Galder Gonzalezek irabazi du CAF-Elhuyar saria

Zarauzko Hitza 2020ko api. 29a, 15:26

Dibulgazio artikulu orokorren alorrean eskuratu du saria Galder Gonzalezek, "irakurlearen arreta harrapatzen duen" Io eta argiaren abiadura lanagatik.

Zientzia eta teknologia gizarteratzeko lanak eta egitasmoak aitortzea da CAF-Elhuyar sariketaren helburua, eta aurtengo deialdiak ere eman du fruitua. Dibulgazio artikulu orokorren kategorian, Zarauzko bizilaguna den Galder Gonzalez Larrañaga wikilariaren Io eta argiaren abiadura artikulua aukeratu du epaimahaiak. Haren iritziz, egileak ikuspegi historikoa aukeratu du zientziak aurrera nola egiten duen azaltzeko, eta lan "irakurterraza, erakargarria eta bitxia" osatu du, irakurlearen arreta harrapatzen duena.

Ezohikoa den osasun-larrialdian ezohiko moduan eman dira jakitera aurtengo saridunak, ez baita sari-banaketarako ekitaldirik izan, eta oraingoz ez egitea erabaki dute antolatzaileek. Hala ere, saridunek jasoko dute 2.000 euroko diru-saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana. 

41 lan jaso dira aurten, eta parte-hartzaileen artean genero-oreka egon da. Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio artikuluen kategorian Leire Sangroniz Agudo kimikako doktore elgetarrak irabazi du saria, Polimero birziklatu aurreratuen garapena: plastiko-hondakinei bizi berri bat emanez lanagatik. Azkenik, zientzia-kazetaritzako lanen kategorian, epaimahaiak aho batez erabaki du Tolosako Josu Lopez Gazpiori ematea saria, Musikaren zientzia lanagatik.

Ekitaldia ez egitea ez da izan CAF-Elhuyar sarien edizio honetako ezohiko erabaki bakarra: Neiker sari berezia (lehen sektoreko lan onena saritzen duena) eta Zientzia Gizartean sorkuntza-beka eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak, aurkeztu diren lanek ez dutelako sarituak izateko adinako kalitaterik.

Antolatzaileek, dena den, aurtengo sorkuntza-bekarako dirulaguntza (5.000 euro) datorren urterako gordetzea erabaki dute, eta dei egin diete sortzaileei proiektuak aurkez ditzaten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide