Etxeak hustu, garbiguneak bete

Aitziber Arzallus eta Onintza Lete Arrieta 2020ko mai. 27a, 09:08

Hainbat astez herritarrek ez dute izan traste zaharrak botatzeko aukerarik. Berriz martxan dira zerbitzuak, eta galdezka ibili da HITZA eskualdeko lau garbiguneetan.

"Tsunamirik ez, baina olatua egon da, guk aurreikusita bezala”. Orio-Aiako garbiguneko arduradunak bazekien halabeharrez elkartu diren bi faktore konkreturen konbinazioak horixe ekarriko zuela. Izan ere, osasun krisiaren ondorioz, batetik zenbait astez itxita egon dira garbiguneak, eta asteroko kaleko hondakin handien zerbitzurik ere ez da egon; eta, bestetik, herritarrek etxeetan konfinatuta egon behar izan dute. Ondorioz, joan den astean berriro zerbitzuak abiatu dituztenean, hondakin eta material asko jaso dute eskualdeko garbiguneetan. Bitxikeria askorik ez dute kontatzeko; kexa txikiren bat edo beste. “Garbigunea itxita egon den tartean, ate ondoan kartela egon da, ohartaraziz ezin dela utzi materialik garbigune kanpoan. Bada, batzuek utzi dituzte, eta gainera, justu kartelaren pean, ez ezkerrerago edo eskuinerago, urrunago; ez, pareparean”, kontatu du Oriokoak.

Joan den astean hainbat neurri hartuta zabaldu zituzten zerbitzuak, eta Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatzen dituen Orioko, Zumaiako eta Zarauzko garbiguneetan, esaterako, aurrez hitzordua hartzea derrigorrezkoa izan zen, eta baita erabiltzaileak banaka sartzea eta bertako langileek materialik ez ukitzea ere.

Azkoitiko garbiguneko arduradunak azaldu duenez, beraiek lanean jarraitu dute garbigunea itxita egon den bitartean. “Tarte horretan, barruko lanak egiten aritu gara eta herritarrei harrera egin diegu, baina oso kasu puntualetan bakarrik, benetan premiazkoa zenean”. Ateak ireki dituztenetik, berriz, herritarren sartu-irtena ohikoa baino handiagoa izaten ari da, eta gauza batek harritu du: “Garbiketako produktu asko iritsi zaigu: garbikari berezien ontziak, eskularruak, fregonak, kuboak, eta abar. Horiek kaleko edukiontzietara bota daitezke, baina batzuek hona ekarri dizkigute, hondakin asko sortu dutelako. Hiru-lau poltsa bete hondakin ekarri dizkigute batzuek”. Gainerakoan, kostaldean bezalaxe, trastelekuetan, ganbaretan eta garajeetan gorde ohi diren gauzak iritsi zaizkie.

Lan faltarik ez

Azpeitiko garbiguneko erabiltzaile kopuruak ere hazkunde handia izan du azken egunotan. Konfinamendu garaian zabalik egon da, baina herritarrek etxean egoteko agindua zutenez eta mugikortasuna mugatuta zutenez, batez ere gremioek sortutako hondakinak jaso zituzten. Konfinamendua arindu dutenetik, ordea, garbigunera doazen partikularren kopurua asko hazi dela nabarmendu du hango arduradunak. Hondakin motari dagokionez, berriz, “betikoa” ekartzen jarraitu dutela esan du.

Zumaiako garbiguneko arduradunak ere azaldu du betiko materiala jaso dutela azken egunetan. Han ere gora egin du erabiltzaile kopuruak, “aurreneko egunetan batez ere. Orain ari da pixkanaka lehengora bueltatzen”, zehaztu du. Hori bai, segurtasun neurriak hartuta zabaldu dutenez zerbitzua, “lana zaildu” egin zaiela adierazi du. “Gauzak zaildu zaizkigu, geuk ezin dugulako ukitu kanpotik sartzen den ezer, eta erabiltzaileak ere banaka sar daitezkeelako. Gainera, asko txanda hartu gabe etorri dira ez direlako enteratu. Gehienak ulerkor agertu dira, hori bai”.

Herritarren ohiturei dagokienez, Orioko arduradunak azaldu du garbiketa sakonak ohikoak izaten direla Gabonen bueltan, baita uda hasieran ere: “Balkoiak, garajeak nahiz trastelekuak txukuntzen ditu jendeak sasoi horietan”. Bere ustez, herritarrek oro har ohitura dute gauzak gordetzeko; “ez dut esango Diogenes sindromea dugunik, baina bai gauza asko pilatzeko ohitura”.

"Norberaren etxea egoera psikologikoaren islada izaten da"

Maria Zunzunegi, psikologoa

Zergaitik egin ditugu horrenbeste garbiketa konfinamendu garaian?

Orain arte gure bizitza etxean, lantokian eta kalean egiten genuen, eta etxeko garbiketa eta ordenak beharbada ez zuen hainbesteko garrantziarik, bizitza hainbat espaziotan egiten genuelako. Baina, aurreko asteetan, gure etxea izan da gure egunerokotasunaren ardatza; beraz, eremu garrantzitsuena. Horregatik, arreta handiagoa jartzen hasi gara etxeko garbitasunari eta ordenari. Geure buruarekin eta geure etxearekin dugun harremana asko estutu da konfinamendu garaian, eta ongizatea sentitzeko beharra izan dugu. Norberaren etxea egoera psikologikoaren islada izan ohi da, eta garbiketa zein txukuntze lanek oreka lortzeko edo berreskuratzeko balio dezakete.

Zer eragin psikologiko ditu garbiketa handiak egiteak?

Askotan zaila izaten da barne prozesuan aritzea, eta ingurua txukuntzeak erreflexu moduan egiten du lan. Garbitzeak erabakiak hartzera behartzen gaitu; izan ere, beharrezkoak ez ditugun objektu asko gordetzen ditugu. Objektu horiek kentzeak iraganeko bizipenetatik askatzea eskatzen du. Bizitakoa atzean uztera behartzen gaitu, eta beharrezkoa dugun horrekin bizitzean, orainaldian zentratzen gara. Azkenik, etxea aireztatzea eta argi naturala sartzea beharrezkoa dira gure deskantsurako eta osasunerako.

Zer emozio edo sentimenduri lotuta dago garbitzea?

Oraina bizitzearen aldeko apus- ‘‘ tuarekin, eta objektu zein pertsonekiko mendekotasunarekin eta askatzearekin. Azkenean, etxeko gauzek aspektu emozional bat ere badute, istorio eta iragan bati lotuta. Etxea garbitzean, gure bizi espazioaren zati bat ari gara garbitzen, eta beharrezkoa ez dugunaz askatzean, pertsona edo oroitzapenetatik askatzeko pausoak ematen ari gara.

Gauza edo toki ezberdinak garbitzen dira egoera emozionalaren arabera?

Txukuntze eta garbiketa prozesuak oso pertsonalak dira, eta ezberdinak pertsona bakoitzean. Etxeko objektuen edo espazioen karga emozinalaren araberakoa izango da garbiketa.

Garbitzeko modu desberdinak al daude?

Bai. Desberdina da objektuak mugitu gabe garbitzea, hau da, atera garbitu eta bere horretan uztea, objektuak txukuntzea, edo objektuaren beharraz gogoeta eginez garbitzea, eta beharrezkoak soilik mantentzea. Izen berak interpretazio desberdinak izan ditzazke.

Esanahi desberdina du bakoitzak?

Emozio ezberdinak baino, horiek intentsitate ezberdinean biziko ditugu egiten dugun garbiketa motaren arabera. Eta horrela landuko ditugu gure garbiketak ere, objektu horien inguruan gogoeta egiten badugu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide