San Pelaio jaiak 2020

Inoizko egitarau bereziena

Amaia Urbieta Arruti 2020ko eka. 25a, 11:51

Salto eta brinko ugari egiten dira oilasko biltzearen dantzan. (Aritz Mutiozabal)

Egitarauan urtero berrikuntzaren bat izaten da, baina, oro har, tradizioz betetako festak dira sanpelaioak. Aurten halakorik izango ez bada ere, Iñurritzakoek festak nola bizi ohi dituzten azaldu du jai batzordeko kide ohi batek. 

Gerra aurreko garaira egin beharko litzateke atzera oraindik bizirik dirauten  sanpelaioetako hainbat ohituraren jatorria ezagutzeko. Gerra garaira egin beharko litzateke atzera, baita ere, ohitura horiek gabeko sanpelaiorik inoiz izan ote den jakiteko. Zalantzarik gabe, beraz, historikoa izango da aurtengo ekainaren amaiera Zarautzen, udalak antolatutako ekitaldi sinbolikoez gain, ez baita festarik izango; ezta Iñurritzan ere. 

Berberak dira herriko patroiaren festak eta Iñurritza auzokoak, bertan baitago San Pelaio ermita. Tradizioz, auzoan bertan antolatu izan dituzte festak urtez urte; Mutilardoa arduratu izan da zeregin horretaz, eta garaiak aldatzeaz batera, Iñurritzako Jai Batzordea izena hartu du taldeak. Janaren eta edanaren bueltan ospatzen dituzte ekitaldietako asko, eta belaunaldiz belaunaldi mantendu duten ohituretako bat da gibel janarena. Ekainaren 28an, San Pelaio Hirugarrenean, Iñurritzako elkarte gastronomikoan elkartzen dira aurreko goizean, ekainaren 27an, baserriz baserri oilasko biltzen jardundakoak. Hitzordu horretan, ordea, elkarteko mahai bat erreserbatzen dute  jai batzordean aritutako beteranoentzat. Dagoeneko bizkar gainean festak antolatzeko ardurarik ez duen eta urteroko gibel janeko hitzordura hutsik egiten ez duen batekin  aritu da solasean Hitza, Iñurritzako festetako ohiturez.

Bertakoa izanik, gaztetxotatik gertutik ezagutu izan du Mutilardoaren bueltako giroa; 15 urte inguru zituela hasi zen festak antolatzeko laguntzen, eta horretan jarraitu zuen urte mordoan. Data "berezi samarrak" direla uste du, eta horren arabera, asko aldatzen dela urte batetik bestera festetara inguratzen den jende kopurua. "Ekainaren amaiera izanik, oraindik jendea lanean edo ikasten egoten da kasu askotan. Asteburua tokatuz gero primeran, baina, asteguna izanez gero asko igartzen da".

Alde Zaharreko ekitaldiekin alderatuta, tradizio kutsu handiagoa izan ohi dute Iñurritzan antolatzen direnek. Danborradak eta beste hainbat hitzordu kontu berriagoak dira; Haurren Agerraldia, esaterako, 41. aldiz egin zen iaz. Horren aurretik, Alde Zaharrekoak erromesaldian joaten ziren Iñurritza auzora, sanpelaioak ospatzera. Oraindik ere mantentzen da Musika Plazatik Iñurritzara doan kalejira San Pelaio Egunean eta San Pelaio Bigarrenean, baina Alde Zaharrean ere ekitaldi ugari izaten denez, garrantzia galtzen joan da apurka-apurka. Jai Batzordeko beteranoaren ustez gaur egun San Pelaio Bezperan zentratuta daude festak. "Bezperan guztia botatzen da, eta San Pelaio Egunerako eta Bigarrenerako ez da askorik geratzen". Bezperan, gaurko egunez, ekitaldi nagusia Lege Zaharren Enparantzan izaten bada ere, duela urte batzuk hasi ziren Iñurritzako Jai Batzordeko kideak txupina botatzen 00:00etan, auzoko festei ere hasiera emateko.


Oilasko biltzea

Urtea joan eta urtea etorri, ekainaren 27an, 06:00ak aldera, gazte talde bat Iñurritzatik abiatzen da baserriz baserri oilasko biltzearen dantza egiteko. Taldea bitan banatzen dute, eta bakoitzak ibilbide ezberdina egiten du. Auzokideek festetan elkarrekin bazkaltzeko generoa biltzea zen ekitaldiaren xedea lehen, baina, orain, ohitura mantentzearren, gustura joaten dira gazteak parranda egin ondoren. 

Makina bat oilasko biltze bizi izan dituen beteranoak aitortu du bera ere gaupasaz joan izan dela beti. Halako erronkari aurre egin ahal izateko, ordea, indarrak hartu behar izaten dituzte gazteek ibilbideari ekin aurretik eta, horregatik, 05:15 inguruan Iñurritzako elkartean biltzen dira baratzuri zopa jateko. Hainbat urtetan egokitu zaio beteranoari elkartean parrandazaleei harrera egiten egotea, eta horixe izan ohi zen beretzat festetako unerik kutunena. "Zenbat jende etorriko ote zen, urduritasun puntua... asko gustatzen zitzaidan momentu hori", azaldu du. Batzordea uzteko garaia heldu zitzaionean, lehen festak herritik kanpo igaro zituen oporretan, baina, Iñurritzatik urrun, kilometro askotara bazegoen ere, nolabait, bertan izan zen oilasko biltzeaen azken dantzan. "Baserriz baserri ibili ondoren, talde handian egiten da oilasko biltzearen dantza 12:00etan, Iñurritzako zelaian. Une horretan, lagun on batek telefonoz deitu zidan eta ‘hau hiretzat!’ esan zidan. Ez nuen ikusi, baina entzun egin nuen azken oilasko biltze hura, eta oso berezia izan zen niretzat".

Orain ez ditu antolatzailearen azaletik bizitzen festak beteranoak, eta ez du kezkatu beharrik dena ondo atera dadin egiteko dagoenaz. Hala ere, arraro samarra egingo zaio datozen egunak festa girorik gabe igarotzea, baina asko apreziatzen du gibel janean beteranoen mahaian urtero gordetzen dioten tokia, eta datozen urteetan hutsik egin gabe joaten jarraituko du.

Jai batzordeen ekitaldirik ez

Bihar, San Pelaio Egunean, Meza Nagusia egingo dute Iñurritzako San Pelaio ermitan, 11:00etan. Horretaz aparte, ez da bestelako ekitaldi publikorik egingo. Iñurritzako Jai Batzordekoek gaur 00:00etan txupina botako dute, eta ekainaren 28an gibel janaren otordua egingo dute. Dena den, aurten oilasko biltzerik ez denez izango, eta segurtasun arauak tarteko, ohikoa baino xumeagoa izango da gibel jana. Danda Gazte Asanbladak ere iragarri du ez dutela ekitaldirik antolatuko aurtengoan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide