Azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna

Prentsa eta gizartea, indarkeriaren hauspo

Amaia Urbieta Arruti 2019ko azaroaren 26a

(Amaia Urbieta Arruti)

'Nik sinesten dizut' liburua argitaratu zuen maiatzean Samara Velte kazetari zarauztarrak. Aleka bildumako lanak 'Manada' auziaren trataera aztertu du ikuspegi feministatik eta hainbat galdera erantzuten ahalegindu da.

2016ko sanferminetako talde bortxaketa ezagunaren kasua du ardatz Berriak, Elkarrek, Jakin.eus-ek eta Txalapartak elkarlanean ekoiztu duten Samara Velteren Nik sinesten dizut liburuak.

Zehazki, haren inguruan sortutako diskurtso eta trataerak landu ditu zarauztarrak. Manada kasuak inflexio puntu bat markatu zuen kontzientzia kolektiboan, eta egunerokoan egiten zen lanketaz gain, beste "dimentsio" eta "pisu" bat eman nahi zitzaiolako sortu zen Nik sinesten dizut lanaren proiektua.

Idazterakoan, Veltek saihestu egin nahi izan ditu auziaren inguruko informazio jakin batzuk, igartzen zuelako hainbat narratiba "oso morbosoak" zirela, eta "xeheegi" azaltzen zirela zenbait kontu. "Intuizioz eta kontzientzia feministatik, saihestu egin dut informazio hori, ez nuelako behar. Nik eraso bat izan dela jakiteko eta horren aurrean jarrera bat hartzeko ez dut jakin behar erasoa nolako lekuan gertatu den eta, are gutxiago, emakumeak zer egin zuen aurretik eta ondoren, nola zihoan eta abar. Horren jakitun, Veltek uste du kontraesan batetik abiatuta hasi zela idazten, konbentzituta zegoelako auzia ez zela salbuespenezkoa, eta nolabait estatus hori ematen ari zitzaiolako jendea. "Auzi horretaz asko hitz egin da, baina indarkeriak gure gizartean duen transbertsalitateaz eta izan ditzakeen adierazpide desberdinez ez da hitz egiten".

Besteak beste, indarkeria justifikatzeko sortzen diren diskurtsoak izan ditu mintzagai zarauztarrak liburuan. "Interesatzen zait, nolabait, aztertzea gizarteko botere harremanak nola erreproduzitzen diren hizkuntzaren bidez. Iruditzen zitzaidan kasu hau adibide ona izan zitekeela, material pila bat aztertzeko aukera eman zuelako: asko publikatu zen, testu asko geratu dira hemerotekan, epaiketaren zati asko publikoak izan ziren...".

"Nik eraso bat izan dela jakiteko eta horren aurrean jarrera bat hartzeko ez dut jakin behar erasoa nolako lekuan gertatu den eta, are gutxiago, emakumeak zer egin zuen aurretik eta ondoren, nola zihoan eta abar".

Iruñeko Udala herri akusazio moduan aurkeztu zen epaiketara, eta Veltek haien abokatuarekin hitz egiteko aukera izan zuen. Ikuspegi juridikotik kasuaren berezitasunetako bat zen froga nagusi bat zegoela, auzipetuek beraiek grabatua. Kontrara, auzipetuen aldeko abokatuak oso seguru zeuden bideoak frogatzen zuenaz. Bideo hori elementu oso "konplikatua" da kazetariaren hitzetan: "Froga bat da, baina prozedura judizialak oso mingarriak dira, berbiktimizatu egiten dute eta ez daude pentsatuta erasoa sufritu duenaren beharraren arabera. Etengabe kuestionatzen zaituzte eta egoera hori berriro bizitzea bada horren gakoetako bat. Niri arreta ematen dit erasotzaile horiek zenbaterainoko inpunitatea sentitzen zuten egin zuten horretaz harro egoteko eta bideoan jasotzeko".

Velteren abiapuntuko galderetako bat zen zergatik bihurtu ote zen Manadaren auzia inflexio puntu, horren "ohiko" gertakaria izanik (eraso bat festetan). "Eraso askoz larriagoak gertatzen dira, jendea hiltzen dute, eta ez gara ateratzen astero kalera horren modu masiboan". Elementu askoren nahasketak eragin zuen auzia ikur bihurtzea zarauztarraren ustez. Berezitasuna gizarteak emandako erantzunean dagoela uste du. Kasu honetan, erasoak hasieratik hartu zuen "arazo sozial" estatusa, hainbat faktorerengatik: Iruñeko gizarteak hausnarketa handia egin zuen festen aurretik, sentsibilizazio kanpaina oso indartsua egin zuten aurrekari indartsuak zeudelako (Nagore Laffageren kasua), eta bat egin zuen gobernu aldaketaren lehenengo sanferminekin. Aurreko gobernuak "erasoak minimizatzen" zituela uste du Veltek, gertaeren zakuan sartuz, lapurretekin eta zaurituekin batera. Aldiz, gobernu berriak kanal gehiago eskaintzea erabaki zuen salaketa mota desberdinak jasotzeko (puntu moreak kasu). Era berean, goizero-goizero biltzen ziren udaleko arduradunak, segurtasunekoak eta talde feministetako kideak, eta prentsaurreko bat ematen zuten bezperan gertatuaren berri emanez. "Horrek ahalbidetu zuen informazioa kanal bakarretik helaraztea, eta hori beste hirietan ez da gertatzen". Hala, erantzunak artikulatzea "errazagoa" izan zen eta lehen elkarretaratzea egunean bertan egin zuten, txupinazoaren egunean, beraz, hedabide asko zeuden han.

Prentsa, gizartearen isla

Zarauztarraren ustez, bazegoen "aurretiazko narratiba bat", sanferminak erasoetarako "espazio egoki" moduan jartzen zituena. "Horrek ekarri zuen kasua hedabideentzat tentagarriagoa izatea, eta indarkeriaren inguruko diskurtso patriarkal bat sortzea, erasoa xehetasun guztiekin azaltzea ahalbidetuz". Veltek ez dio larritasunik kendu nahi gertatuari, baina "perspektiba osoa" ez galtzea garrantzitsua dela uste du, eta guztia "hainbeste biderkatu" zenez, hainbat hedabidek "praktika nahiko negatiboak" egin zituztela uste du, eta "arduragabekeriaz" jokatu zutela.

"Biktimaren eskubide pertsonalen kontra zihoazen datu batzuk argitaratzera heldu ziren"

Prentsan genero gaien inguruan jarduteko formakuntza handirik ez dagoela dio zarauztarrak, eta kazetariek ez badituzte emandako eskema batzuk kuestionatzen, ikasita daukaten motxila kultural patriarkala erreproduzituko dutela. Hala, zenbait hedabidek erasoaren arrazoiak bilatu nahi zituzten momentuko xehetasunak azalduz, eta oraindik harago joan ziren zenbait Velteren ustez, gaia "morbosoa" zelako. "Biktimaren eskubide pertsonalen kontra zihoazen datu batzuk argitaratu zituzten, besteak beste".

 

Auzitegiko ateak bereiztutako epaiketak

Iruñeko auzian biktima bera zen erasoaren lekuko bakarra, beraz, berak frogatu behar zuen gertatutakoa hala izan zela. Hori egiaztatzeko modu bakarra bere sinesgarritasuna neurtzea izan ohi da. Horretarako, behin eta berriro kuestionatzen dute gertatutakoa, eta bere figura "ebaluatzen" dute. Epaiko sententzia nagusian jasota daude ea neskak ordura arte eduki zuen taldeko sexu harremanik, edo desegonkortasun psikologikoko aurrekaririk bazuen. "Alegia, pertsona normalen kategorian sartu behar zuen. Informazio horrek zertarako balio du erasoa eraso izan zen edo ez jakiteko? Taldeko sexu harremanik izan balu aurretik, bere kontra jokatuko luke eta sinesgarritasuna galduko luke".

"Auzi askotan sinesgarritasuna frogatu gabe geratzen da eta prozesu judizialak ez du aurrera egiten"

Veltek azpimarratzen du epaiketaren barruan bazela gerra bat, baina auzitegien kanpoaldean ere epaiketa paralelo bat izan zela, hedabideek eta gizarteak hauspotutakoa. "Herri txikietan ere eraso bat salatzen denean, lehenbiziko erreakzioa izaten da: "itxoin, konta iezadazu zer gertatu den eta xehetasunen arabera erabakiko dut erasoa den edo ez". Hurrengo pausoa izaten da komunitatea bitan banatzea: batzuk batzuen alde eta besteak besteen alde", dio kazetariak. Genero harremanei buruz aritzean, borroka horretan erasotzaileak "beti abantailarekin" jokatzen duela uste du Veltek, gizonaren hitzak, orokorrean, pisu handiagoa daukalako eta denok dugulako topiko sorta bat barneratuta. "Adibidez, emakumeak sexua erabili dezakeela manipulatzeko". Manadaren auzian emakumeari "sinetsi" egin zioten azkenean, baina Veltek azpimarratu du auzi askotan ez dela hala gertatzen eta prozesuek ez dutela aurrera egiten, sinesgarritasun hori ez delako frogatu.

Zentzu horretan, gizartearen mezua tranpatia dela uste du: "Beti salatu behar dela esaten da, baina gero ez da ohartarazten horrek zer ekarriko duen atzetik eta zeri egin beharko zaion aurre".

Tentsioa ez galtzea xede

Kasua ezagun egin zenetik zigorra jakitera eman zuten arte etengabe argitaratzen ziren auziaren inguruko titularrak. Velteren ustez hedabideei interesatzen zitzaien "tentsio narratibo" moduko bat mantentzea. "Izatez ez zegoen kasuaren informazio berririk, baina hedabideei titular berriak eskatzen zitzaizkien". Tentsioa mantentzeko, "bi aldeetako bertsioen arteko gatazka" elikatu zuten hedabideek, eta "edozer" bihurtu zen baliozko informazio. "Esaterako, haien bizilagun edo senideren batek esan zezakeena", azaldu du Veltek.

"Ebaluazio asko egin ziren. Jendeak esan zuen pixka bat tontoak zirela baina orokorrean jende ona, aiton-amonak zaintzen zituztelako eta abar. Zer zentzu dauka? Berez ez digu ezertarako balio informazio aldetik, baina humanizatu egiten ditu eta momentu horretan iritzi publikoa hor zegoen, ea zeinen alde jartzen naizen eta ea zeinek irabazten duen, agian hau egin zuelako eta agian beste hori egin zuelako".

Humanizazio hori, ordea, zigorra jakin zen momentuan amaitu zela dio kazetariak. "Zigortutakoan hasi ziren zabaltzen gizon horiei buruzko diskurtso oso-oso demonizante bat". Velteren aburuz, jendeak joera du erasotzailea beti "bestea" dela pentsatzeko, eta horrek saihesten du feminismoak planteatzen duen "autokuestionamendua". "Ikusten badugu beste batzuen arazoa dela, apur bat lasaitzeko balio digu eta gure burua ez auzitan jartzeko, pentsatzeko indarkeriak ez digula guri eragiten".

Alde onari begira

Horrek guztiak hainbat lezio ekarri duela deritzo Veltek. "Liburuaren helburuetako bat dela uste dut tresnak ahalbidetzea, berriro kasu oso mediatiko baten aurrean gaudenean, eta argumentu patriarkal horiek aktibatzen direnean, gai izateko frenatzeko eta neurri batean pragmatikoak izateko". Kasuak jendeari "pentsarazi" egin diola uste du, eta mugimendu feministarentzat ere hainbat erronka berri sortu direla.

Alde batetik, justizia patriarkalaren gaiari nahiko zehatz heldu zaio; protestetako helburuetako bat bazen ikusaraztea zenbateraino den patriarkala sistema judiziala. Kritika gero eta "sendoagoa" ari dira egituratzen, eta hori oso "interesgarria" delakoan dago Velte, horrek bidea zabaltzen duelako pentsatzen hasteko nolakoa izango litzatekeen justizia feminista bat. "Oso eztabaida interesgarriak sortzen ari dira, eta horren gauza zehatzari heltzea bada salto bat".

"Kasu honek bidea ireki du pentsatzen hasteko nolakoa izan daitekeen justizia feminista bat"

Sortu den beste galdera garrantzitsu bat mobilizazio masiboen ingurukoa eta jende masa handi batengana iristearen ingurukoa da. Zentzu horretan, mugimendu feministako talde asko "nahiko gaindituta" sentitu direla uste du kazetariak, "bat-batekotasunaren joera berri horrengatik, ez datorrelako bat mugimendu feministaren berezko tenpoekin, askoz pausatuagoak direnak, kolektiboan eztabaidatzekoak". Joera horiek "masiboak" baina aldi berean "indibidualak" dira Velteren aburuz. "Twitterren botatzen dut nire iritzia, banoa manifara eta ez dut inorekin kontrastatzen egiten dudan irakurketa". Horrek momentu batzuetan mezu "kontraesankorrak" sortzera eraman dezake: "talde feminista bat saiatzen ari da fokoa jartzen justiziaren auzian eta, aldi berean, jendea manifan bertan bizitza osoko espetxe zigorra bezalako gauzak eskatzen dabil".

Kazetariak uste du gero eta "manipulagarriago" bihurtzen ari dela jendea, eta "punitibismoa" zabaltzen ari dela. "Zenbat eta indibidualago jardun, manipulagarriagoak garela uste dut". Bihotzaren eta buruaren artean kontraesanak sortzen dituen gaia da zigorrena, eta Veltek arriskua ikusten du punitibismo baten izenean, mugimendu feministaren aldarrikapenak "instrumentalizatzeko". Aldi berean egon ziren mahai gainean bizi osoko espetxe zigorraren gaia eta Iruñeko bortxaketaren auzia. "Erasotzailea karakterizatzen badizute munstro baten moduan, beldur mezu batekin, eta bizi osoko espetxe zigorra bezalako tresna bat proposatu, oso erraza da mendeku gosea piztea".

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide