Euskal kirolaren begi eta arima

Onintza Lete Arrieta 2020ko api. 29a, 14:01

Lopetegi,atzo bere etxean, eta atzeko koadroko argazkian,prentsaren plataforma atzean Nelson Mandela,kartzelatik atera berri

Aste hauetan aspaldiko kirol saioak ari da eskaintzen ETB1. Gehienak Fernando Lopetegik eginak dira, hiru hamarkadaz izan baita kirol errealizadore arduraduna. 

"Abuelo cebolleta bezala naiz", esan du Fernando Lopetegik barrez. "Gauza asko egin ditut". Eta ez zaio arrazoirik falta. 1983an hasi zen ETBn lanean, eta 35 urtean makina bat lan eta berrikuntza egitea tokatu zaio kiroletako errealizadore gisa. Gauza kuttun asko ditu, baina nagusiki musika, eta horrez gain baita estropadak eta pilota ere. 

Martxoaren 16an hartu zuen aurre-erretiroa, konfinamendua hasi eta egun gutxira. Zereginik ez zaio falta, ordea. Irakurtzeaz eta semearekin filosofiaz eztabaidatzeaz gain, badu zaindu beharreko senide bat, eta ZarautzOn zientzia dibulgazioko elkartean ere buru-belarri dabil.  
Telebista askorik ez da ari kontsumitzen, ordea. "Orokorrean, ez zait gustatzen telebistetan eskaintzen ari direna. Gainera, ETB1en ematen ari garena askotan nik egindakoa da, ari garelako aspaldiko pilota partidak, estropadak, txirrindularitza etab. botatzen". Ez du gogoratu nahi "lehen nola egiten ziren gauzak, zer bitartekorekin". 


Esperientzia, aurretik

Aurreneko oposaketak 1983an antolatu zituzten Euskal Telebistarako, eta horiek gaindituta hasi zen lanean Lopetegi ETBn. "Emanaldiak apirilean hasi ziren, eta lau lagun urrian sartu ginen: gure semea jaio eta egun berean sinatu nuen kontratua". 

Telebistan sartzerako bazuen esperientzia kamerarekin. Izan ere, euskara irakasten zuen, eta ikasleak grabatu egiten zituen. "Zertarako? Ikasleak bere burua ikus zezan euskaraz hitz egiten eta akatsak zuzendu zitzan. 1980. urtean erosi nuen bideo kamera, eta artean ez zenez Euskal Telebistarik, joaten nintzen herri edo baserri batera norbait elkarrizketatzera, edo kirol apustu batetara...". Donostian, Deuston, jesuitetan, bideo eta audio saila ere jarri zuen martxan garai hartan.

Berehala errealizaziora

ETBn kameralari hasi zen. Gogoan du 1984ko Donostiako Zinemaldia eta Euskal Herriko Itzulia grabatzen aritu zela. Baina ez zen denbora asko pasa errealizadore lanetan hasi aurretik. "Arazoa zen gero eta gehiago produzitzen genuela eta ez zegoela errealizadorerik; hiruzpalau bakarrik ziren". Barne-oposaketak egin, eta 1984an bertan lortu zuen postua. "Aurrena videomixer-ak ginen; 1987an onartu ziguten errealizadore kategoria", gogoratu du. 


1990etik, kiroletako errealizazio arduradun izan da. Tarte horretan, 1984-1990 artean, kirolaz bestelako lanak ere egin zituela azaldu du. Duncan Du musika taldearen lehendabiziko grabaketa telebistan, Ruper Ordorika, Txirri,Mirri eta Txiribiton, albistegiak Maialen Iriarte aurkezle zela, eta ETAko preso ohia Ioldi lehendakaritzarako aurkeztu zen Legebiltzarreko hauteskundeetako zuzeneko saioa, besteak beste.  

 

Lopetegi eta lantaldea Liverpoolen, Xabi Alonsoren dokumentala grabatu zutenean.


Irudimena bi gurpiletan

Kirol bakoitza lantzerakoan onena ematen saiatu izan da Lopetegi. Txirrindularitza, esaterako, telebistan ondo lantzeko zaila zela gogoratu du. "Lankide batzuen ideiei esker, lortu genuen ETBko tresneriarekin Euskal Herriko txirrindularitza eskaintzea. Zergatik geure tresneriarekin? Dirua aurrezten genuelako. Frantsesek diru asko eskatzen zutelako. Txirrindularitzan ere, orain toki guztietan ikusten den denboren diferentzia eta GPSa, hori guk egin genuen aurreneko aldiz, 1993an, oker ez banago". 

Txirrindularitzako lankideekin.


Txirrindularitzan berrikuntza eta ekarpen gehiago ere eginak dira. "Orain mundu guztian ikusten den bideo-finisha ere guk egin genuen lehendabizikoz, 1991n. Argazki makinetan obturazioa aldatu zitekeen, eta guri orduan iritsi zitzaizkigun bideo kamerei ere aldatzea bazegoen. Beraz, kamera gelditzean, bideo-finishean irudia garbi ikusi behar zela pentsatu genuen. Proba egin genuen, eta primeran atera zen. Geroztik beste guztiek kopiatu zuten. Esaten didate exajeratu egiten dudala, baina inork ez dit erakutsi halako irudirik 1991koa baino lehenagokoa. Guk Bicicleta Eibarresan egin genuen proba, Indurainen eta Claveyrolat txirrindularien arteko sprintean".

Aurreneko zuzenekoa

"Oso graziosoa da, orain Reala Espainiako Kopako finalera iritsi da. 1988an, beste final bat jokatu zuen Madrilen, Bernabeun, eta han izan ginen Mikel Olazabal, Asier Aranguren eta hirurok. Ezetz asmatu Efe Television-en, lehendabiziko zuzenekoa zeinek egin zuten mundu osoarentzat? Mikel platoan, Asier bekadun bezala eta ni errealizazioan aritu ginen, eta hurrengo egunean albiste agentziek hala aitortu ziguten egindakoa".
 
"Orain hain modan" dagoen streaming-az ere badu kontatzekorik. "Okurritu zitzaidan eta idatzi nuen eta diseinatu nuen telebista programa bat: Gaztea Live. Azken batean, zen zuzeneko musika kontzertuak uztartzea irratian, Interneten eta telebistan. 2009an hasi ginen hori egiten eta 500 kontzertu inguru egingo genituen", nabarmendu du.

Kontrol mahaian, lankideekin.


Frontoien kolore berdea

Telebistan ikusten diren frontoien horma berdeetan ere badu zerikusia zarauztarrak. Izan ere, pilota ematen hasi zirenean, arazo batekin egin zuten topo: pilota ez zela behar bezala ikusten frontoietako horma zuriengatik.

Agintariekin borroka asko egin ondoren, Lopetegik lortu zuen "pilota ondo ikusteko behar den kontrastea", soilik frontoietako hormak margotuta. "Javier Carballo zen orduan Gipuzkoako pilota federazioko presidente, eta hark segituan ulertu zuen kontrastearena. Donostiako Atano III.a margotzeko agindu zuen, eta hortik aurrera besteekin ez zen arazorik egon". 1990eko hamarkada zen.  

Etorkizunean, robotak

Hiru hamarkadatan "ikaragarri" aldatu da errealizadorearen lana. "Adibidez, 1987ko Kontxako Estropadan jarri nion aurreneko aldiz mini kamera bat traineru bati, Paco Prieto Koxtapeko entrenatzailea zenean. Lau kiloko tresna zen!. Orain, gauza txiki-txikia jartzen da, GPS-a ere bai kaxatxo batean... Aldaketak ikaragarriak izan dira, bakarrik tresneria txikiagoa eginez". Berrikuntzak egiteko dirua behar da, ordea, eta orain datorren krisiak hori zaildu egingo duela ziur da. 

Kubako telebistan, 1991n.
 

Etorkizunean, berriz, errealizadore lanak robot batek egingo dituela uste du Lopetegik, eta bera iritsiko dela hori ezagutzera. "Pertsona batek diseinatu beharko ditu aginduak, baina ziur naiz momentuko lana ez dugula guk egingo, makinek baizik. Eta horrek gauza asko esan nahi ditu". 
Makinen gaia COVID-19 birusarekin ere lotu du Lopetegik. "Ni nahiko konspiranoikoa naiz. Proba egin dute: denok sartu gaituzte etxeetan, kartzelan, eta inork ez du protestatu. Inkesta egin zuten, eta herritarren %70ak nahiago zuen etxean jarraitu. Burutik al gaude? Non dira umeak? Berriro elkartzen garenean ezingo dugu elkar besarkatu, elkar musukatu? Pentsa zenbat gauza lortu dituzten konfinamendu batekin. Beraz, gu etxean bagaude, makinek egon beharko dute kalean, ezta?". 

Erlazionatuak

Fernando Lopetegi, etxetik etxera

Onintza Lete Arrieta 2020 api 29 Zarautz

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide