Noiztik egiten duzu lan hildakoekin?
Gaztetan, Orioko Udaleko brigadan aritzen nintzen lanean, eta orduan izan nuen lehen harremana mundu honekin. Orduko hartan, Alberto Sukiak zuen herriko hildakoak lurperatzeko ardura, eta hari laguntzen jardun nintzen bolada batez. Gero, beste kanposantu batzuetan ere aritu nintzen lan bera egiten. Urte batzuk geroago, oraingo enpresan sartzeko aukera suertatu zitzaidan, eta probatzea erabaki nuen: Donostiako Zorroaga beilatokia eta Zarautzen ireki berri dutena ditut lantoki.
Zein dira zure ohiko zereginak?
Denetik egitea tokatzen zait. Hildakoen bila joaten naiz autoarekin, ospitalera edo etxera, eta tanatoriora eramaten ditut. Han, gorpua prestatzeko zereginetan aritzen gara, jendeak beilatokian ikusteko moduan txukun jartzen: ahoa josi, makillatu, garbitu…
Formakuntzarik behar al da zuen sektorean sartzeko?
Nire kasuan, ikasketarik gabe sartu nintzen enpresan, baina lanean hasi eta berehala, Bartzelonara bidali ninduten ikastaro trinkoa egitera. Astebete eman nuen han, eta gorpu askorekin praktikak egiteko aukera izan nuen. Gero, ofizioan urteak daramatzan jendearekin gehiago ikasten joan naiz.
Zer nolako profila du zuen laneko jendeak?
Orain arte, gizonezkoen mundua izan da batez ere, baina gero eta emakume gehiago ikusten da; gaur egun, ile-apaindegietan edo estetika zentroetan aritzeko ikasketak dituzten emakume askoren curriculumak jasotzen ditugu.
Koronabirusak asko aldatu al du zuen eguneroko martxa?
Beno, atzeman dugu, bai. Jende guztiari bezala, guri ere sartu zaigu beldur pixka bat gorputzean. Gainera, birusak hildako gorpuekin kontaktu zuzena izaten dugu, eta kutsatzeko beldurrak ere harrapatzen nau tarteka. Babes neurriekin lan egitera behartuta gaude: arropa bereziak, buzoak, hiru eskularru pare, furgoneta goitik behera desinfektatuta… Egia esan, tarteka, ez gara oso seguru sentitzen.
Tanatorioko martxa da gehien aldatu dena. Protokolo gogorrak ezarri dituzte administraziotik, eta, gehienez, hildako bakoitzeko 4 pertsona sar daitezke tanatorioan. Gorpuarekin egoteko tarte laburra izaten dute. Pentsa, gure gizartean ohikoa izan da hildakoa bisitatzera egunean 100 lagun baino gehiago pasatzea.
Zer eragin du horrek familiengan?
Frustrazioa eta haserrea atzematen dira jendearengan. Hemen oso ohituta gaude hildakoei agur sozialak egitera, elizan edo tanatorioan juntatzera. Hori ez da egiten orain, eta, nolabait, sustraiak airean atzematen dira; oso arraroa egiten da dena.
Aldaketa handia da, kolpetik.
Izugarria, bai. Familientzat oso gogorra da, baina hiltzera doan gaixoarentzat ere bai. Jende asko bakarrik ari da hiltzen koronabirusaren ondorioz, ingurukoen ia bisitarik gabe. Bi aldeentzat da zaila.
Egoera gogorrak bizitzea tokatu izanagatik, lan eskertua izango da zuena.
Beno, eskertua, ez dakit. Egunerokoan momentu gogorren testigu izatea tokatzen zaigu, hori hala da. Nire baitarako askotan pentsatzen dut: “Hik txukunduko duan gorpua duk familiak hildakoaz izango duen azken irudia. Bada, egin ezak lana ahalik eta ondoen, pertsona honek ingurukoengan behar bezalako oroitzapena laga dezan”. Indar horretatik tiratzen dut eguneroko martxan, ofizioa duintzeko. Helduleku horri eusten diot.