Elebitasunaz mintzatzeko, linguistikaren (sozio- eta psiko-linguistikaren) perspektibatik jarduten dugu; bakanetan literaturaren ikuspuntutik. Komunikazioaren talaiatik mintzatzen gara, ez sormenaren barne-muinetatik. Baina sormen literarioak hizkuntzarekin duen lotura hain da bilatua eta bilbatua, non naturalena den lehen hizkuntza baliatzea harreman afektiboetarako bezala sorkuntzarako ere.
Lurralde elebidunetan, ordea, literatura garatuko hizkuntzak (handiak) literatura urriko hizkuntzetako idazle posibleak asimilatzen ditu, kolonizatu, zurrupaka erakarri. Baina fenomenoa ez da hasten idazleak zein hizkuntzatan idatzi erabakitzeko orduan. Idazle izango denak literatura garatu bateko hizkuntzan egin baditu ikasketa guztiak, hala egin ditu irakurketak ere, bertan topatu ditu eredu literarioak, haiek imitatuz hasi da, ia oharkabean, idazle izaten. Hitza gozatzen irakatsi dion hizkuntzan. Idazle nahi duena elebiduna denez, ezagutzen du beste hizkuntza ere, tradizio urrikoa, kasik analfabetoa. Zer erabaki hartuko du? Zergatik? Kasuistikak askorako ematen du. Agian ez zaio burutik pasatuko erabaki beharra ere.
Euskara eskolan sartu arte eta gero ere bai dilema horri erantzun behar izan diote, gutxi-asko, euskal literatura deitzen duguna posible egin duten idazle gehienek. Atzera jo eta demagun Salbatore Mitxelena, muturreko kasu bat: gazte-gaztetatik idazle nahi, eta euskaraz hasten da, bidaide du gerra aurreko pizkunde-giroko euforia; gerra hasi berritan, faxistek komentutik ateratzen dute, eta soldadu eraman; gerra ostean ere euskaraz idazten segituko du, baina katakonbetako klandestinitatean, guztiz nagusi den logika akademiko-artistikoaz beste eginez, nahiz oso ondo egiten duen gaztelaniaz, idatzi ere, dotore.