Aitziber Estonba, sexu aholkularia

"Egoera honetan gure emozioak saltoka dabiltza, eta gainera, intentsitate handiz"

Onintza Lete Arrieta 2020ko apirilaren 30a

Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuak Harremanetarako Laguntza Emozionala zerbitzua abiatu du, konfinamendu garaian sor daitezkeen behar berriei erantzuteko. Hala, 12 urtetik gorakoek bakarka, familian nahiz bikotean jaso dezakete zerbitzua. Jaso dituzte aurreneko kontsultak.

Azken urteetan, udalak Sexu Aholkularitza Hezkidetza programa eta Sexu Aholkularitza eskaini izan ditu. Aurrenekoa ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako lehen mailatik Batxilergoraino ematen da, baita zikloetan eta lanbide heziketan ere. Bigarrena 16 urtetik gorakoei eskaintzen zaien zerbitzu konfidentziala eta doakoa da. COVID-19 birusak eragindako osasun krisiak konfinamendua ekarri du, ordea, eta horrek zerbitzua egoera berrira moldatzea eragin du.  Aitziber Estonba sexu aholkularia da Harremanetarako Laguntza Emozionaleko arduraduna.

Zergatik erabaki duzue zerbitzu berria eskaintzea? Zer behar atzeman dituzue?

Egoera honen hasieratik, Parekidetasun Departamentuaren lehentasuna izan da baliabideak jartzea etxeetan eta familiengan sor daitezkeen arazoei aurre egiteko. Hala, eskatu zigun zerbitzua moldatzea zarauztarrei lagundu ahal izateko egoera berezi honetan. Gure lanak harreman eta emozioekin zerikusi handia duenez, hasieratik konturatu ginen konfinamenduak horietan ondorioak izan zitzakeela. Egoera honetan gure emozioak saltoka dabiltza, eta gainera, intentsitate handiz. Horrek jende askorengan antsietatea, kezka, tentsio egoerak eta halakoak sor ditzake.

Herritar gehienak ez dira bakarrik bizi, gainera.

Hori da. Eta aipatu ditudanak familian edo bikotean bizi baditugu, nahi gabe harreman horietan ere eragingo du, horiek kaskartuz. Gainera, nerabe eta haur batzuen egoera ez da erraza. Familia batzuek, konfinamendu egoerarik gabe ere, oso egoera gogorrak bizi zituzten etxeetan, eta kezka horrek bultzatu gintuen ahalegin berezi hau egitera. 

Zer lan egingo dituzue?

Bai, eta horregatik, konfinamenduak sor ditzakeen ondorio ezkorren aurrean prebentzio lana, akonpainamendua eta arreta landu nahi dugu arlo emozionalean eta familiaren barruko harremanetan. Laguntza emozionala eskaini nahi dugu. Bakoitza dagoen egoeran dagoela, laguntza indibidualizatua izango da, bere egoerara egokituta, non tresnak eskainiko ditugun egoera hau ahalik eta hoberen kudeatzeko. Izan ere, bakoitzak behar ezberdinak izango ditu.

Esaterako?

Batzuek norbaitekin hitz egiteko gogoa edo beharra izan dezakete, kontaktua gizakien behar garrantzitsua delako; isolamendua ekidin nahi izaten dugu; beste batzuek  behar izaten dute konfinamenduan bizi ditzakegun emozioen gorabeherekin laguntzea; familian sortzen diren egoera zailak ulertu eta hauek bideratzeko tresnak nahiko dituzte beste batzuek; edo bikoteek, agian ideiak behar dituzte orain sortzen ari diren liskarrak kudeatzeko.

Zerbitzua eskaintzen ari zarete jada. Zer beharrekin jo dute zuengana?

Familiek haien seme-alabekin sortzen diren zailtasunak aipatzen dituzte. Bikoteek, jada harremana kaskartuta zegoela eta honek okertu duela, baita bizikidetzaren inguruko kontsultak ere. Egoera dela eta, umeengan honek sor ditzakeen ondorioez ere galdetzen dute. Beste batzuk, bakarrik sentitzen dira, eta saiatzen gara horien ondoan egoten. 

Konfinamenduak izan dezake alde onik harremanei dagokienez?

Bai, noski, orain arte alde txarrak aipatu ditugun arren, baditu alde onak ere. Lehenik eta behin, eta familia guztiok egoera desberdina dugun arren, gure eguneroko estres eta erokeria horri stop esatera behartu gaitu. Familiek elkarrekin lasaitasunez egoteko tartea izan dezakegu; gure seme-alabekin egoteko, jolasteko… Haien emozioak eta beharrak entzuteko une aproposa da, baita gure arteko harremanak sustatzeko ere. Bakarka ere,  beti atzeratu ditugun gustuko gauzei heltzeko unea izan daiteke, edo besterik gabe, atsedena hartzekoa. Azkenean, une aproposa izan daiteke, egoerak hala uzten badu, gure harremanak zaintzeko, bai geure buruarekin, bai bikotearekin, baita familiarekin ere. 

Zuekin harremanetan jartzeko zer bide daude?

Batetik, telefonoa daukagu (618 62 62 08), whatsappez edo dei bidez hitz egin ahal izateko. Bestetik, skype-a (Sexu Aholkularitza Zarautz). Korreo elektronikoa ere bai, noski (sexuaholkularitza@gmail.com), eta baita Facebook kontua eta Youtubeko kanala ere.

Etenda gelditu dira eskolak, eta beraz hezkuntza programa, eta baita aurrez aurreko Sexu Aholkularitza zerbitzua ere. Baina zer lantzen duzue urtean zehar bi zerbitzu horietan?

Hezkuntza programan pisu handia dute hezkuntza afektibo sexualak, tratu onek eta harremanek, bai norbere buruarekin, bai ikaskideen artean, eta baita familia  eta bikotekidearekiko ere. Hori guztia modu osasuntsuan kudeatzeko, emozioen ezagutza, identifikazioa eta kudeaketarako tresnak eskaintzen dira; azken finean, emozioak daude gure harreman guztien atzean, eta horiek baldintzatuko dituzte harremanak. Sexu Aholkularitzan, berriz, afektibitatearekin eta harremanekin zerikusia duten gaiak lantzen eta artatzen ditugu modu zabal batean. Sexu hitzak nahaste asko sortzen dituela badakigu, eta oraindik ere jendeak arlo erotikoarekin, harreman erotikoekin soilik lotzeko joera du, baina  2013. urtean zerbitzua ireki zenetik, sexualitatearen zentzu zabala azpimarratu nahi izan dugu. Pertsonaren autoestimua, bere emozioen ezagutza eta kudeaketa gure sexualitatearen parte dira. 




Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide