Kurba apaldu edo berdindu; behin-behineko edo kanpaina-ospitale; konfinamendua arintzea edo leuntzea; urruntze fisikoa; maskara, musu-aurrekoa; seroprebalentzia ikerketa; berragertze arriskua... Errealitate berriak lehen nekez erabiltzen genituen hitzak erabiltzera behartu gaitu azken bi hilabete luzean.
Apurka ari dira gauzak bere onera —edo bere txarrera— itzultzen. Taberna eta jatetxeak zabaltzeko baimena eman dute, baina neurri zehatzak hartuta. Jakinarazi egin behar dute aldi berean zenbat egon daitezkeen barruan. Oharra ele biz idatzi nahi duen tabernari edo jatetxe-jabeari zoldar bat azaldu zaio. Aforo euskaraz nola jartzen den jakin nahian dabil azken egunotan. «Baimendutako gehieneko edukiera: XX» ipini duenik izan da. Ez dago gaizki. Zuzena da. Baina Soberano botila erdi hustu baten parean dagoela, krakatekoa eragiten du, gudu-zelai baten erdigunean kristalezko oinetako pare bat jartzeak adinakoa.
«Barruan, gehienez XX lagun» jartzeko aholkatu nion tabernari adiskide bati. Gazteleratik pentsatzen duenaren ohiko txistea egin zidan. Ea nola nekien guztiak lagun zirela. Gazteleraz «XX personas» jarria zeukan, eta nire lagunena bezain dudakoa zela bere pertsonena erantzun nion. Barre egin zuen eta jaramon egin zidan.