Iritzia: 'Moila'

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 20a, 20:52

Kulixka Sorta (Eibar.org)

Andoni Egañak ondorengo iritzia idatzi du gaur Berria egunkariko bere Hitz etzanak atalean.

Sare sozialetan eman diete astindu ederra; ez da albistegirik izan irudi horiek eskaini ez dituenik. Zarauzko moilako murruan, olatu apartsuen artean, gazte batzuk barrabaskeriak egiten. Egungo jendartearentzat ikuskizun ezin zirraragarriagoa. Haiei eta haiexei bakarrik begira jartzeko ahalmena duten irudi ia hipnotizatzaileak.

Baina hara non egun berean aurkeztu zuen Joan Mari Torrealdaik De la hoguera al lápiz rojo liburua, frankismo garaiko kultur zentsurari buruzkoa. Kasualitateak Zarauzko moila txikira garamatza berriz ere. Handik abiatzen baitziren Patxi Unzurrunzaga eta enparauak txalupa koxkor batean txibiatara. Itxaropena argitaletxearen nagusiak harrapaturiko txibiarik onentsuenak Pedro Rocamora Espainiako Prentsa eta Propaganda buruari eramaten zizkion etxera, bere konfiantza irabazte aldera. Eta irabazi zuen nonbait. 1947an, hizketaldi baten ondoren, gerra osteko lehen euskarazko liburuak argitaratzeko baimena eman zion. 1952an Kulixka sorta jarrri zuen abian...

Toki berean bi denboraleri —itsasoarenari eta frankismoarenari— aurre egiteko bi modu desberdin. Mesede handia egin zigun Unzurrunzagaren zentsurari ixkin egiteko moduak; bere baitan agortzen da irudietako gazteen balentria.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide