Boto-emaileak hauteslekuetara joatea, igandeko lehen erronka

Onintza Lete Arrieta 2019ko aza. 6a, 08:00

Apirilean eta maiatzean ere izan dira bozak. Igandekoa, beraz, hirugarren hitzordua izango da. (Hitza)

Akordiorik lortu ez, eta bigarrenez egingo dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Apirileko bozetan gora egin zuen parte hartzeak, baina oraingoan kezka dute alderdiek.

Alderdi bakoitzak bere programa osatu du Espainiako Gorteetako hauteskundeei begira, baina guztiak ados jarri dira puntu batean: abstentzioaren mamuari irabaztea. Izan ere, oso posible da aurreko aldian hauteslekuetara gerturatu zirenetako asko etxean gelditzea igande honetako hitzorduan. Ez alferrik, urteko hirugarren bozak izango dira. Apirilaren 28an izan zen aurreko hitzordua Espainiako Kongresua eta Senatua aukeratzeko. PSOE gailendu zen orduan Espainian, baina ez da gai izan gobernua osatzeko –gehiengo osorik ez zuen lortu– eta berriz deitu ditu hauteskundeak.
 
Apirileko bozetan nabarmen igo zen Urola Kostako parte hartzea aurreko aldiarekin konparatuta –%74,68k bozkatu zuten apirilean, eta 2016an, berriz, %60,83k–. Igande honetan, ordea, zaila dirudi joera hori mantentzea. Horren jakitun dira EAJ eta EH Bildu –eskualdeko bi alderdi bozkatuenak apirilean–, eta kanpaina honetan azpimarratzen ari dira botoa ematearen garrantzia. Esaterako, honako esaldia dauka irakurgai EAJk bere webgunean: "Ulergarria da batzuei kanpaina honek nagia eragitea, beren frustrazioa erakustea eta Espainiako klase politikoari atzamarra erakustea. Baina erantzuna ezin da abstentzioa izan, ezta etxean besoak gurutzatuta geratzea ere. Erantzunak aktiboa izan behar du, botoarekin etorri behar du, mobilizaziotik, konpromisotik".

EH Bilduk etxez etxe banatu dituen hauteskunde gutunetan ere parte hartzearen ideia azpimarratzen da: "Lau hauteskunde lau urtetan. Kokoteraino zaude. Badakigu. Horregatik esfortzu bat eskatzen dizugu: esfortzu bat zure interesak, zure eskubideak eta zure ahotsa, indar handiagoarekin babestuak izan daitezen Madrilen. Gure eskubideak errespetatu daitezen, gizarte eta herri bezala. Guk egiten ez badugu, ez du gugatik inork egingo. (...) Zu ez bazoaz, haiek irabazten dutelako".

Ohi bezala, 09:00etan zabalduko dituzte bozkalekuak igandean, eta herritarrek 20:00etara arte izango dute botoa emateko aukera. Espainiako Gorteak aukeratu behar direnez, bi gutunazal sartu beharko dira hautetsontzietan. Batetik, gutunazal zuria. Zerrenda bakarra izaten du horrek, alderdi bakarrarena: Espainiako Kongresuan lan egingo duen alderdiarena, alegia. Bestetik, izokin koloreko gutunazala. Alderdiek Senaturako aurkezten dituzten hautagaiak ageri dira hor, eta paperean bertan daude alderdi batekoak bakarrik aukeratuta. 


EAJ nagusi­ apirilean


Apirileko bozetan EAJ izan zen nagusi Urola Kostan, 11 herrietatik seitan irabazita. Guztira 16.705 boto eskuratu zituen. Bigarren indarra EH Bildu izan zen, 13.582 botorekin. Elkarrekin Podemos izan zen hirugarren alderdi bozkatuena, 5.238 botorekin, eta laugarrena, berriz, PSE-EE, 4.619 botorekin. 
Oso atzean gelditu ziren beste alderdi hauek: PPk 1.053 boto eskuratu zituen; Ciudadanosek 547 boto; Voxek 349; eta Pacmak, berriz, 214.

EAJk eta EH Bilduk nabarmen egin zuten gora botoetan. Aurrenekoak 4.382 boto gehiago eskuratu zituen eskualdean, eta bigarrenak, berriz, 4.157 boto gehiago. PSE-EEk ere gora egin zuen, 1.742 boz irabaziz. 
2016tik botoak galdu dituzten alderdiak ere badira Urola Kostan: Elkarrekin Podemosek, esaterako, 3.233 boto gutxiago eskuratu zituen. Horietako asko, EH Bilduk berreskuratu zituen. Izan ere, 2016ko hauteskundeetan  Elkarrekin Podemosek kendu zion bigarren postua EH Bilduri eskualdean, eta aurtengo apirilean, berriz berreskuratu du bigarren tokia koalizioak.
 
PPk ere botoetan behera egin zuen apirilean, guztira 764 boto gutxiago eskuratu baitzituen duela lau urteko emaitzekin alderatuta.

Alderdiek botoak irabazteaz eta galtzeaz gain, beste datu bat izan zen deigarria apirilean: parte hartze altua. 13,85 puntuko aldea egon zen bi hauteskundeen artean.

Datorren igandeko hitzorduari begira, berriz, ikusteko dago herritarrek nola erantzungo duten. Zaila dirudi boto emaileak aktibatzea, ikusita ondoren alderdiak ez direla gai izan adostasunetara iristeko. 
Bestetik, ordea, azken asteetan gizartearen zati baten haserrea piztu duten gertakariak izan dira –Altsasuko gazteen eta Kataluniako auzien epaiak, esaterako–, eta horrek eragin dezake aurten hirugarrenez herritarren gehiengoa bozkalekuetara gerturatzea.

Erlazionatuak

Iritzia: 'Herritarren boterea'

Juanjo Alvarez 2019 aza 06 Zarautz

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide