COVID-19aren txertoen eragina, oro har, saio klinikoetatik esperotakoa baino are handiagoa izaten ari da. Txertaketa aurreratuen dagoen herrialdeetan ikusten ari denez, populazioaren talde zaurgarrienak txertatzeak ondorio zuzenak ditu hilkortasunean eta ospitaleratzeetan, eta birusaren transmisioa eteteko gai ere badira, neurri batean. Arrakasta hain da nabarmena, txertoei uko egiten zieten pertsonen ehunekoa jaitsi egin baita herrialde askotan, baita aurkakotasuna handia zen horietan ere.
Horiek horrela, paradoxikoa da, Hego Euskal Herrian, non, berez, txertoen aldeko jarrera nagusia den, talde jakin batzuk orain zalantzaz beteta egotea. Hori lortu dute, ordea, agintariek, Astrazenecaren lehen txertoa hartuta duten langile-taldeetan.
Izan ere, ezohiko gertakari tronbotiko batzuk izan zirela jakin zutenean, txertaketa eten egin zuten, albo-ondorio arraro horiek hobeto ikertzeko. Horrelakoren bat gertatzeko arriskua benetan txikia zela frogatu zuen Europako Sendagaien Agentziak (ehun milatik batek baino gutxiago). Txertoaren erabilera-orrian zehaztu zuen, eta txertaketarekin jarraitzea aholkatu, txertoaren onurak askoz ere handiagoak zirelako arriskuak baino.
Europako gobernu askok, hala ere, txertaketa-irizpideak aldatu zituzten, eta, Espainiak talde horiek bigarren dosiaren zain utzi zituen. Astrazenecaren lehen dosia hartuta, bigarrena Pfizerrena izateak zer ondorio dituen jakin nahi zuen. Saio klinikoen behin-behineko emaitzak onak izan direla arrazoituta, Pfizer ematea erabaki du. Erabaki hori EMAren gomendioaren aurka doa. Gainera, saio klinikoek ez ezik Erresuma Batuan eta beste leku batzuetan izandako esperientziak frogatzen du, lehen dosiak kalte egin ez bazuen, bigarrenak ere ez duela egiten. Eta hori da erabilera-orrian jasota dagoena.