Iñigo Urkullu lehendakariak alarma egoera ezartzeko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako presidenteari

Julene Frantzesena 2020ko urr. 23a, 17:12

Iñigo Urkullu, artxiboko irudi batean. (Irekia)

Urkulluk gaur bertan bidaliko dio alarma ezartzeko eskaera ofiziala Espainiako Gobernuari. Espainiaren menpeko lurralde guztietarako egin du eskaera Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Hark adierazi duenez, "ahalik eta azkarren eta arretaz" jardun nahi du, eta horregatik egin du eskaera.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Estatuaren barruan kokatuta dauden lurralde guztietan alarma egoera ezartzeko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari. Agerraldia egin du Urkulluk gaur arratsaldean, eta hark jakinarazi duenez, dagoeneko hitz egin du Sanchezekin eta eman dio eskaeraren berri. Gainera, gaur bertan bidaliko dio alarma ezartzeko eskaera ofiziala Espainiako Gobernuari.

Pandemiaren lehen olatuan, udaberrian, ezarri zuen alarma egoera Espainiako Gobernuak, eta Espainiaren menpeko lurralde guztietako agintea erakunde horrek izan zuen denbora tarte horretan. Orain, baina, erkidego bakoitzeko agintariek izango lukete gidaritza, eta beraz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Urkullu izango litzateke alarma egoeraren kudeaketa burua.

Alarma egoera eskatzearen zergatia ere azaldu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: hark adierazi duenez, "ahalik eta azkarren eta arretaz" jardun nahi du, "herritar guztien osasuna zaintzeko eta koronabirusaren transmisio komunitarioa mugatzeko".

Dena den, atzo EAEko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpenarekin ere badu lotura alarma egoera ezartzea eskatu izanak. Izan ere, auzitegi horrek ez du baimendu Jaurlaritzak leku publiko nahiz pribatuetan ezarri nahi zuen sei pertsona elkartzeko muga.

Alarma egoera ezarriz gero, baina, Jaurlaritzak atzo hainbat neurri murriztailerekin batera kaleratu zituen gomendioak betebehar bilakatzeko aukera izango du. Gainera, pertsona kopuruak murrizteko aginduaz gain, gaueko jarduera ere mugatzea nahi duela azaldu du Urkulluk agerraldian: "Ez zait gustatzen etxeratze agindua esatea, baina bai jarduera mugatzea, salbuespenak salbuespen".

Urkulluk adierazi duenez, beste lurralde batzuetako presidenteekin ere hitz egin du alarma egoera ezartzeko zuen asmoaz, eta haiek ere "prest" daude neurri zorrotzagoak ezartzeko. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide