendu du Arozenak.
Pandemiak eragindako joera aldaketak nabaritu dituzte, beraz, Talai Mendi kanpinean, baina izurriak, antza denez, ez du eraginik izan surfaren gorakadan. “Etortzen diren gazteak, ia-ia gehienak, surfera etortzen dira. Gainera, adinari dagokionez, gero eta abaniko zabalagoa hartzen ari da kirola”. Bidaiatzeko moduan ere ari dira aldaketak nabaritzen: “Lehen kanpin denda gehiago zeuden, orain furgonetetan eta karabanetan etortzen da jendea, igoera oso nabaria izan da”.
Datozen hilabeteei begira jarrita, aurreikuspenak egitea “zaila” egiten zaiela azaldu du Talai Mendi kanpineko arduradunak. “Gauden bezala jarraitzearekin nahikoa da guretzat, kontuek okerrera bakarrik egiten dutelako azkenaldian”. Izan ere, astez aste kanpinaren barruko araudian egokitzapenak egin behar izaten dituzte. Uztailaren 22an Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egindako prentsaurrekoaren ondoren, esaterako, maskararen erabilera derrigortu egin behar izan dute aire libreko gune batzuetan. “Jende asko gurutzatzen den lekuetan maskara derrigor eraman behar da orain”, jakitera eman du. Dena den, arau berri horiek bisitariei betearaztea “oso lan nekeza” bihurtzen ari da Arozenarentzat. “Jatorri askotako jendea daukagu kanpinean, eta bakoitzak COVID-19ari buruzko bere pelikula egina ekartzen du bere herrialdetik. Imajinatu, hemen hiru aste daramatzan pertsona batek hiru ordutegi desberdin ezagutzen ditu. Hemengoa baldin bada ulertzen du, hemengo prentsa irakurtzen duelako, baina alemaniar bati edo belgikar bati horrelakoak ulertaraztea kostatu egiten da”.
Abaraxka aterpetxea
Azkoitiko Abaraxka aterpetxean ohikoena abuztuan lekurik ez egotea izan ohi da, baina aurten, oso bestelako egoera bizi dutela azaldu du Urrategi Alberdi Abaraxkako arduradunak: “Abuzturako poliki-poliki ari dira erreserbak sartzen, baina oraindik ere leku dezente dugu soberan. Orain arte abuztuan bete egiten zen aterpetxea; iazko urtea eta aurtengoa dira salbuespena”. Uztailean zehar, berriz, Madrilgo talde bat izan dute lehen hamabostaldiko bi asteburuetan, eta orain, Gipuzkoako Foru Aldundiko udalekuetako umeak daude. “COVID-19a dela-eta aterpetxeko espazioa zabaldu behar izan dugu”, azaldu du azpeitiarrak.
Alberdik dio “kuriosoa” dela bisitariak aurten iaz baino egonaldi luzeagoa egiten ari direla: “Hori nabarmenduko nuke. Lehen, pasaeran zen jende asko etortzen zen, eta egun bat edo bi igarotzen zituzten Abaraxkan. Orain, ordea, egun gehiagorako etortzen dira”.
Alberdik dio bailarako kostaldean ostatu hartzea “oso garestia” dela, eta jende askok, horregatik, inguruko herrietako ostatuetara jotzen duela: “Jendeak gugana jotzen du kostako ostatuak beteta daudelako edo garestiak direlako, eta gero konturatzen dira oso aukera ona dela hemen ostatu hartzea ere”.
Mundu osoko bisitariak hartzen dituzte Azkoitiko aterpetxean: “Gehienak Madrildik edo Bartzelonatik etortzen dira, baina alemaniarrak nahiz frantziarrak ere heltzen zaizkigu. Dena den, azkenaldian Espainiako Estatuko jendea bertaratzen da gehienbat”.
Beraien espezialitatea “taldeak” direla dio Alberdik, eta irailetik aurrera horien erreserbak jasoko dituztela espero du: “Kirol lehiaketetara etortzen direnentzat, aisialdi taldeentzat edo ikastetxeetako taldeentzat aterpetxe egokia da Abaraxka. Espero dugu ikasturte berrian halako talde gehiago etortzea aterpetxera”. Horrez gain, Abaraxkak Bikefriendly ziurtagiria duela nabarmendu du, eta horientzat ere ostatu egokia dela.
Kontuak kontu, iaz baino hobeto daudela azpimarratu du Alberdik: “Joan zen urteko uda desastre hutsa izan zen, eta aurtengo abuztua iazkoa baino hobea izango dela ematen du”.
Txanpardin landetxea
Azpeitian, Izarraitz auzoan dagoen Txanpardin landetxean, duela bi urte baino jende gutxiago jasoko dute uda honetan. “Abuztuan beteta daukagu landetxea, baina ez dakit egonaldiak bertan behera uztearekin zer gertatuko den. Gaur egungo egoerak bultzatuta, bisitariek erreserbak bertan behera utz ditzaketela jakiteak ziurgabetasuna eragiten dit”, azaldu du Pili Ezenarro Txanpardin landetxeko arduradunak. Azpeitiarraren arabera, saninaziorik ez izateak ere asko eragin die: “Festek jende mordo bat ekartzen dute herrira; zezenketek, esaterako, frantses asko erakartzen dituzte, eta Donostiatik ere etortzen da jendea. Aurten ere jairik ez izatea asko igarriko dugu”.
Bisitarien profilaz galdetuta, atzerritarrak ere jasotzen ari direla nabarmendu du Ezenarrok: “Suitzako bisitariak izan ditut, baita irlandarrak eta alemaniarrak ere”. Urtean zehar, ordea, Txanpardinen gehienbat langileak ibiltzen direla dio azpeitiarrak: “Urte osoan egiten dut lan, eta astean zehar nekazaletxeko apartamentua langileek alokatzen dute gehienbat; asteburuetan, berriz, turistak izan ohi dira. Halere, urtean zehar ez da jende asko ibiltzen, eta abuztuan soilik beteta izanda ezin dut negozioa aurrera atera”, adierazi du Ezenarrok.
Bigarren urtez jarraian, izurritearen egoera nabarmena dela dio Ezenarrok: “Jendea sanferminak igaro ostean erreserbak egiten hasten da, baina iaz eta aurten ez da halakorik gertatu. Bestalde, Aste Santuan bi gela soberan izan nituen, eta horrek esan nahi du Donostian leku nahikoa izango zutela turistek. Grazia ematen dit landetxetakoei zer moduz dauden galdetu eta denek ‘ondo’ erantzuten dutenean. Nik zenbakiei begiratzen diet, eta azken bi urteak inoizko txarrenak izan dira”.
Etxeberri ostatua
Errezilgo Borondegi tabernaren aldamenean dago Etxeberri ostatua, eta Ana Agirre da bertako kudeatzailea. Uztaila “erdizka” doala azaldu du errezildarrak, baina ostatua abuzturako “nahiko beteta” dutela. Dena den, Agirrek aitortu du aurtengo urtea ez dela ari ohiko uda izaten, eta igartzen dutela izurritearen eragina: “Aurreko urtearekin alderatuta, lan gehiago ari gara egiten aurten; halere, ohi baino jende gutxiago ari da erreserbak egiten”.
Aurten jasotzen ari diren eta abuztuan etorriko diren bisitari gehienak euskal herritarrak direla jakinarazi du Agirrek: “Arabatik, Bizkaitik eta Nafarroatik datoz eta etorriko dira bisitari gehienak, eta madrildar eta katalan batzuk ere izango ditut”. Erreserba gehienak familiek egiten dituztela ere azaldu du errezildarrak: “Lehen gelazka alokatzen genuen, baina orain etxe osoa alokatzeko aukera soilik jarri dugu. Denera, lau gela ditugu zortzi pertsonarentzako, eta ohe gehigarri batzuk ere ezar daitezke”.
Agirrek dio gazteen “eskari handia” izan dutela aurten: “Parrandarako alokatzeko eskari handia izan dugu landetxean, baina goiko eta beheko pisuan jendea bizi da, eta ezin izan dut halako eskaririk onartu. Landetxea ez dugu horrelakoetarako prestatuta”.
Bisitariek, oro har, Etxeberrin bizpahiru egun igarotzen dituztela azaldu du hark, eta gehienak lekuak bisitatzen herritik kanpo ibiltzen direla esan du: “Turistak, normalean, ez dira herrian bertan gelditzen. Nik esaten diet Herniora-eta ibilaldi politak ditugula, baina…”. Hemendik aurrera zer gertatuko den galdetuta, zalantza du Agirrek: “Ikusi egin beharko da, baina uztaila eta abuztua normalean aurtengoen modukoak izaten dira guretzat. Beraz, alde horretatik ez dugu aldaketa handirik igarri”.
Villa Antilla hotela
Orioko hondartzatik metro gutxira dagoen Villa Antilla hotelean “gaizki” ari dira lanean. Uztaileko lehen hamabostaldian %40 izan dute okupazioa (izurriaren aurretik, garai berean %100 izaten zuten). Harrerako langileak adierazi duenez, iaz hobeto egin zuten lan, denbora tarte horretako okupazioa %34 izan baitzuten.
Asteburuetan, eguraldi iragarpena ona bada, mugimendu gehiago izaten dute logeletan, baina astegunetan, “oso gutxi”. Osasun krisia dela eta, “atzerritarrak” falta zaizkie nagusiki. Hartzen ari diren bisitari gehienak Nafarroakoak edo Espainiako Estatukoak dira, Errioxa edo Zaragoza aldekoak, batik bat.
Abuzturako dituzten aurreikuspenak ez dira hobeak, eta momentu honetan, datorren hilerako erreserbak %20an dituzte. Lehen hamabostaldian jende gehiago izatea espero dute bigarrengoan baino.
Agintariek ematen dituzten mezuak “nahasgarriak” direla iritzita, aurtengo uda “ziurgabetasunarekin” ari dira bizitzen Orioko Villa Antilla hotelean , eta aurreikuspenak egitea oso zaila dela adierazi dute.
Orioko kanpina
Orioko Kanpinean “ondo” egin dute lan uztaileko aurreneko asteetan, Jone Olaskoaga Orioko Kanpinaren zuzendariaren arabera. Osasun neurriak tarteko, kanpinaren edukiera %78ra dute murriztuta partzeletan, eta bungalowetan, berriz, %88ra. Hala, uztailean beteta egon dira ia egunero.
Datozen asteetan martxa berarekin jarraitzea espero dute. “Kanpinean giro lasaia da nagusi. Bisitariek maskararik gabe ibiltzeko aukera dute hemen, aire zabalean daudelako, eta gustura ikusten ditugu”, eman du jakitera zuzendariak. Haren hitzetan, Orioko kanpina beteta egotearen arrazoiak asko dira; besteak beste, hondartzatik gertu duen kokalekua, inguruko zerbitzuen osotasuna eta kanpinak duen igerilekua.
Olaskoagaren aburuz, aurten kanpinak hotelak edo landetxeak baino jende gehiago ari dira hartzen, eta hori osasun egoeraren ondorioz ematen ari den fenomenoa da: “Aurreikusten zen aurtengo udako izarrak kanpinak izango zirela. Jendeak aire zabalean ahalik eta denbora gehien egon nahi du”.
Hala ere, baliogabetze eta dei asko ari dira izaten kanpinean ere, eta horren ondorioz, bulegoko lana hirukoiztu egin zaie: “Izurriaren aurreko fakturazio bera izatera ailegatzeko askoz ere lan gehiago egin behar da orain”. Pandemia garaian Euskal Herriko jende asko ari dira hartzen, eta hori kontuan hartzeko datua iruditzen zaio aurrera begira: “Ziurtasuna ematen digu, osasun krisiak hobera egiten ez badu ere, bertakoekin lana ondo egiteko aukera dugula ikusi baitugu”.
Pagoederraga landetxea
Aiako Pagoederraga landetxea “beteta” izan dute uztaileko asteburuetan, baina astegunetan “harrokeriarik gabe” jardun dute lanean. Hala azaldu du Pilar Oliden landetxeko arduradunak: “Beldurrez dago jendea. Atzerritarrak falta ditugu, Europako herrialdeetakoak, baita katalanak ere”.
Urte eta erdiz itxita izan dute landetxea, eta ateak ireki dituzte uda honetan, lanerako iaz baino baldintza hobeak izan zitzaketela sinetsita. Ez hala izan, ordea, eta “makilkada bat” jaso dutela aitortu du Olidenek. Abuztura begira ia dena hartuta duten arren, Oliden ez da fidatzen. Bisitariek erreserbak baliogabetuko ote dituzten beldur da.
Pena handi bat du landetxeko arduradunak: bisitariei ezin die lehengo ongi etorririk egin. “Bezeroengandik gertu egotea gustatu izan zait beti, eta askori besarkadak emandakoa naiz. Lehen, gosariak nik zerbitzatzen nituen, baina orain galarazita dago. Goizean goiz egiten ditut bizkotxoak eta halakoak, eta han uzten ditut, bisitariek esnatutakoan hartu ditzaten. Hotzagoa bihurtu da dena, baina oraingoz, hauxe da dagoena”.