[Gutuna] Covid-19aren krisia: salbuespena eta normalitatea

Markel Agiriano Lai eta Martin Irizar Landa 2020ko mar. 22a, 08:49

“Gizakiaren bertute handienetakoa egoerarik okerrenetara ere ohitzeko daukagun gaitasuna da, Joakin!”. Handia filmeko Martin eta Joakinen elkarrizketak badu gaurkotasunik. Ezusteak eta ziurgabetasunak markatu ditu azken asteak. Txinako arazoa zela ematen zuenak egun batetik bestera hartu du mundu mailako dimentsioa, hemen lurreratu da eta, ia ohartu ere egin gabe, gure bizitzak erabat baldintzatu ditu dagoeneko. Etxean sartuta eta irteteko aukerarik gabe gauden momentuotan, bat-batean ageri zaizkigu gizarte honen antolaketaren funts benetakoena eta gure bizitzak mugiarazten dituzten indar errealak. Eta arrazoi zuen Martinek, egoera berrietara ohitzen gara, salbuespena norma bihurtzen da: “Hori da hain zuzen ere, daukagunetan abilidade miserableena, Martin!”.

“Este virus lo paramos unidos” diosku Espainiako Gobernuak, etengabe errepikatzen diguten leloak. Neurriek ez omen dute ez ideologiarik, ez klaserik, ez ezer: berdin egin behar diogu aurre guztiok egoerari. Gizartea ez da batasun bat, ordea, eta leloak antolaketa sozialaren barne kontraesanak eta bertako talkak ezkutatzen ditu. Izan ere, salbuespen egoera honen atzean, gizartearen normalitatea bera dago: osasun irizpideek ez dute inporta, enpresari handien eta bankarien interes ekonomikoen arabera funtzionatzen du egungo gizarte-ereduak, eta haien arabera moldatzen da. Eta hori guztia, beti, langileriaren kontura. Soilik horrela uler dezakegu salbuespen egoeraren errealitate gordina: lantegi handietan langileak birusaren aurrean esponitzea, ekoizpena eten ez dadin; ospitaleetan baliabide faltan dauden bitartean, Gobernutik bideratutako 200.000 milioi euroen ia erdia enpresa handiak laguntzera bideratzea; saltoki, komertzio eta erietxeetan pairatzen ari diren baldintza arriskutsuak; etxeetan bestela ere errealitate biolentoa eta jasangaitza duten emakumeak egoera horretan harrapatuta egotera kondenatzea; normalitatea bermatzera bidean garraiolarien atsedenaldia ezabatu eta gidatu behar duten ordu kopuruaren handitzea... Eta beste hainbeste. Osasunak ez du batere inporta langileak direnean arriskuan daudenak, gaixotzeko edo hiltzeko arriskuan egonda ere. Kapitalak agintzen du hemen: ekoizpena eta merkantzien zirkulazioa ezin da eten. Eta gu ohitu egiten gara. 
Egungo koiunturak agerikoagoa egin du gizarte-antolaketa kapitalistaren izaera eta basakeria eta, horrela, elementu ezberdinak mahai-gaineratzeko eta ikustarazteko aukera eman digu. Alde batetik, gizartea mugiarazten duen indar erreala enpresari handien eta oligarken interes ekonomikoetan datza. Eta, bestetik, gizarte kapitalistaren funtzionamendu normalerako ezintasuna dagoenean –krisialdi edota oraingo salbuespen egoeran, adibidez–, funtzionamendu hori langileriaren aurkako neurrien arabera berrezartzen da, egunotan ikusten ari garen bezala. Horren adibide dira pandemiaren aurrean esponitzera behartu dituzten langileak, edota hilabete amaierara iristeko zailtasunak dituzten eta osasuna ala bizirautearen artean erabakitzera behartu dituzten familiak. Langileriaren gain erortzen da normalitatera itzuli beharraren zama. Herren utziko gaituen pisua da.

Konfinamendua amaituko den arren, asteotan bizitzen ari garen krisi sanitario eta ekonomiko-sozialaren ajeak luzerako emango duela dirudi. COVID-19ak eragindako krisiak azken hamarkadetan pairatzen ari garen proletarizazio prozesua azkartuko duenaren zantzuak ditugu: erdi-mailako klasearen baitako estratuen desintegrazioa eta langileriaren bizi-baldintzen okertze orokortua. Bost mila bat ERTE –denbora baterako kaleratzeak, baina kaleratzeak, azken finean– sinatu dira Hego Euskal Herrian dagoeneko, eta hilabete amaieran langabeziaren tasa kobratuko duten ziurtasun errealik gabe aurkitzen dira langile horiek. Hori gutxi ez eta merkatuen eta burtsen beherakada ere ikaragarria da, 2008ko krisi finantzarioan baino handiagoa. Horren ondorio probableena errezesio saihetsezina da askoren ustez: autonomoak eta komertzio txikien jabeak beren jarduna etetera behartuak izan dira, eta ziurgabetasun ekonomiko erabatekoan daude; dagoeneko 4.300 enplegu erregulazio prozedura jarri dituzte martxan enpresek EAEn eta Nafarroan, eta EAEn, guztira, 28.000 dira jopuntuan dauden lanpostuak; etxebizitzen alokairuak eta hipotekak ordaintzeko ezintasun larri eta orokortua dago, jarduera ekonomikoak gelditzearen ondorioz. Horren guztiaren ondorioak edonork suma ditzake: 2017tik askok aurreikusten zuten krisi ekonomikoaren etorrera azkartu besterik ez du egingo COVID-19aren krisiak, eta honezkero ondo dakigu nortzuk garen horren ondorioak pairatuko ditugunak. Kapitalaren erreminta leiala den Estatuak ezingo du gizartearen zati handienaren ongizatea bermatu. 

Ikusten dugunez, epidemiaren alarmismotik harago, elkarri lotuta daude neurri zehatzak, zentzu berari jarraitzen diote eta kate beraren parte dira. Shock egoera eta berehalakoaren gaineko ikuspegia gainditu, eta gertakari zehatzei langile ikuspuntutik eta perspektibaz begiratzeko unea da. Egungo egoeraren irtenbidea klase borrokak ezaugarrituko du ezinbestean; argi izan beharko dugu zeren arabera ezarriko diren datozen neurriak, noren interesak indartuko dituen eta nor izango den kaltetua; eta horrek epe luzeko perspektiba izan behar du oinarrian. 

Zentzu horretan, krisialdi honen aurrean kanpaina indartsua abiatu du Gazte Koordinadora Sozialistak, lau puntu nagusitan laburbildua: lehenik, salbuespen neurri politikoek bertan behera gelditu behar dute eta antolakunde politikoei biltzen eta beren jardunarekin jarraitzen utzi behar zaie, osasun-neurri guztiak errespetatuta betiere; bigarrenik, Estatuarekin kolaboratzeak ez dakar krisiaren erantzuleen legitimazioa eta egoeraren betikotzea besterik, izan herritarrak edo alderdi ezkertiarrak kolaboratzen dutenak; hirugarrenik, egia exijitu behar dugu krisi sanitarioaren jatorri eta ondorio errealei dagokienez, ezin dugu onartu gailendu den desinformazio erabateko hau; eta, laugarrenik, egoera honi buelta ematera bidean, langileriaren auto-antolakuntza babestu beharra dago, betiere bere boteretzea bilatzen duen heinean eta ez estatu burgesa legitimatu eta indartzea.

Garai latzak bizi ditugu eta ez dira hobeak etorriko. Salbuespena nahi beste luzatuko dute eta normalitate deitzen duten horretara itzultzeko ahaleginak garesti ordaindu beharko ditugu langileok. Itzulerarik ez da egongo: aurrera begiratzea soilik geratzen zaigu, eta honaino ekarri gaituen gizarte kapitalista errotik eraldatzeko sozialismoaren aldeko hautua berrestea. Ohitzea eta emana zaiguna onartzea inoiz ez da guretzat aukera bat izan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide