Koronabirus berriak Txinan eragin zituen hildakoen, ospitaleratuen eta kutsatuen kopuruak aztertuta, ikertzaileek ondorioztatu zuten bereziki pertsona nagusiei eragiten ziela. Horrek ekarri zuen neurri zorrotzenak haiek babesteko helburuz hartzea. Hala eta guztiz ere, Italian, adibidez, letalitatea —hildakoak, baieztatutako kasuekiko— % 34koa da 70-80 urtekoen artean, eta % 44koa 80-90 urtekoetan.
Fokua adinekoetan jarrita, birusaren eragina oharkabean pasatu da gazteagoen artean. Orain azaleratu dira horren ondorioak: AEBetan, CDC gaixotasunen kontrolerako eta prebentziorako zentroak ohartarazi duenez, 20-44 urteko infektatuen % 20 ospitaleratu egin behar izan dute, % 2-4 zaintza intentsiboetako unitateetan. Gainerako infektatuak asintomatikoak izan dira, edo, gaixotu badira, sintoma arinak edo etxean sendatzeko modukoak izan dituzte. Eta birusa hedatzen lagundu dute, bereziki, asintomatikoek. Europan ere hala gertatu dela onartzen dute aditu gehienek.
Fokua gehiegi ixtea kaltegarria dela ikusi dute adinaren kasuan. Beste horrenbeste gertatzen ari da sexuarekin eta generoarekin. Berriro ere Txinako datuak begiratuta, ikus daiteke koronabirus berriak gogorrago eragin diela gizonei, emakumeei baino. Adituek azaldu dutenez, alde horren arrazoiak sexuari zein generoari lotzen zaizkio: batetik, immunitate-sistemak ahulagoak egiten ditu gizonak koronabirus berriaren aurrean, eta, bestetik, Txinan tabakismoa ohikoagoa da gizonen artean.
Alabaina, fokua gizonetan jartzeak errealitatea desitxuratzea dakarrela ohartarazi du nazioarteko ikerketa-talde batek The Lancet medikuntza-aldizkarian. «Generoaren eragina eta COVID-19a» izena du talde horrek, eta haren iritziz, ezinbestekoa da generoaren eragina osotasunean aztertzea, neurri egokiak hartzeko.
Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en