Zenbakiak vs errealitatea

Amaia Urbieta Arruti 2020ko mar. 19a, 08:56

Sintoma arinak dituzten gaixoei probarik ez die egiten Osakidetzak. Atzo eman zuten neurri horren berri, baina duela astebetetik daude halako hainbat kasu. 

Amaiezina da koronabirusak atzetik ekarri dituen ondorioen soka. Ekonomia alde batera utzita, berrogeialdiak zalantza, ezinegona, informazio uholdeak eta erantzun ziurrik gabeko mila galdera ekarri ditu berarekin. Egun baditugu tresnak, isolatuta egonda ere, pentsatzen dugun hori plazaratzeko; are gehiago, esaten den horrek duen oihartzunaren arabera, jendearen iritzian eragina izatera ere irits gaitezke.

Twitter da iritzien plaza ezagunenetako bat eta, hain zuzen, han bertan plazaratu zuen sona handia hartu duen bere kezka Gari Berasaluze zarauztarrak. Sintomarik izanez gero kontsultatu beharreko telefono zenbakia (900-20 30 50) bolo-bolo zabaltzen hasi zirenean, duela astebete inguru, azaldu zuen deitu eta ez baduzu positibo eman duen inguruko inor ezagutzen, ez dizutela probarik egiten. "Zazpi egun etxean egoteko, eta gero berriro deitzeko. Sintomek eta sukarrak okerrera egin ezean, probarik egin gabe eta kutsatuta ote zauden jakin gabe geratzen zara", zioen txioan. Kezkaren muina hariaren amaieran azaldu zuen: "Zure etxekoek ez dute jakingo lanera lasai joan daitezkeen, bilerak egin ditzaketen edo gurasoekin egon daitezkeen. Zentzu komunak ezetz esango die, badaezpada, baina protokoloak lasai utziko die bizitza normalarekin segitzen, birusa zein kutsakorra den jakin arren".

Berasaluzek salatu du Osakidetza ematen ari den datuak ez direla benetakoak. "Ulergarria da sintoma larririk izan ezean eta gaixoa gaztea bada probarik ez egitea, baina ematen ari diren kutsatuen datuak ez dira egia".

Datuak interpretatzen 

Osakidetzaren jokamoldea aldatzen doa egunez egun, birusari aurre egiteko modu eraginkorrena topatzeko bidean edo, halabeharrak eraginda. Atzo jakinarazi zuten kasu arinetan ez dutela koronabirus testik egingo. Zehazki, hori da "koronabirusarekin kutsatutako pazienteen gorakadari aurre egiteko eta zerbitzua berrantolatzeko asmoz Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak adostu duten jarduera-protokolo berrian ezarritako berrantolaketa neurrietako bat". Bestalde, atzo adierazi zuen jaurlaritzak azken 24 orduetan proba kopurua %50 hazi dela, eta horrek ere eragina izan du erabakian. Dena den, probak murriztearen berri atzo eman bazuten ere, badira egun batzuk deitutako guzti-guztiei probak egiten ez dizkietela. Neurri hori, aitzitik, kontraesankorra da atzo bertan irakurritako beste hainbat titularrekin, esaterako: "Munduko Osasun Erakundeak azpimarratu du azterketak egiteko birusa izan dezaketen susmagarri guztiei", Argia hedabideak argitaratua. 

Atzo eguerdiko Osakidetzaren datuek, esaterako, zioten 208 kasu berri zenbatu zituztela Euskal Autonomia Erkidegoan, baina kasu horiek proba egin eta positibo eman dutenenak dira. Ez dute garbi helarazi sintomak dituzten baina proba egin ezin dieten pazienteek nola jokatu behar duten. Sintomak badituzu etxean geratzea beharrezkoa dela garbi dago, baina, zurekin bizi direnek zer egin behar dute? 

Berasaluzeren kasua berhartuz, gaixo dago haren etxeko bat, eta probarik egin ez diotenez, ez dakite koronabirusa duen edo ez. Dena den, prebentzio neurri moduan, astebete daramate etxeko denek kalea zapaldu gabe. Asko dira sintomak izan arren ezbaian dauden herritarrak, eta txiolariaren kasuan etxetik lan egiteko arazorik ez badute ere, zenbait etxetan gerta daiteke isolamendua ezin justifikatzea ez duzulako inor inguruan positibo eman duena, eta etxetik atera behar izatea, esaterako, lanera joateko. "Kalean jendea lasai-lasai ikusten dut bueltaka, eta badakit horietako asko kutsatuta egongo direla ziurrenik".

Berasaluze amorratzen duena "azalpenik eza" da. "Horrelako muturreko egoera batean informazio falta hau izugarria da". Haren ustez, beste lurralde batzuetan argi eta garbi azaldu dute nola diren gauzak, Venezuelan, Alemanian eta Txinan kasu. "Herritarrok ez gara inozoak".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide