Azken egunetan 1etik behera mantendu da tasen arrazoia Zarautzen; herenegun, esaterako, 0,91n zegoen I(D)/(D-7). Tasen arrazoia 1en azpitik izateak adierazten du behera egin duela intzidentzia tasak. Atzo, ordea, Osasun Sailak azken zazpi egunetako positibo kopuru handiena atzeman zuen herrian: sei kasu. Hala, atzo 1,13ra iritsi zen tasen arrazoia, eta 14 eguneko 100.000 biztanleko tasak ere gora egin zuen: 193,12ra heldu zen. Herenegun, 171,67koa zen tasa Zarautzen.
Egoerak txarra izaten jarraitzen du eskualdean orokorrean, eta atzo ia herri guztietan atzeman zituzten kasu berriak; izan ere, 11 herrietatik 8tan egon dira PCR probetan positibo eman duten herritarrak. Igoerarik handiena Zumaian izan da, hamasei kasu zenbatu baitzituzten bertan atzo—herenegun bost izan ziren—, eta 916,03ko intzidentzia tasa du uneotan. Azpeitian eta Azkoitian beherantz egin dute positiboek; sei eta bi kasu atzeman dituzte herri horietan hurrenez hurren, baina oraindik ere 1.000tik gorako intzidentzia tasa izaten jarraitzen dute bi herriek. Hain zuzen ere, bi herri horiek eta Zumaia dira semaforo gorrian dauden eskualdeko herriak. Gainontzeko herrietan honakoak dira datuak: esan bezala Zarautzen sei, Errezilen lau, Getarian hiru, Zestoan bi eta Orion bat. Aian, Aizarnazabalen eta Beizaman, aldiz, ez dute kasurik atzeman.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 819 pertsonak —Gipuzkoan, 377k— eman zuten atzo positibo PCR probetan, herenegun baino 194 herritar gehiagok, eta hiru lurraldeetako intzidentzia tasarik altuena Gipuzkoak du, 100.000 biztanleko 533,61eko tasa baitu. Horren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak bilera telematikoa egin zuen lurraldeko alkateekin, eta Markel Olano ahaldun nagusiak harreman sozialak “ahalik eta gehien” mugatzeko esatu zien gipuzkoarrei.
Bestalde, erietxeetako gaixoen kopuruak ere goranzko joera du, eta 328 pertsona daude egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan; atzo 53 ospitaleratze berri izan ziren, herenegun baino zortzi gehiago. ZIUn, berriz, 59 pertsona daude oraindik.