Ez dira jolaserako itzuli

Mikel Orbañanos Iribar / Berria.eus 2020ko uzt. 24a, 11:20

Zarautzek uxatu egin ditu hasieran zituen zalantzak Eusko Label ligako itzuleran. Orain arte lortutako emaitzei begira, Gari Uranga entrenatzailea baikor azaldu da. Berria egunkariak hitz egin du Zarautz Babyautoko prestatzailearekin.

Mailaz igo berri den talde batek beti izan ohi ditu kezkak eta zalantzak, ea nola egokituko den aurretik behetik ikusten zuen lehiaketa horretara. «Hiru hilabete etxean entrenatzen arituta, ziurgabetasunez beteta geunden, ez baikenekien zer topatuko genuen itzuleran». Gari Uranga Zarauzko entrenatzailearen hitzak dira (Zarautz , Gipuzkoa, 1982). Zalantzak, baina, azkar uxatu dituzte. «Egia esan, etxerako lanak ondo egin ditugu, eta jendeak izan duen ilusioarekin errazagoa izan da uretan lan egitea». Hamar urteren ondoren mailaz igota, Urangaren arabera, momentuz denboraldi «txukuna» egiten ari dira.

TKE ligan esperientziarik ez duen arraunlariari gehiago kosta izan zaio lehiaketara egokitzea. Enbata ontziko «arraunlari askorentzat» ere halaxe izan da. «Talde eta entrenatzaile gisa, arraunerako eskarmentua eta lasaitasuna falta zaizkigu». Aitortu du ligako lehen bi jardunaldietan, Coruñan, gabezia horiek azaleratu zirela. «Urduritasun puntu hori bagenuen, eta baldintzak ere ez ziren onak izan arraun egiteko: haize handiko bi egun izan ziren, eta ezinegon handiagoa eragin zuen traineruan».

Halere, ilusiorik ez dute falta traineruan. Urangak azaldu duenez, lehen estropadatik lehiaketari «neurria hartzen» dabiltza. «Geure burua aurkariarekiko non dagoen ikusteko eta denboraldian gure lekua zein izango den jakiteko». Garbi dauka behetik hasi behar dutela lehiatzen: «TKEn izugarrizko maila dago, eta badakigu ezin ditugula ezarri lortuko ez ditugun helburuak».

Eusko Label Ligan sei jardunaldi jokatu direla kontuan hartuta, Zarautzek gorengo mailara izan duen itzulera «ona» izan da, Enbatako entrenatzailearen esanetan. Birritan egin dute hamaikagarren, behin azken, eta beste bitan zazpigarren. Getxon egin zuten estropadan jarri du azpimarra Urangak. «Lehen txandan aritu ginen, eta hasieratik amaiera arte oso eroso sentitu ginen. Garaipena lortzeko borrokan zaudela jakitean, arraun egiteko era ere aldatu egiten duzu». Getxon eta aurretik Donostian zazpigarren izan ziren, eta horrek hurrengo jardunaldietan bigarren txandan aritzeko aukera eman zien. Alabaina, emaitzak, gozotik baino, gehiago izan zuen gazitik, azkenak izan baitziren bietan. «Aurkariak hasieratik joaten bazaizkizu, burua galtzeko arrisku handiagoa duzu. Dena kate bat da».

Jarraitu irakurtzen Berria egunkarian

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide