COVID-19ari aurre egiteko bilera berezi batean, txerto bat garatzeko gutxienez urte eta erdi beharko zutela azaldu zioten behin eta berriro. Alferrik; nonbait, Trumpek ez zituen azalpenak onartzen, eta, halako batean, fabore pertsonal gisa eskatu zien: «Egin iezadazue mesede».
Trump ez dago zientzialariei mesedeak eskatzeko moduan. Agintean sartu zenetik, mugak eta murrizketak baino ez dituzte jaso. Aldi berean, babesa eta bultzada jaso dute klima-aldaketaren negazionistek, eboluzioa ukatzen dutenek, eta, oro har, oinarri zientifikoen aurka diharduten hainbat elkarte, erakunde eta mugimenduek.
Orain ere, Science-en editorialak salatu duenez, zientzialariak pandemiaren datuak ematen saiatzen diren bitartean, administrazioak informazioa blokeatu edo desitxuratu egiten ditu. Esaterako, aurreko astean gobernuak adierazi zuen birusaren hedapena mugatua zela. Alabaina, nabarmena zen Washintongo estatuan eta harago ere zabaltzen ari zela. Errealitatea ukatzeak ondorioak ekarri zituela iradokitzen du editorialak: horren eraginez, gobernu federalak behar baino motelago erantzun zuen.