COVID-19ak eragindako krisiak, dudarik gabe, ondorio lazgarriak ekarri ditu gizartean; hezkuntzaren esparrua, bistan denez, ez da salbuespena. Klase presentzialak eteteak, erabat zaildu du ikasleon egoera eta, gaur-gaurkoz, ezjakintasuna da nagusi: edukiaren lanketa, ebaluazio irizpideak, azterketak… Zer esanik ez Batxilergoko bigarren mailako ikasleen kasuan, selektibitatea egin behar dutela kontuan izanik.
Gogora ekarri nahi genituzke, bestalde, euren etxeetan ordenagailurik edo Interneterako sarbiderik ez duten ikasleak, arrakala digitala pairatzen dutenak. Izan ere, ikasle proletarizatuenak sufrituko dituzte krisi honen ondorio gogorrenak. Gainera, aipatu beharra dago zenbait familiatan, azken asteetako ezegonkortasunak eta egoera nahasiak ez duela ikasteko giro erosorik bermatzen, gurasoek ikasketetan laguntzeko aukera ahalbidetzen…
Testuinguru honetan, UIBk (Unibertsitateko Indar Batasuna) Ikasle Babes Sarea martxan jarri du, ikasleei egoera honi aurre egiteko mekanismoak eskainiz. UIB sortu zenetik, unibertsitateko langile klaseko sektore ezberdinen (ikasleak, garbitzaileak, ikerlariak…) elkartasuna saretzeari ekin eta hainbat borroka aktibatu ditugu; besteak beste, tasen eta beken inguruko lanketa aipatu genezake.
Bizi dugun salbuespen egoeran, ordea, unibertsitateko mugak gainditu eta DBH zein Batxilergoko ikasleei ere zuzendutako tresnak abian jartzea erabaki dugu; izan ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu ikasleon arteko elkarlaguntza sustatzea. Artikulu honen bitartez, Urola Kostako ikasleei tresna hauen inguruko informazioa helarazi eta, bide batez, hauetan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi genioke laguntzeko prest dagoen herritar orori. Bi dira, zehazki, martxan jarri ditugun mekanismoak:
Alde batetik, bigarren hezkuntzako (DBH eta Batxilergoa) zein unibertsitateko ikasleei zuzendutako ikasketa-laguntza abiarazi du UIBk, ikasketekin arazoak dituzten ikasleei laguntzeko asmoz.
Zalantzak edo arazoak helarazteko, gurekin harremanetan jarri zaitezkete posta elektroniko (uibnazionala@gmail.com), telefono (688 64 44 97), Twitter (@UIBnazionala) edo Instagram (@uib_nazionala) bidez. Ondoren, sareko kide bat zuekin harremanetan jarri eta arazoari erantzuten saiatuko da, erosoen egiten zaizuen kanalaren bidez: Skype, Hangouts, korreoz edo telefonoz.
Interneterako konexiorik ezean, konponbideren bat ematen ahaleginduko gara, beharrezko neurriak hartuz eta une oro segurtasuna bermatuz.
Bestetik, apunteen bankua jarri dugu eskuragarri behar duen edonorentzat. Izan ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu klase telematikoek eragindako hutsuneei elkartasunez erantzun eta eskura ditugun baliabideak kolektibizatzea. Honako helbidean aurki ditzakezue apunteak:
https://mega.nz/folder/mmJigCJS#82x26oOt3jfdz8ugBWEXbA
Apunteen bankura ekarpenik egin nahi izanez gero, uibnazionala@gmail.com helbidera bidal ditzakezue fitxategiak (PDF gisa edo Drive bidez).
Argi geratu da, beste behin, instituzioek ez dituztela gure beharrak asetzen eta, hori gutxi balitz, ondorioak langile klaseko ikasleok ordaindu beharko ditugula. Horren aurrean, beraz, ezinbestekoa zaigu ikasleon arteko elkartasuna saretu eta gure babeserako mekanismoak garatzen jarraitzea.
Indarrak batuz, gaitasunak biderkatu!