M8, Emakume Langilearen Eguna

Aldarri morea Donostian zehar

Mireia Galarza 2020ko ots. 26a, 08:30

Igandean adin guztietako 6.500 emakume baino gehiago ikusi ahal izango dira korrika Lilatoian. Besteak beste, Zarauzko Emakume Korrikalariak ere, eta gogotsu daude eguna heltzeko. 

Egun gutxi falta dira Gipuzkoako hiriburuko kaleetan zehar beste behin ere Lilatoiaz gozatzeko. 1990. urtean ekin zion Donostiako Bilgune Feministak egun eskualdeko lasterketa garrantzitsuenetako bat antolatzeari. Harrezkeroztik, milaka emakumek parte hartu dute lasterketan, eta batzuentzat kirolean lehen urratsak emateko erreferentzia bilakatu da. 30 edizioko langa igarota, aurten 6.500 emakume inguruk egingo dute korrika eta, horien artean, emakume asko dira eskualdean hitzordurako prestatzen ari direnak. Norbere kasa korrika egiten dutenak dira asko, Ane Borda azpeitiarra eta bere kuadrilla kasu. Hala ere, badaude eskualdeko herrietan antolatutako taldeetan entrenatuta lasterketan parte hartzen dutenak ere.

Talde horietako bi dira Zarauzko Emakume Korrikalariak eta Zumaiako Emakumeon Etxeko kideak. Antolatutako taldeek elkarbanatzen duten irizpide nagusia da korrika eginez ondo pasatzea, eta ez da derrigorrezkoa aurretikako esperientzia edukitzea kirol horretan. Zarauzko Emakume Korrikalarien taldean, adibidez, adin guztietako ia 70 emakumek parte hartzen dute. Txumai Fernandez da taldeko entrenatzailea, eta Izaskun Udabe, Elena Eizagirre eta Yolanda Gil dira korrikalarietako hiru. Udaberen hitzetan "emakume guztien aldarrikapen eguna" da igandekoa eta, horregatik, ez du uste adinak garrantzirik duenik. "Normalean, Lilatoia izaten da taldean prestatuta egiten den lehen lasterketa baina askok, ondoren, beste hainbat lasterketa ere egiten dituzte", dio Eizagirrek. Lilatoia prestatzeko astean bi entrenamendu egiten dituzte; bata astelehenetan eta bestea asteazkenetan. Talde handian, ordea, talde txikiagoak sortzen direla diote lasterkariek; izan ere, denek ez dute erritmo bera jarraitzen.


Hamarkada bat

Aurten, gainera, hamar urte bete ditu taldeak eta, badirudi, sasoi betean jarraitzen duela. Eizagirrek dioenez, urteurrenaren aitzakiapean hamar urteetan taldean parte hartu duten ia guztiak bazkaltzeko elkartu ziren, 90 pertsona inguru. Korrikalariaren esanetan, horrek taldeak duen indarra erakusten du. 

Zumaian ere ez dira atzean geratzen. Izan ere, berriki jakin dute beraiena izango dela korrikan irtengo den talde jendetsuena, 151 emakumek osatua, hain zuzen ere. Horregatik, talde handienaren saria jasoko du Zumaiako Emakumeon Etxeak eta 11:30ean Donostiako Udaletxeko balkoira igoko dira garaikurraren bila. Horren aurrean, pozez agertu dira emakume zumaiarrak. Arantxa Egaña eta Alazne Hoyos dira parte-hartzaileetako bi, eta haien ustez "aitorpen keinua" da saria jasotzea. Hala ere, diote hainbeste emakume elkartu izana nahigabeko zerbait izan dela. "Deialdia ireki zenean, ahoz aho zabaldu zen eta badirudi arrakasta izan duela", gaineratu du Egañak. Zumaian ere bi entrenamendu egiten dituzte astean, eta Hoyosen hitzetan beti saiatzen dira bost kilometro baino gehiago egiten. "Batzuentzako garrantzitsua da taldean elkartzea, bestela ez lirateke aterako", dio Egañak. Bien ustez, taldean ateratzeak babesa eskaintzen du eta, gainera, jende berria ezagutzeko aukera ere ematen duela diote. Igandeko eguna festa handi bat da zumaiarrentzat: "Ederra da Donostia emakumez beteta ikustea, festa handi baten antzekoa izaten da egun hori, guztiok era eder batean gure lekua aldarrikatzen dugulako".


Norbere kasa

Ez dira talde baten parte, baina korrikan ibiltzen dira Ane Borda azpeitiarra eta bere kuadrilla. Igandean ere olatu morearen parte izango dira Donostian, eta "ilusioz" daude horren aurrean. Hala eta guztiz ere, ez da lasterketan ateratzen diren lehen aldia izango. Izan ere, badira urte batzuk egutegian Lilatoiaren eguna markatzen hasi zirela. Bordak dioenez, gainera, urtetik urtera gehiago dira lasterketan parte hartzen duten kuadrillako kideak.

 
Kirola egiteko aukera paregabea izateaz gain, igandekoa kuadrillakoekin eguna pasatzeko parada bikaina dela aitortu du Bordak. Are gehiago, beraien kasuan, eguna Donostian pasatzen dute.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide