Emakume talde bat gara, eta gure ikuspegia partekatu nahi dugu, alde batetik, hainbat botere gunetatik COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ibilbidea bideratzen ari den moduari buruz eta, bestetik, gure ustez, zuzendu gaitzaketen gizarte motarekiko ezinegona nahiz kezka areagotzen lagundu duten zenbait neurriri buruz.
Gure helburua ez da kudeaketaren ikuspegi ezkorra ematea, eztabaidarako ideia kritikoak mahai gainean jartzea baizik gizarte heldu eta autonomo bat eraikitzeko; hala, demokraziaren antolaketa sozial, dinamiko eta parte- hartzaileago batera aurrera egin ahalko genuke. Modu kritikoan eta eraikitzailean hausnartu beharreko zenbait alderdi daude gizartea sendotzeko balioko duten estrategia egokiak eratu ahal izateko. Osasun krisi larri horri aurre egitea oso zaila da, pandemia hau ezin zelako aurreikusi eta ezezaguna zelako; horren ondorioz, osasun sistemaren benetako egoerarekin topo egin dugu, eta errepikatu ezin diren akatsak ikusi ditugu.
Kudeaketa soziosanitarioaren eredu bat agerian geratu da, eta eredu orretan pertsonen ongizatearen eta bizi kalitatearen aurretik interes ekonomikoak lehenetsi dira (adibide tamalgarri gisa nabarmendu ditzakegu osasun langileak babesteko baliabiderik eza edo adinekoentzako egoitzen kudeaketa, egoitza pribatuena, batez ere). Gure gogoeta gatazkaren kudeaketari buruzkoa da ere, bai eta gure Estatuaren kalitate demokratikoa zalantzan jartzen duten konfinamenduko neurriei buruzkoa ere: herritarrak kontrolatzeko jarraitutako estrategiek, armadaren presentzia faktikoak eta haren zuritze sozialak erantzukizun zibil eta indibiduala minimoetan uzten laguntzen dute.
Gizarte heldu bat izateari utzi zaio, adingabeak bagina bezala tratatuta sentitu gara, kontrol autoritarioko ereduarekin eta zaintzan nahiz zigorrean oinarritutako kudeaketarekin; gainera, paradoxikoki, erantzukizun pertsonal eta herritarrera jotzen du etengabe.
Krisi hau gainditzeko orduan herritarren inplikazio handiagoa eragingo zuten ekimenak ez dira onartu; horren harira, udalerri batzuetan ere ukatu egin dira pertsona zaurgarrienei laguntzeko eskaini ziren gazte boluntarioen laguntza. Botere autoritarioaren eredua eta erantzukizuna behar bezala garatzea guztiz bateraezinak dira, erantzukizun horrek autonomia, pentsamendu kritikorako gaitasuna, ezagutza eta, batez ere, konfiantza eskatzen baititu; PEDAGOGIAren erabileran oinarritzen da, gainera. Estrategia horren alde egiten dugu, eta gizartea arduratsuagoa, autonomoagoa eta helduagoa izaten laguntzen du.
Ildo horretan, segurtasun indarren zeregina informatzea, aholkularitza ematea, laguntzea eta entzuten jakitea ere izan behar dela uste dugu. Izan ere, zigortutako jendearen zati garrantzitsu batek kalean egoteko arrazoi bat zuen, herritar guztiek ez baitituzte bizi baldintza berberak —zenbaitek bizilekurik ere ez dute— eta larritasun edo bakardade egoera kudeatzeko baliabide berberak.
Ez dugu onartu behar beldurra zabaldu eta sustatzean oinarritutako estrategia bat, kolapsatu egiten baikaitu eta pentsatzea eragozten, eta hori da kontrol sozialaren oinarria. Beldurrarekin pertsonek segurtasuna bilatzen dute, zenbaitetan horrek eskubideak eta askatasuna galtzea ekartzen badu ere. Erabateko segurtasuna, baina, ezinezkoa da, halakorik ez dago termino absolutuetan, baina, aldi berean, eskubideak eta askatasunak galtzea ere gaixotasuna eragiten duen errealitatea da.
Ezin ditugu herritarren zaintza lanak txalotu. Tamalgarria da leihoetatik herritarrak kontrolatzea, oihukatzea, iraintzea eta salatzea, haien errealitatea eta irteteko arrazoiak zein diren jakin gabe, eta gertaera hori elkartasun-ekintzatzat jotzea, elkartasuna enpatian eta laguntzeko borondatean oinarritzen dela kontuan hartuta. Eta zer esan poliziaren gehiegikeriak balkoietatik txalotu dituzten herritarren jokabide lotsagarriari buruz.
Gustatuko litzaiguke krisi bat kudeatzeko “mahaiak”, gaian adituak diren pertsonek ez ezik —kasu honetan, osasunean eta epidemiologian—, hainbat gizarte-esparrutako errealitatea ezagutzen duten pertsonek eta zaurgarritasun arriskuan eta beharrizan espezifikoak dituzten taldeek ere osatzea, ezinbestekoa baita talde horien errealitatearen berri izatea protokolo egokiak lantzeko.
Alde horretatik, konfinamenduko neurri gogorrek ez dute aintzat hartu talde zaurgarriagoetan izan zezaketen eragina, besteak beste, honako hauetan: haur txikiak; adinekoak; buru-osasuneko arazoak edo jokabide nahasmenduak dituzten pertsonak; ezgaitasun anitzak dituztenak; errefuxiatu taldeak; etxerik gabekoak; zailtasun asko eta baliabiderik ez duten familiak; tratu txarrak edo era guztietako abusuak jasateko arriskua duten emakumeak eta haurrak. Beren osasunean eta bizitzan dituzten ondorioak larriagoak dira eta orain ezagutzen ari gara.
Neurri horiek berrikusi egin beharko zirela uste dugu, malguagoak izan eta askotariko taldeei egokituko beharko zitzaizkiela, baina baita biztanleen ezaugarriei eta kopuruari ere. Ulertzen dugu hasiera batean ez jakitea eta erabaki gogor eta orokorrak hartzea lurralde osorako nahiz talde guztietarako, baina inguruko herrialdeetan hain zorrotzak ez diren konfinamendu ereduak ere ikusi ditugu, eta, gure ustez, eredu horiek ere baloratu beharko lirateke. Gauza asko daude egiteke orain: konfinamenduaren ondorioak ikusiko ditugu, ekonomia eta lan krisi bati egin beharko diogu aurre, baina baita orain konpontzea funtsezkoa izango den zaintza ereduaren krisi bati ere.
Errealitateari helduko diogu berriz, gizartea, dagoeneko, krisian baitzegoen: kapitalismoaren hazkunde mugagabearen ereduari ezin zaio eutsi, jadanik. Kezkatzen gaitu, berriro ere, talde zaurgarrienak, prekarizazio handieneko lanpostuetan daudenak, eskubide gehien eta autonomia nahiz autogestiorako gaitasun gehien galtzen dutenak izateak.
Hori guztia dela-eta, gogoeta horretan gure ekarpena egin nahi dugu, krisi honen ondorioak ikuspegi global eta sozialetik kudeatzea proposatuz, erdigunean bizitza eta jasangarritasuna jarriz, xede honekin: berdintasun handiagoko gizartea sortzea, sozialki bidezkoagoa, herritar guztientzako ongizate handiagoa sortuko duena; ildo horretan, gizarte zibila benetako solaskide eta beharrezko gizarte aldaketaren eragile izan dadin nahi dugu.
Zarauzko emakume talde bat:
Pepa Bojo Ballester
Leticia Eizagirre Altuna
Miren Elejondo Agirregomezkorta
Maria Feijoo Gonzalez
Begoña Garces Vidador
Helena Aierbe Gartxotenea
Cristina Gimenez Garcian