Bigarren ziaboga baliatu dute

Amaia Urbieta Arruti-Mireia Galarza Bastida-Gorka Eizagirre 2021ko mai. 20a, 09:00

ETE ligan aterako du trainerua Lapurdi elkarteak, eta bertan ariko dira arraunean bost zarauztar eta azpeitiar bat, beren elkarteetatik utzita. 

Probatzera animatu, eta astean bost aldiz Pasaiako badiako uretan gustura entrenatzen amaitu dute bost arraunlari zarauztarrek. Nork esan behar zien halakorik, Zarautz Arraun Elkarteak emakumeen trainerua ateratzeko egindako deialdiari erantzun ziotenean? Ez zuketen sekula pentsatuko Xibero traineruan ariko zirenik 2021eko udan. 

Arrakasta handiegiak batzuetan bere albo-kalteak izan ohi ditu, eta halako zerbait gertatu zen emakumezko trainerua ateratzeko saiakerarekin. ZAEren deialdira 30 arraunlari aurkeztu ziren; aukeren artean bi traineru ateratzea izan zuten une batez, baina azkenean bakarra ateratzea erabaki zuten, eta hainbat arraunlari trainerutik kanpo geratu ziren. Kasu honetan, ordea, albo-kalteek bilakaera positiboa izan dute. Trainerutik kanpo geratutakoak arraunean trebatzen jarraitzeko xedearekin, Andoni Ostolaza ZAEko kide ohiak hartu zuen haiek entrenatzeko ardura, eta horretan zihardutela, Lapurdiko traineruaren deia jaso zuten. Arraunlari beharrean zebiltzan udako denboraldian trainerua atera ahal izateko. Aukera baliatu zuten zarauztarrek, eta lapurtarrekin batera taldea osatzera animatu ziren bertako bost arraunlari –Leire Arrojeria, Amaia Manterola, Dorleta Ugalde, Leire Etxaniz eta Paula Amutxastegi– eta Ostolaza entrenatzailea. Manterola arraunlaria izan zen, hain zuzen, ZAEko emakumezkoen traineruaren sustatzaileetako bat, eta hark dio «oso gustura» ari direla Lapurdikoekin entrenatzen.

Lauzpabost aste daramate batera entrenatzen. Lapurtarrez eta zarauztarrez gain, badira hernaniarrak eta donostiar eta azpeitiar bana taldean. Trintxerpen (Gipuzkoa) uretaratzen dira, eta Pasaiako badian zehar nahiz handik itsasora irtenda egiten dute arraun, Asier Okon eta Ostolaza entrenatzaileak segika dituztela, jarraibideak ematen. 

Joana Halsouet Lapurdiko arraunlariak hainbat urte daramatza arraunean, eta azaldu du «kopuru aldetik larri» ibiltzen direla urtero. «Aurten bereziki, arraunlari dezentek utzi zutelako aurreko urtean. Zarauzkoak iritsi aurretik ez genekien ea trainerua aterako genuen udan». Osatu dute eskifaia zarauztarrei esker eta, gainera, Halsouetek baieztatu du «oso motibatuta eta gogo handiz» sumatzen dituela ZAEkoak. 

Hori baieztatu du Leire Arrojeria arraunlariak ere. Bera probatzeko helburuarekin hasi zen arraunean; gustatu egin zitzaion, eta orain traineru denboraldiari begira dago, «ilusionatuta eta gogo handiarekin», bere hitzetan. Izan ere, ETE ligan, emakumezkoen bigarren mailan, lehiatzen hasiko dira aste gutxi barru, ekainean. 


Bigarren txanda ipar

Andoni Ostolaza zarauztarrarekin batera, Asier Okonek du taldea gidatzeko ardura otsailaz geroztik. Hernaniko arraun elkartekoa da bera, baina udan trainerurik aterako ez dutenez, Xibero ontziko arraunlariak trebatuko ditu denboraldi honetan. Azaldu du beraien helburua, printzipioz, ETE ligako bigarren txandan sartzea izango dela.  Gustura dago Okon taldearekin, «konpromiso handia»â€ˆerakutsi dutelako orain artean. Arraunean hasiberriak dira taldeko gehienak, beraz, «esperientzia hartzea» izango da denboraldi honetako xede nagusia Ostolaza bigarren entrenatzailearentzat. Pozik dago bere zereginarekin zarauztarra. «Aurretik ez neukan entrenatzaile bezala eskarmenturik. Hau oso berria da niretzat, baina oso gustura gaude, aurrerapen dezente egin ditugu», gaineratu du. 

Entrenatzaile lanetan hasiberria da, beraz, Ostolaza, eta hasiberriak dira hartu duten zereginean taldeko beste hainbat kide ere. Ohiana Goenaga azpeitiarra, esaterako, patroi lanetan ariko da aurtengo denboraldian, eta ez da sekula horretan aritu. Hainbat elkartetan egin du arraun aurretik, eta aitortu du patroi lana «oso polita» iruditzen zaiola. «Esperientzia berri bat da. Orain arte arraunlari ibili naiz, baina beraiek [taldeko beste kideek] ondo hartu naute, eta udara polita izango dela espero dut».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide