Tranpolinetik –handitik zein txikitik–, errepidetik, kukañatik, Amabirjinetik, morrotik... murgil egin, atera eta atzera jauzi barra ertzetik; Alle Puntatik ere botatzen ziren ausartenak. Udako arratsalde ederrak igarotzen dituzte moilan zarauztar askok eta askok. Gaur egun aisialdirako eta arrantzontzi txikietarako erabiltzen bada ere, historia luzea du Zarauzko portu txikiak. Eraiki zutenetik gaur arte, hamaika koiuntura ezagutu dituzte harrizko horma zartatu horiek. Egunotan, gainera, olatuek alboko horman egin duten zuloa dela eta, herritarren ahotan bolo-bolo dabiltza haren inguruko kontuak. Hari horretatik tiraka, moilak Zarautzi eman dionaz eta haren bilakaeraz azalpenak eman dizkio Urola Kostako Hitzari Xabier Alberdi historialariak.
XIX. mendearen erdialdean eraiki zuten lehen aldiz moila, herriko arrantzaleek hala eskatuta. Garai hartan, artean eraiki gabe zegoen Getariara doan bidea, eta arrantzaleek egun moila dagoen tokitik Munoa plazara bitarteko eremuan egiten zuten haien jarduna. Orain Munoa plaza dagoen begiratokian Arrantzaleen Kofradia zegoen, eta arrantzontziak Zamaiko zuloa izeneko kala txiki batean egoten ziren, izenak berak dioen moduan, zamaketa lanak egiten. Hain zuzen ere, Aiten Etxe eta Cachi Bachi dauden lekuan zegoen kala hori, eta orain errepideak estaltzen du.

Alle Puntatik Narros jauregiraino doan horma hori ez zegoenez, olatuek ez zuten haren aurka jotzen eta zabalgunea zuten gune horretan. Hala ere, ontzi horiek ezin zituzten uretan utzi itsasoaren baldintzak tarteko, eta aldiro igo egin behar izaten zituzten denen artean edo idiekin lagunduta, arrastaka. Narrosko argoilak erabiltzen zituzten ontziak bertan amarratzeko, eta oraindik ikus daitezke argoila horietako bi, malekoira ematen duen jauregiaren horman.
Eraiki, eraitsi eta eraiki
Toki horretan guztian, ordea, ez zegoen txalupentzat babeslekurik, eta aldiro lehorrera igotzen ibili behar hori arriskutsua zen arrantzaleentzat. Hori dela eta, 1840-50eko hamarkadan portua eraiki zuten, gaur egun dagoen leku berean. Hala, zamaketarako gunea oraindik agerian zen garai hartan, baina ez luzerako. 1865ean Getariara doan errepidea egin zuten, eta horrek estali egin zuen Zamai zuloa. Ondorioz, arrantza jarduera guztia moila berrian egiten hasi ziren.
1872tik 1876ra bitarteko Gerra Karlistan bonbardatu egin zuten portua, eta txikizioaren ostean berreraiki zituzten horma horiek dira egun zutik jarraitzen dutenak; orduan hartu zuen moilak gaur egun duen itxura.

Zarauztarrek ez zuten, noski, getariarrek edo donostiarrek adinako flotarik, baina bazeuden bisigutara, hegaluzetara eta antxoatara joaten ziren hainbat ontzi, hamabi pertsona inguruko tripulazioa zutenak. Neguko itsasoarekin, ordea, komeriak izaten zituzten bisigutara ateratzeko, eta historialariek topatu dituzten dokumentuetan azaltzen denez, askok gordetzen zituzten ontziak Getariako eta Donostiako lonjetan neguan. Moila berria eraiki zutenean sendotu egin zen arrantza, baina errepide berriak eraikitzen joan ahala bestelako jarduerak ere indarra hartzen hasi ziren herrian; batez ere, oihalgintza industria eta turismoa. Orduan egonkortu zen, esaterako, baineroen ofizioa: turista dirudunek ordaintzen zieten baineroei, uretan sartzen laguntzearen truke. Bainero guztiak arrantzaleak ziren, eta bi ofizioak uztartzen zituzten bizimodua aurrera ateratzeko. Industria berriak apurka-apurka arrantzari gailendu zitzaizkion, eta, hala, beherakada izan zuen arrantza munduak.
Une historikoaren arabera, ordea, gorabehera handiak izan ditu Zarauzko moilaren egoerak. Lehen Mundu Gerraren ostean, esaterako, gorakada izan zuen arrantzak; gazte asko hasi ziren itsasoan lanean eta, hain zuzen, 1919an Zarautz bigarren geratu zen Kontxako estropadan.
Itsasbazterraren mugak
Zarauzko kostaldeak ez du aukerarik ematen, inguruko herrietan bezala, flota mekanizatu handi bat edukitzeko. Getarian portu handia eraiki zutenean, Zarauzkoa harekin lehiatu ezinik geratu zen. Moilako azken ontzi profesionala Maileruak izenekoa izan zen; gasolinazko motorra erabiltzen zuen eta antxoak eta sardinak harrapatzen zituzten, mailako sarearekin. 36ko Gerraren amaieran amaitu zuen bere jarduna, eta harekin batera, baita Arrantzaleen Kofradiak ere.

Hala, frankismo garaiaren hasieran batelak eta motordun txalupa gutxi batzuk geratu ziren moilan, kofradiarik gabe. Dena den, horien jabeek arrantzan jarraitu zuten, eta Alberdik lehen eskutik jakin ahal izan duenez, fabrikako urte osoko jornala adina atera zezaketen uda batean txibiak arrantzatuz. Udan ohikoa zen senarrak txibiak arrantzatzea eta, ondoren, emazteak herrian harrapakin horiek saltzea jatetxeetan, etxeetan zein jauregietan. Beraz, kofradiak eskaintzen duen babes ofizialik gabe, baina arrantza mundua bizirik mantendu dute zarauztarrek, xume-xume bada ere.
Batelarien Elkartearen bilakaera
Behin kofradia desagertu zenean, batelak moilan zituzten arrantzaleek Batelarien Elkartea sortu zuten, baina frankismo garaian biltzea eta antolatzea galarazita zegoenez, 1989ra arte ez zuen hartu taldeak elkarte izaerarik. Gaur egun, moilan egoten diren ontzi guztien jabeak dira elkarteko kide. Horiek arduratzen dira ontzien antolaketaz eta moilaren mantenuaz. 1990 inguruan, ia 80 ontzi sartzen ziren portuan, eta jendea itxaron zerrendan izaten zen toki bat lortu zain.
Kostaldeko beste zenbait herritan modu horretako elkarteak sortzeko eredu izan bazen ere, 1996 inguruan kirol portuak egiten hasi ziren inguruko herrietan, eta Zarauzko portuak ezin zituen izan horiek bezalako baliabideak: ura, elektrizitatea, ontzi bakoitzerako sarbide zuzena eta abar. Ondorioz, pixkanaka jendea beren ontziak inguruko portuetara eramaten hasi zen.

Gutxiago ere izan diren arren, egun hamalau txalupa inguru daude moilan, eta zenbat eta gutxiago izan, kontuak "zailagoak" direla dio elkarteko kide ere baden Xabier Alberdik: "Txalupatik txalupara zenbat eta tarte handiagoa egon zailagoa da mugitzea, baita auzolana deitzea ere".
Izan ere, horixe da Batelarien Elkartearen zutabeetako bat: auzolana. Itsasoak portura traba egiten duten harriak eramaten baditu edo konpondu beharreko zerbait bada, elkartearen zeregina da auzolanean portua txukun mantentzea. Aurreko asteko txikizioak zuzen-zuzen eragiten die, eta erakundeek horren aurrean hartuko dituzten neurrien zain daude orain.