Gutuna: "Ezin al dira gutunak beste termino batzuetan idatzi?"

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 14a, 18:38

Tomas Mugertzak ondorengo gutuna helarazi dio ZARAUZKO HITZAri TAO zerbitzuren inguruan.

"Dagokionari:

Maiatzaren 8an, ostiralean, TAOko bulegoko gutun bat jaso nuen, ez nuena larunbat arratsaldera arte ireki, eta haren bidez jakinarazi ninduten TAO txartela ukatzen zidatela baldintzak betetzen ez nituelako. Euskaraz eta hizki erraldoiez argi geratu zedin.

Aurki 68 urte beteko ditut, eta uste dut TAO zerbitzua hasieratik ordaintzen ari naizela, azken lau urteak auto beragatik.

Dudan artrosiaren eraginez nahiko mugatuta nagoenez, beharrezkoa dut autoa herriko dendetara erosketak egitera joan ahal izateko, nahiz eta ahalik eta gutxien erabiltzen dudan. Duela hiru urte, herrigunean (Merkatu Plaza, esaterako) erosketak egitean nahiko zaila zela ikusita, garaje bat erostea erabaki nuen han inguruan (Herrikosoron bizi naiz ni).

Maiatzaren 11n TAOko bulegora joan nintzen goizeko 09:30ak aldera, baina horren ilara luzea zegoenez, beste momentu baterako utzi nuen.

Gutunean jartzen du telefonoz edo posta elektronikoz jar naitekeela harremanetan beraiekin, eta telefonoz deitzea erabakitzen dut gaiarekin kezkatuta nagoelako. 35 aldiz deitzen dut; batzuetan, komunikatzen ematen du eta, besteetan, sei edo zazpi tonu eman ondoren, moztu egiten da.

12:30ak aldera berriro ere itzuli nintzen TAOko bulegora, eta zortzi lagun inguru zeuden ilaran. Txanda itxarotea erabakitzen dut, baina nire aurrekoak esaten dit bera izango dela bulegokoek arreta egingo dioten azkena. Arratsaldez ezinezkoa zait joatea, baina beste behin saiatzen naiz telefonoz, eta 29 dei egiten ditut emaitza berarekin.

Asteazkena, maiatzak 13, 09:15erako ilaran nago berriro ere, eta nire aurretik zortzi lagun daude. (Dena egoki dago, egungo osasun neurriak ere betetzen dira)

Nire txanda iristen denean agentea hurbiltzen zait emakume gazte batekin, eta esaten dit ea ez didan axola nire aurretik sartzea, galdera bat egiteko besterik ez dela. Baina minutuak aurrera doaz (5,10...), eta agenteari, une horretan nire ondoan dagoela, zera esaten diot: "Badakit hire errua ez dela, baina hau tercermundista da". Bere erantzuna da: "Ez iezadak burua berotu!". Protesta bat egin nahi dudala esaten diot eta ea norengana jo behar dudan galdetzen diot, baina ez dit erantzuten.

Ni urduri jartzen naiz eta berriro eskatzen diot esateko harremanetan jartzeko pertsonaren izena zein den, eta ahotsaren tonua igotzen dugu. Orduan, arduraduna dirudiena ateratzen da, eta isiltzeko esaten dit. Nik esaten diot barruan dagoena kolatu egin dela, eta zortzi gaudela kanpoan itxaroten. Agenteak esaten dit ez diola beste inori utziko aurretik pasatzen. Erantzuten diot hori zela egin behar zuena. Kolatu den pertsonari inork ez dio ezertxo ere esaten.

15 minutu geroago bukatutzat jo du bere galdera, atera da eta ni sartu naiz, agurtzen ditut, agurtzen naute. Langileak zera esaten dit, oso zuzen eta atsegin: "Galdera bat", "zure autoa...". Enpresakoa dela erantzuten diot. Berak: "Hori zen guztia". Argitzen dit ez dagoela helbideratuta, nahiz eta nik ustez gogoan izan helbideratuta nuela. Inprimakia eskatzean dut (bi minutu ere ez dira pasatu) eta kanpora irteten naiz bigarren ilaran jartzera,  ordainketena. Inprimakia betetzen dut eta dagokidanean sartzen naiz txartelarekin ordaintzera (ilaran jakin dut txartelarekin bakarrik ordaindu daitekeela); dena oso zuzen eta bi minutu baino gutxiagotan bukatzen dut.

Bulegotik ateratzen naiz eta 10:07 dira (52 minutu igaro dira), eta esan behar da agentea ere datorrela barkamen eske.

Nire galderak ondokoak dira:

- Ezin al dira gutunak beste termino batzuetan idatzi? Adibidez, datu batzuk falta zaizkigu eta jar zaitez harremanetan gurekin, inor beldurtu gabe, eta, bide batez, ordainketa txartel bidez soilik egin daitekeela zehaztuta?

- Telefonoz arretarik eman ezin baldin badute zergatik bultzatzen gaituzte bideo erabiltzera.

Idatzi honen helburua da zerbitzu hobetzen saiatzea, hobetzeko baduela iruditzen baitzait."

Tomas Mugertza

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide