Santa Klara komentua bost milioiren truke erosteko tratua egin dute udalak eta Bidaurreta Monasterioak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 14a, 11:22

Santa Klara komentua. (Zarauzko Udala)

"Zarautz erdialdeko hirigintza iraultza" gisa definitu du Xabier Txurrukak martxan den plana. Alkateak azaldu du lehenik "udal eraikinen sarea eta egungo erabilerak aztertu" beharko dituztela eta, ondoren, partaidetza prozesu bat abian jarriko duela, herritarrek, teknikariek eta inplikatutako gainerako eragileek beren proposamenak partekatu ahal izateko, "egungo komentuaren etorkizunerako proposamenik egokiena bideratze aldera". 

Zarauzko Udalak jakinarazi duenez, Santa Klara komentua eta haren lurrak erosiko ditu 5.129.422,98 euroren trukean. Xabier Txurruka alkateak hainbat bilera egin ditu azken urteotan Oñatiko Bidaurreta Monasterioko Erlijiosen Elkartearekin, eta zenbateko hori lau urtean ordaintzea adostu dute bi aldeek. Zehazki, 2024a bitartean, urtero 1.282.355,75 euro ordainduko ditu udalak. Erakundeak prentsa ohar bidez jakinarazi duenaren arabera, 2021eko udal aurrekontuan erosketarako "nahikoa kreditu" aurreikusi dute, eta udaleko talde politiko guztiek aho batez babestutako erabakia izan da komentua erostearena.

2017ko uztailean Santa Klara komentuan zeuden lau klaratarrak Oñatiko Bidaurreta Monasteriora joan ziren, eta, bost menderen ondoren, hutsik geratu zen komentua. Lau moja horietatik hiru adinekoak ziren, eta zendu dira dagoeneko. Udalak zehaztu duenez, mojek alkateari adierazi zioten "nahiago" zutela udalak eraikina erostea, "Zarauzko herriarentzako interes orokorreko erabilera publikora bideratzeko". Bestetik, oharrak dioenez, elkarrizketetan mojek adierazi dute beren nahia dela "salmentatik eratorritako diru-sarrerak komunitateko 26 ahizpen beharretara eta Bidaurretako klaratarren ondare guztia mantentzera bideratzea".

Alkatea "eskertuta" agertu da klaratarrek hartutako erabakiarekin, lursailak eta eraikinek udalerrirako duten balioa "eztabaidaezina" baita. Erositako azalera eraikia (eliza, klaustroaren inguruko komentua eta ondoko lau eraikin txikiak) 4.500 metro koadro ingurukoa da, eta partzela osoaren azalera,  harresiz inguratua, 12.000 metro koadro ingurukoa. "Bi aldeak gustura utzi gaituen akordio batera iritsi garela uste dut. Zarauztarrentzat albiste bikaina da, azkenean, udala izatea komentuaren eraikina, haren inguruak eta Santa Klarako mojen Ordenaren jabetzako lursail osoa erosiko duena, ekipamendu publiko gisa erabiltzeko", adierazi du alkateak. Gaineratu du erosketa "estrategikoa eta pozgarria" dela, "Salberdin, Azken Portu eta Santa Klara kaleko urbanizazioetako espazio libreetara batzeko", Zarauzko erdigunean "birika berde paregabea" lortzeko.

"Hirigintza iraultza"

Bestalde, Txurrukak iritzi dio are zentralitate eta garrantzia handiagoa hartuko duela "parke berriak", trenaren Santa Klarako azpiko pasabideari eta ETSren geltoki berriaren pasabideari esker. "Nire ustez, Zarautz erdialdeko hirigintza iraultza izango da hau. Eta hauek ez dira promesak, dena martxan baitago", azpimarratu du.

Lehenik eta behin aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin adostu eta definitu beharko ditu udalak egin daitezkeen eskuhartzeak zeintzuk diren, eraikin-multzoa babestuta dagoelako eta etorkizuneko jarduerek aipatu instituzioen oniritzia behar dutelako. Dena den, alkateak azaldu du eremuak "aukera paregabea" ematen duela "zerbitzuak bateratu eta gaur egun udalerriko hainbat eraikinetan banatuta dauden jarduerak birkokatzeko".

Alkateak gaineratu duenez, "proposamen asko entzun dira ekipamendu honek etorkizunean izan ditzakeen erabilerei buruz. Hala ere, eta pausoz pauso, lehenik Zarautz 2030 Planetik udal eraikinen sarea eta egungo erabilerak aztertu beharko ditugu eta, ondoren, partaidetza-prozesu bat abian jarri, herritarrek, teknikariek eta inplikatutako gainerako eragileek euren proposamenak partekatu ahal izateko, egungo komentuaren etorkizunerako proposamenik onena eta egokiena bideratze aldera". Txurrukak gaineratu du Santa Klara eta haren inguruak egokiak izan daitezkeela Zarautzen antolatzen diren hainbat ekitaldi "indartzen jarraitzeko", izan ere, azaldu du askotan "mugatuak" izaten direla herriko ekitaldiak, hitzordu handiagoetarako "leku egokirik ez dagoelako".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide