Baserritarren produktuak biltzeko eta merkaturatzeko egitasmoa jarriko du martxan hainbat erakundek

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 29a, 11:00

Baserritarra barazkiak saltzen, merkatuan. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Koronabirusa tarteko, baserritarrek produktuak merkaturatzeko dituzten arazoei irtenbidea emateko jarriko dute martxan egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Hazi fundazioaren bidez. Egitasmoa datorren astean abiatu nahi dute. Bi telefono zenbaki jarri dituzte ekoizleak informatzeko.

Azoketara produktuak eramaten dituzten baserritarrei zuzenduta, produktuen bilketa eta merkaturatze zerbitzua jarriko dute martxan datorren astean. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz bizi den alerta egoeran, baserriko produktuei irtenbide bat emateko asmoarekin sustatu dute egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Hazi fundazioaren bidez. Aldundiaren arabera, ekoizleen zein bezeroen osasuna bermatuta egingo dituzte bilketa eta banaketa. "COVID-19 lehen sektoreko zuzeneko salmentan edukitzen ari den eragina arintzea da egitasmoaren helburua", adierazi dute proiektuaren sustatzaileek.

Beren produktuak azoketan saldu ezin dituzten baserritarrei produktuak merkaturatzeko "alternatiba berri bat" eskaini nahi diete. "Baserritarren produktuak ez daitezen irtenbiderik gabe geratu eta kontsumitzaileek produktu horiek kontsumitzeko aukera izan dezaten", gaineratu dute erakundeek. Neurria larrialdi egoera bati aurre egiteko hartu badute ere, "banaketa bide berriak irekita" aurrera begira "aukera" bihur daitekeela gaineratu dute.

Bilketa eta banaketa zerbitzua Lurrarte Baserriko Uzta enpresarekin emango dela adierazi dute egitasmoaren sustatzaileek. Lurrartek Hazi eta landa garapen elkarteetako teknikarien laguntzarekin egituratuko du martxan jarriko duten zerbitzua, beti ere, azokak antolatzen dituzten hirietako eta herrietako udal arduradunekin elkarlanean.

"Ohiko egoeran, ekoizle batzuk ostalaritzako establezimenduetan edota azoketan saltzen dituzte beren produktuak. Orain, baina, ostalaritzako establezimendu guztiak itxita daude edota azoketara ezin dute joan produktuak saltzera. Neguko uztatik jaso dituzten eta gelditzen zaizkien produktuei irteera eman nahian jarriko dute martxan erakundeek bilketa eta merkaturatzeko egitasmo berri hau. Baserriko produktu fresko horiek alferrik galtzen utzi beharrean, bide berri bat zabaltzeko", azaldu du Yurre Peñagarikano Urkomeko kudeatzaileak. Oraindik, neguko uzta ari dira saltzen baserritarrak, eta garai honetan nekazal lurretan udako uztarako ereiten eta prestatzen hasiko dira.

Informazioa lortzeko bideak

Bilketaren antolaketa "konplexua" dela adierazi du aldundiak, eta logistika gai guztiak lotuta edukitzeko zerbitzuak egun batzuk beharko dituela nabarmendu dute. Hala ere, abian jarri bitartean, baserritarrek egitasmoaren inguruko informazioa jasotzeko aukera izango dute, hala nola baldintzen, bilduko diren produktuen, logistikaren ezaugarrien eta prezioen ingurukoa. Informazio hori lortzeko, astelehenetik ostiralera, eta 08:00etatik 14:30era, 943-69 30 74 telefono zenbakira deitzeko aukera izango dute ekoizleek. Whatsapp bidez, berriz, 688 64 36 70 telefono zenbakira idatz dezakete Barazki bilketa erreferentzia jarrita.

Baserritarren produktuak merkaturatzeko egitasmoa Gipuzkoan jarriko dute martxan aurrena. Ondoren, Araban eta Bizkaian ere abian jartzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landa garapen elkarteekin eta aldundiekin elkarlanean ari da Eusko Jaurlaritza. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen eta Azpiegitura sailburuak saltokien inplikazioa azpimarratu du: "Euskadiko saltokiek bat egin dute baserritarren produktuak merkaturatzeko ekimen honekin, gure baserritarren produktuak gal ez daitezen". Tapia bertakoa eta garaikoa kontsumitzearen alde agertu, eta elikagaien erosketa arduratsua egiteko deia egin du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide