"Konfinamendua hasi zenetik egunero egiten dut lan"

Izaro Altzibar 2020ko mar. 25a, 09:44

Hankaz gora jarri ditu koronabirusak gehiengoaren errutina eta bizimodua. Etxetik ari dira asko lanean, baina badira aukera hori ez duten langileak ere, zaintza lanak egiten dituztenak, adibidez. Zarautzen 90 urte baino gehiagoko bi  emakumeren zaintzaz arduratzen diren bi langileren testigantzak jaso ditugu ondorengo lerroetan. Nikaraguan jaiotakoak dira biak, eta konfinamendua hasi zenetik bizi duten egoeraz mintzatu dira.

46 urte ditu Carmen Duartek, Nikaraguakoa da eta 2006an etorri zen Euskal Herrira, hiru seme-alaba ditu, eta egunerokoan bere kabuz moldatzen ez den 90 urteko pertsona bat zaintzen du Zarautzen, duela hiru urtetik.

Zein da zure egunerokoa lanean?

Eguneko 24 orduetan egiten dut lan, igandetan 21:00etan sartzen naiz lanera, eta larunbatetan 14:00etan libratzen naiz. Egun eta erdiko atsedena izaten dut astero. Konfinamendua hasi aurretik bi orduko atsedena izaten nuen egunero, baina orain etxean egon behar dut, beraz, lanean egoten naiz ordu horietan ere. Zaintzen dudan emakumeak 90 urte ditu, eta behar nau egunerokorako. Guztia egiten diot, garbitasun zereginak, kozinatu, paseatu…

Orain ezin duzue paseatu, zer egiten duzue?

Etxean egoten gara telebista ikusten, nik musika entzuten dut normalean. Zaintzaz aparteko edozer egiten saiatzen naiz, egunerokoa jasateko. Telebistan emakumeak nahi duena ikusten du, beraz, mugikorrean ikusten ditut niri gustatzen zaizkidan edukiak, horrela erlaxatzen naiz. Batzuetan kirol ariketak egiten ditut etxean.

Zein da zure egoera lanetik aparte?

Hiru seme-alaba ditut, 16, 24 eta 28 urtekoak, Deban bizi dira hirurak. Asteburuetan joaten naiz beraiengana. Zorionez, Zarauztik Debara joateko bidaia justifikatzen duen agiri bat dut, poliziak galdetu ezkero.

Nola daramazu konfinamendua?

Gogorra da, astelehenetik larunbatera egiten dut lan, eta konfinamenduak are gehiago zailtzen du. Niri ikaragarri gustatzen zait kalean egotea, paseatzea, eta orain itota sentitzen naiz. 24 orduak pertsona berarekin astunak egiten dira. 

Egoera honetan, nola bizi duzu seme-alaben egunerokoan ez egotea?

Jainkoari eskerrak ematen dizkiot nire seme-alabak ez direlako etxetik ateratzen. Larunbatetan, lanetik irtetzean, erosketak egiten ditut Zarautzen, eta aste osoko elikagaiak erosten ditut nire seme-alabek astea pasa dezaten. Ni ere segurtasun neurriak hartzen ari naiz, ez dut nahi inor gaixotzerik.

Alarma egoera honetan, lanean jarraitu beharko zenukeela uste duzu?

Egoera ideal batean ez nuke lanik egin beharko, eta nire etxean egin beharko nuke konfinamendua. Baina errealitatean, hiru seme-alaba ditut nire soldatatik jaten. 

 

29 urte ditu Diana Garciak (ez da izen erreala), Nikaraguakoa da, eta 95 urteko andre bat zaintzen du Zarautzen. Seme bat du Nikaraguan, eta hemen ahizpa eta iloba bat bakarrik ditu familiakoak, Donostian.

Zein da zure errutina konfinamendua hasi zenetik?

09:00ak aldera esnatzen gara, gosaldu, etxea garbitu eta bazkaria prestatzen dut. 95 urteko emakume bat zaintzen dut. Horrek esan nahi du are kontu handiagoz jokatu behar dudala prebentzio neurriekin, oso arriskutsua delako. Astean behin ateratzen naiz etxetik, erosketak egitera. Horretarako eskularruak janzten ditut, eta desinfektatu egiten naiz etxera sartzerakoan.

Zein da zure ordutegia?

Konfinamendua hasi aurretik astearte eta igandeak jai izaten nituen, baina orain aste osoan egiten dut lan. Esan bezala, egoera zaurgarrian dago zaintzen dudan emakumea, eta bere seme-alabek ahal den gutxien ateratzeko eskatu zidaten, emakumea kutsatzeko aukerak murrizteko.  

Ordaindutako orduak dira?

Bai, hau guztia bukatzean hitz egingo dugu, hori espero dut behintzat (barrez).

Nola bizi duzu egoera hau?

Ez dut emakumea gaixotzerik nahi, ezta ni edo nire familia ere. Pazientziaz hartu dut egoera, eta ondo nago. Nire jai egunetan Donostiara joaten nintzen, ahizpa eta ilobarengana, baina orain oso arriskutsua da hori.

Zer da gogorrena?

Faltan botatzen dut ahizpa eta iloba bisitatzera joatea eta lanetik deskonektatzea. Baina bideokonferentziaz ikusten gara orain, eta horrek egonezina baretzen du. Zaintzen dudan emakumearen seme-alabek ere bideokonferentziaz hitz egiten dute amarekin. Egunero egiten dut lan, eta egoera honetan astean behin ateratzen naiz etxetik, beraz, nahiko astuna da, baina egin beharreko zerbait da azken finean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide