Gizarte "justu eta berde" bat eraiki nahi du Equo-Berdeak-ek

Aritz Mutiozabal 2020ko uzt. 8a, 15:59

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak igande honetan ospatuko dira, eta kanpaina betean, gaur arratsaldean Equo-Berdeak alderdi ekologistak ekitaldia egin du Torre Luzea parkean. Bertan izan da Gipuzkoako zerrendaburu Edurne Baranda.

Pandemiaren ondorengo gizarte eraikuntzak "justua eta berdea" izan behar duela dio Equo-Berdeak alderdiak. Baina "olatu berdera" igo diren beste alderdiengatik engainatzen ez uzteko nabarmendu du Zarauzko kide Ana de Benitok, alderdi ekologistak arratsaldean Torre Luzea parkean egin duen kanpaian ekitaldiaren aurkezpenean. "Beraien kontzientzian Zaldibar daramatenak dira horiek, Zubieta eraikitzen ari direnak eta gure mendietan eukaliptoak landatzen dituztenak", zehaztu du. Horrenbestez, Equo-Berdeak dela "benetako politika berdeak" aurrera eraman dezaketenak eta datorren iganderako haientzako botoa eskatu du.

Gipuzkoako zerrendaburu Edurne Barandak hartu du hitza jarraian. Beraien programak "osoak" direla azpimarratu nahi izan du: "Gizarte justiziez hitz egiten dute, ekonomiaren trantsizio berde bati buruz, eta baita demokraziaz eta eskubideez, ez bakarrik landareez eta animaliez". Hirigintza eta ingurumenaren babesa gaia izan du batik bat hizpide: "Gero eta jende gehiago bizi gara herri eta hirietan, eta horrek presio handiago sorrarazten du lurrean, baita bere kontserbazioan. Beraz, soluzioak bilatu behar ditugu, gure beharrizanak asetzekoa, baina ingurunea suntsitu gabe. Bestela ez da egongo etorkizunik geure ondorengoentzat". Klima aldaketak eta pandemia berak "herriak berregituratzeko bide" eman beharko luketela iradoki du hautagaiak, besteak beste.

Barandak hizketaldi bat sortu nahi izan du ekitaldian, non bertaratu diren hainbatek hartu duen hitza: Equo-Berdeak-eko Gipuzkoako bigarren hautagaia eta Legazpiko zinegotzi den Alberto Bezunarteak, Mutrikuko Berdeak-Independenteak-eko zinegotzi Iñigo Agirrek eta Zarauzko ordezkari Angel Garciak.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide