2020: ahazteko, gogoratzeko

Kronograma: koronabirusa eta aurten zeresana eman duten beste gertakari batzuk

Zarauzko Hitza 2020ko abe. 31a, 16:25

Martxoan Txinatik iritsitako pandemiak berarekin ekarri du aurtengo beste guztia, edo ia guztia, alorrez alor, mailaz maila, egunez egun. Hona urtearen laburpena (abenduaren 23ra artekoa).

 

Koronabirusa batetik...

  • Martxoa: koronabirusa iritsi zen gurera. Ordura arte urrunekoa zirudien gaitza, COVID-19a, kolpetik iritsi zen gure artera, eta neurri gogorrak hartu zituzten agintariek. Eusko Jaurlaritzak aginduta, martxoaren 13an itxi egin zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeak. Hurrengo egunean, alarma egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak, eta konfinatzeko agindu zien herritarrei. Martxoaren 15ean hasi zen zazpi aste iraun zituen etxealdia; herritarrak lanera edo behar-beharrezkoetara bakarrik atera zitezkeen etxetik. Martxoaren 30ean, berriz, oinarrizkoak ez ziren ekonomia jarduera guztiak eten zituzten. Herritar kalteberei laguntzeko, boluntario sareak osatzen hasi ziren eskualdeko herrietan. Martxoaren 19an baieztatu zituzten aurreneko koronabirus kasuak Urola Kostan: sei Zarautzen, eta bat Getarian.    

  • Apirila: konfinamenduari irudimena, eta umeak kalera. Etxean sartuta egotearen zama arintze aldera, era guztietako ekimenak abiarazi zituzten herritarrek eta eragileek. Baita Urolako Komunikazio Taldeak ere.  Sei aste eta gero, apirilaren 26an, kalera irteteko aukera izan zuten 14 urtetik beherako haur eta gaztetxoek; hori bai, egunean ordubetez bakarrik, eta beti heldu batekin.

  • Maiatza: deseskalatzea eta maskara leku itxietan. Maiatzaren 11n konfinamendua arintzeko lehen fasea deiturikoan sartu zen Hego Euskal Herria. Maiatzaren 21ean sartu zen indarrean gune itxietan maskara erabiltzea derrigortzen duen araua. Ordutik, maskara eguneroko osagarri bihurtu da herritarrentzat. Eskualdeko udal gehienek maskarak banatu zituzten herritarren artean. 

  • Ekaina: 'normaltasun berria'. Osasun larrialdi egoera eta alarma egoera indargabetuta, eta deseskalatzearen hiru faseak gaindituta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekainaren 19an sartu zen indarrean normaltasunetik gutxi zuen normaltasun berria. Jarduera ia guztiak gauzatzeko baimena eman zieten herritarrei, beti ere jende pilaketak saihestuta eta osasuna babesteko neurriak hartuta.

  • Uztaila: lehendabiziko agerraldiak. Oso positibo gutxi atzematen zituzten eskualdeko herrietan, baina neurriak arindu ahala, agerraldiak izan ziren hainbat lekutan: Getarian, Zarautzen... Transmisio komunitarioa eragozteko, Osakidetza PCR proba masiboak egiten hasi zen fokuak egon zitezkeen guneetan ibilitakoei. Leku irekietan ere maskara erabiltzera derrigortu zituzten herritarrak.      

  • Abuztua: ez-festak. Festen hilabetea izan ohi da abuztua; aurtengoan, ordea, txupinazoek ez dituzte eskualdeko zeruak lehertu, ezta txarangek herrietako kaleak alaitu ere. Bailarako udalek herritarrei ez-festak ez ospatzeko eskaera egin zuten, eta kaleak ohi baino hutsago izan ziren leku guztietan. Hilabete berean, Azpeitian koronabirusaren agerraldia izan zen, eta baheketa masiboa egin zieten herritarrei.

  • Iraila: ikasleak eskoletara. Hilabete mordoa ikastetxeak zapaldu gabe egon ostean, eskualdeko hezkuntza zentroak berriro ere haurrekin, nerabeekin eta gazteekin bete ziren. Erakundeen osasun eta segurtasun neurriak aintzat hartuta, ikastetxe bakoitzak bere plan propioa gauzatu zuen ikastetxe barruan egon zitezkeen kutsatzeak saihesteko. Ikasleek eta irakasleek ahalegin berezia egin zuten.

  • Urria: neurri gogorrak. Egoerak okerrera egin zuen, eta Eusko Jaurlaritzak erabaki gogorrak hartu behar izan zituen urriaren amaieran COVID-19aren kurba apaltzeko. Erabaki horien artean ostalaritza ixteko agindua eman zuen Jaurlaritzak, eta eskualdeko tabernek eta jatetxeek berriro itxi behar izan zituzten beren lokalak. Ostalaritza ixtearekin batera mugikortasuna erruz mugatu zuten.

  • Azaroa: kafeak eta semaforoak.  Mugikortasun mugekin ezohiko irudiak agertu ziren eskualdeko herri guztietan, eta eramateko kafeen ontzitxoak nagusitu ziren herrietako plazetan. Horrez gain, ostalariek mobilizazioak egin zituzten sektorearentzat laguntzak eskatuz. Bestalde, Jaurlaritzak semaforoen teknika martxan jarri zuen eta herrietako intzidentzia tasak koloreka sailkatu zituen.

  • Abendua: Gabonak etxean. Euskal Herri osoan ez ezik, Europako gainontzeko herrialdeetan ere Gabonetarako neurri zorrotzak iragarri zituzten hilabete hasieran erakundeek. Eguberrietako eta Urtezaharretako otorduetan gehienez hamar pertsona biltzeko agindua eman zuten (gero seira murriztu zen azken egun horretarako). Bestalde, Olentzeroren etorrerak, San Silbestre lasterketak eta gainontzeko ekitaldi gehienak ez egiteko eskatu zuten agintariek.

... Beste guztia bestetik

 

  • Gizartea: Urtea hastearekin, etxegabe azkoitiar bat hilik aurkitu zuten Bizkaian. Urtea amaitzerako, Zarautzen hil da beste pertsona bat kale gorrian. Ondoren, egon da albiste baikorrik: Zumaian autismoa duten haurren elkartea sortu dute, eta Zestoan Adinekoen Mahaia. Memoria historikoaren lanketak ere egin dituzte Azpeitian, Zestoan, Orion eta Getarian.

  • Euskara: Bigarren Euskaraldian parte hartu dute milaka entitate eta norbanakok. Bestalde, jatorria Azkoitian duen XVI. mendeko euskarazko olerki bat aurkitu dute.

  • Ekonomia: Lau langilek galdu dute bizia aurten: martxoan Azkoitian su hartu zuen txurro dendak, eta barruan zeuden bi pertsonak hil ziren; ekainean zarauztar bat hil zen lan istripuan Iruran; eta abenduan errezildar bat hil da Azpeitiko lantegi batean. Protesta urtea ere izan da: urtarrilean greba orokorrera deitu zuten sindikatuek, adineko egoitzetako langileek grebekin jarraitu dute, pentsiodunek protestekin, eta COVID-19ak sortutako zailtasunengatik ere izan dira mobilizazioak, ostalaritzan, hezkuntzan eta lehen mailako arreta zerbitzuan (anbulatorioak), kasu. 

  • Kultura: Eskualdeko sortzaileek aitortza mordoa jaso dute aurten ere: Alazne Ameztoik soinu onenaren Goya saria; Uxue Alberdik saiakerako Euskadi Saria; Galder Gonzalezek CAF-ELHUYAR saria; Iñigo Aranbarrik Besarkada saria... Sorkuntza lanak ere, ugari egin dira: Korosagasti filma estreinatu dute, Beizamako 1926ko hilketetan oinarrituta, adibidez. Nazioarteko I. Biltzarra ere egin da Cristobal Balentziagaz; Literaturia Zarautzen, liburu azoka eta guzti; eta Ikusle Taldea sortu dute Azpeitiko Dinamoan, irudiak aztertu eta haiez hausnartzeko.

  • Berdintasuna: Urratsak ematen jarraitu da: Azkoitian Mapa Morea osatu dute; Zumaian adostu dute Emakumeon* Etxearentzat lokal bat egokitzea, eta Zarautzen zabaldu dute Emakumeen Etxea; Azpeitian, berriz, Neska* Gazteen Txokoa abiatu dute. Tamalez, elkarretaratze bat ere egin da uda partean, zarauztar batek eraso sexista bat publikoki salatu ondoren. Hautsak harrotu zituen salaketak, erasoaren aurrean Sortuk eta Arranoko Batzordeak abiatutako barne lanketa gogor kritikatzen baitzuen erasotuak eta haren inguruak. Sortuk eta Arranoko Batzordeak ere azalpenak eman zituzten publikoki.

  • Politika: 3 urteko ume bat gurasoengandik banatzen ikusi dugu urte hasieran (Patxi Uranga preso oriotarraren eta haren bikote presoaren alaba). Familia elkartzearen alde mobilizazioak egon dira; Batzar Nagusiek ere bat egin dute. Azaroan elkartu dira azkenean, gurasoei zegokien hirugarren gradua aplikatuta. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ere izan dira uztailean, eta EAJ nagusitu da Urola Kostan. Azkoitian zalaparta ugari eragin du Azkaraten hondakin ez arriskutsuak biltzeko gunearen proiektuak. Atzera eta aurrera ibili ondoren, asmoa bertan behera gelditu da. 

  • Hirigintza eta azpiegiturak: 2020an berritu dute Oikiako eskola; Zarauzko Udalak Gaztetxearentzat lokala erosteko prozedura abiatu du, Salberdingo hirigintza planak aurrera darraielako; Azkoitian Visesak esleitu ditu Teklan etxeak egiteko lanak, eta bertan behera utzi du, berriz, Idiakez Ederraz udalarekin zuen akordioa; Zestoan zabaldu dute eliza eraberritua, bi urte eta erdiren ondoren; Azpeitian alokairuko et­xeak egiteko 6,5 milioiko inbertsioa onartu dute; Orion Dikeko eta Kofradiako hirigintza plana aurkeztu dute, eta plaza eraberritu; eta Beizaman, alokairu sozialerako etxebizitzak eraikitzeko hitzarmena sinatu dute.

  • Kirola: kirolean ere nagusi Urola Kosta beste urte batez: Azkoitiko Anaitasuna futbol taldea Errege Kopa jokatzera iritsi da gizonezkoetan (eta mailaz igo dira Azkoitia eta Zestoa gizonezkoetan); Orioko emakumezkoek Kontxa eta liga irabazi dituzte arraunean; surfean Nadia Erostarbe zarauztarrak Espainiako Txapelketa irabazi du, eta Janire Gonzalez Txabarri zumaiarrak Europakoa 21 urtez azpikoetan; Iñigo Peña piraguista zumaiarra brontzezko dominarekin etorri da Munduko Kopatik; Olinpiar Batzordearen domina jaso du Irati Osa piraguista zumaiarrak... Txanponaren beste aldean, pilotu bat hil da aurten Urrakiko Igoeran parte hartzen ari zenean.

  • Ingurumena: Denboraleak urte hasieran Zarauzko portuan apurtutako horma berregin dute udan. Urrian ere izan da haizeterik kostaldean, eta 26 zuhaitz bota zituen Zarautzen, esaterako. Mende amaieran Gaztetape eta Zarauzko hondartza desager daitezkeela ere aurten esan du aldundiaren txosten batek. Orion errauste plantaren aurka mobilizatzen hasi da herritar talde bat hura martxan jarri eta gutxira, eta Urola Bizirik natur taldeak fiskaltzara jo du Azkoitiko Loizubi errekaren inguruan dagoen hondakinen «legez kanpoko jarduera» salatzeko. Gai pozgarriagoa: hamar urte bete ditu Geoparkeak. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide