Maskarak edo musukoak COVID-19aren ikurra bihurtu dira. Izurriaren hasieratik sortu dute eztabaida, bereziki eraginkortasunaren, derrigortasunaren eta eskuragarritasunaren inguruan. Txertaketak aurrera egin ahala, indartu egin da galdera: noiz arte eraman beharko dugu maskara? Ba al dago ebidentzia zientifiko nahikorik maskara kendu eta neurri batzuk malgutzen hasteko?
Gaixotasun infekziosoen prebentzio eta kontrolerako Europako eta AEBko zentroek (ECDC eta CDC, hurrenez hurren) baietz uste dute, eta egoera jakin batzuetan guztiz txertatutako pertsonek maskarak ken ditzaketela proposatu dute.
Txertoen bi dosiak, edo, dosi bakarrekoetan, hura jaso eta bi aste igaro ondoren jotzen da pertsona bat guztiz txertatutzat. Izan ere, immunitate-sistemak denbora behar du SARS-CoV-2arekiko antigorputzak eta zelula immunitario bereziak sortzeko. Denbora hori igarota, gorputzak badu immunitatea, eta, beraz, gai da infekzioa gerarazteko, gaitzik sortu gabe, edo, sortzekotan, arina izan dadin.
Horrez gain, populazioaren zati handi bat txertatuta dagoen lekuetan (Israel, Erresuma Batua…), ikusi dute txertoek transmisioa ere murrizten dutela neurri handi batean. Hain zuzen, guztiz txertatutako pertsonetan, infektatuz gero, birusa ezin da hainbeste erreplikatu, eta, beraz, zailagoa da ingurukoei kutsatzea.
Hori guztia aintzat hartuta, ECDCk eta CDCk zehaztu dute guztiz txertatutako pertsonek noiz kendu ditzaketen maskarak eta besteengandik gertu egon, bai txertatuta dauden beste pertsonekin, bai txertatu gabekoekin.
Oro har, guztiz txertatutako pertsonak elkartzen direnean, maskarak kendu eta elkarren artean distantziarik gorde gabe egon daitezke. Baita txertatu gabeko pertsonekin elkartzen direnean ere, azken horiek ez badute arrisku berezirik (adina, immunoeskasia, beste gaixotasunen bat…), eta bizikideak edo burbuila sozial berekoak badira. Horrenbestez, guztiz txertatuta egon arren, oraingoz ezingo dute maskararik kendu edo gertu egon, talde handietan edo ezezagunekin elkartuz gero.