M8, Emakume Langilearen Eguna

Udalak "antolakuntzari jarritako oztopoak" salatu ditu Zarauzko Koordinadora Feministak

Onintza Lete Arrieta 2020ko mar. 7a, 09:03

"Uste dugu gure lana aitortzea eta babestea dagokiola Udalari, baina batez ere, erraztasunak eta malgutasuna eskatzen dizkiogu". Aurreko urteetan Martxoaren 8an bazkaltzeko erabilitako guneak aurten ezin dituztela erabili salatu dute feministek. Udalarekin "elkarlana eta komunikazio zuzenagoa" landu nahi dituzte datozen urteetara begira.

Zarauzko Koordinadora Feministak Antolatu, indarrak batu borroka feministara lelopean antolatu du Martxoaren 8a, eta ostiral iluntzean, "Zarauzko Udalak antolakuntzari jarritako oztopoak" salatu dituzte. Hain justu, ordu batzuk lehenago, ostiral eguerdian, Zarauzko Udalak eta Udalbatza osatzen duten alderdi guztiek adierazpen instituzionala irakurri zuten, berdintasunaren bidean pausoak ematen jarraitzeko asmo irmoa erakutsiz eta Mugimendu Feministak antolatutako ekintzetan parte hartzera animatuz herritarrak.

Zarauzko Koordinadora Feministak, ordea, esan du udalak espazio publikoaren erabilera "mugatu" diela  Martxoaren 8ko egitarauan. "Azken urteetan, pixkanaka, gero eta arau, baldintza eta eskakizun zorrotzagoak ari da jartzen Zarauzko Udala, irabazi asmorik gabeko elkarte batek, jai batzorde batek edota herri mugimenduko edozein taldek zerbait antolatu nahi duen bakoitzean. Erabili izan dugu frontoi zinema bazkari herritarrak egiteko, baina orain, ordenantza bat dago eta ezin da erabili. Lehengo urtean merkatu plazako bigarren solairuan bazkari autogestionatua egin genuen (sukaldatu gabe), baina aurten, ez dakigu zergatik, ezin dugu erabili (ez guk, ez aurretik eskatu duten hainbat taldek ere). M8ren batean Musika plazan edota udaletxe aurreko plazan bazkaria nahiz hamaiketakoak egin izan ditugu, manifestazioaren ondotik herrian giroa eta mugimendua sortuz. Aurten, udaletxeko plazan bazkaria eta dantzaldia egin nahi izateagatik, 300 euroko fidantza eta 150.000 euro arteko erantzukizun zibileko aseguru poliza eskatu dizkigute. Horrez gain, berez plaza erabiltzeagatik ere ordaintzea dagokigula gogorarazi digute, nahiz eta gure kasuan elkarte gisa erregistratuak gaudenez, ordaintzetik libratu garen".

Koordinadorak ez du ulertzen "aldaketaren" arrazoia:  "Zergatik da gure herriko udala hain zurruna eta eskuraezina? Zergatik egin dizkigute eskaera berri horiek, iaz (eta aurrekoetan) horrelakorik eskatu ez zitzaigunean?. Ordenantza, baimen, eskakizun horiek guztiek, gauzak antolatzea ezinezko bihurtzen dute. Hainbeste burokrazia eta eskaerekin borondatez ari garen taldeak ezinean aritzen gara, galduta eta batez ere oso frustratuak. Denonak diren espazio eta azpiegiturak ordenantza batek arautzen ditu eta erraza dena ezinezko bihurtzen dute. Azken batean, herritarrak eta herriko taldeak gurea ere badena erabiltzeko eta gozatzeko aukerarik gabe geratzen gara, oso korapilatsua eta ezinezkoa bihurtzen delako edozer antolatzea".

Feministek "herrian eragin" nahi dute. "Gure herriko espazioak dinamikoak, erabilgarriak eta eskuragarriak sentitu nahi ditugu. Zoritxarrez, oso urrun gaude amets horretatik".

Udalari eskaerak


"Uste dugu gure lana aitortu eta babestea dagokiola Udalari, berdintasunaren alde hainbeste hitz potolo erabiltzen dituenari. Besteak beste, egun horretan mugimendu feministaren mobilizazioetara deitu izan duenean edo Ni ere Martxoak 8 kartelak banatzen dituenean. Baina, batez ere, udalari erraztasunak eta malgutasuna ematea eskatzen dizkiogu, inplikazioz, borondatez eta ilusioz ari garen feministei eta baita herriko beste taldeei".

Horregatik, "Martxoaren 8a pasa bezain laster" Udalarekin harremana "behartu" nahi koordinadorak, "datozen urteetarako elkarlana eta komunikazio zuzenagoa lantzeko".

Bestalde, Gaztetxearen jarrera goraipatu dute: "Aurten kalean eta herrigunean egin nahi genuen festa baina, Udalarekin sortutako gaizki-ulertu eta traben aurrean, manifestazioa kalean egin ondoren Gaztetxean jarraituko dugu bazkariarekin eta festarekin. Eskuzabalik jaso gaituen espazioa izan da beti Gaztetxea eta beste behin ere feministon aldarri, poz, irribarre eta keinu konplizeak bertan partekatuko ditugu".

Amaitzeko, herritarrak gonbidatu dituzte Martxoaren 8an antolaturiko askotariko ekimenetan parte hartzera. "Elkarrekin egingo dugulako, beste behin, egun anitz eta ederra".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide