Ezohiko udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldean, bi gai mamitsurekin. Lehenik eta behin, Astiko jolasgunean taberna-jatetxea egiteko lan publikoko kontzesio kontratua behin betiko suntsitzea onartu zuten aho batez, eta, ondoren, 2020rako ordenantza fiskalak izan zituzten aztergai udal ordezkariek. Udal Gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) udal zergen eta tasen proposama aurrera atera zen, EH Bilduren aldeko botoarekin; Podemos Equo-Berdeak, aldiz, kontra agertu zen.
Ogasun zinegotzi Jesus Aranaren hitzetan, "2019ko likidazioa aurreikusi bezala joango da, agian igoera itxiki bat izan dezake, eta 2020ra begira ekonomia ikuspegitik atzerapen bat egongo da. Jaurlaritzatik eta aldunditik arduraz jokatu behar dugula diote, baina, era berean, optimismoa mantendu behar dugula". Hori horrela, %0,9ko igoera orokorra izan da proposatu eta onartu berri dutena datorren urterako, azpi-inflazioaren indizea kontuan hartuta. Halaber, aldunditik etorritako beste erabaki bat ere kontuan izan dute: katastroa %1,1 igotzea, alegia.
Tasak izoztu, hobariak eta aldaketak
Hainbat dira igoerarik izango ez dute zergak eta tasak. Hiri lurraren balio gehikuntzaren gaineko zerga izoztu egingo dute. "Bestela, katastroaren %1,1 aplikatu beharko litzaioke eta ondoren %0,9a. Orduan, igoera bikoiztu egingo genuke", azaldu zuen Aranak. Ibilgailuen gaineko zergaren inguruan lanketa egin dutela eta, horiek ere izoztu egingo dituzte. Jasangarritasuna bultzatze aldera, energia berriztagarrien aldeko apustua egin nahi du Udal Gobernuak, eta 2020tik aurrera ibilbigailu elektrikoek %95eko hobaria izango dute. Bestalde, aurreko urteetan bezala, gizarte politikekin zerikusia duten tasak izoztu egin dituzte.
Udal Gobernuak bi aldaketa adostu ditu EH Bildurekin, eta 2020 ordenantza fiskaletan txertatu dituzte. Bata da lehen hamar urteetan %50eko hobaria ematea hiri lurretik Abendaño eta Errotaberri industrialdeetara mugitzen diren jarduera industrialei. Bestea, plusbaliaren aldaketa da; lehen karga tasa bakarra zegoen, %10ekoa zena, eta orain errenkada bat sortu dute: 1etik 5 urtera bitartekoa %10a, 10 urtera arteko %9a, 15 urtera artekoa %8a, eta 20 urtera arte edo hortik gorakoa %7a.
Podemos Equo-Berdeak koalizioak boto partikularra aurkeztu zuen ordenatza fiskalak bozkatu aurretik. Oihane Delgado ordezkariak beraien proposamenak aurkeztu zituen, baina azkenean bakarra jarri zuen mahai gainean datorren urteko ordenantzetan txertatzeko: OHZ Ondasun Higiezinen Gaineko Zergetan %150eko errekargua ezartzea, herrian erroldatu gabe, urtean bi hilabete baino gutxiago bizi direnentzat, eta urteko energia kontsumoa 300 kWatt elektrizitate, 900 kWattt gas, 5 metro kubo gainditzen ez dutenentzat. Aldaketa proposamena ez zen gauzatu, Udal Gobernuko taldeen kontrako botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.
Etxebizitzaren gaia
OHZ askotan landu den gai dela nabarmen zuten Udal Gobernuko kide Jesus Aranak eta Gloria Vazquezek, aurreko agintalditik ezarrita dagoen %100ko errekargua defendatuz. Biek ala biek nabarmendu zuten zehaztutako kopurua egokia dela, eta ez dutela uste errekargu gehiago jartzea denik bidea. PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezek adierazi zuen etxebizitza hutsei soilik aplikatzen zaiela, eta Bizigune programa ere sustatu dutela erabiltzen ez diren etxebizitzak alokairura ateratzeko.
EH Bilduk elkarlanerako grina erakutsi duela adierazi zuen Jon Arozenak, eta Udal Gobernuarekin adostasun batera iritsi direla, arestian aipatutako aldaketetan. Horretaz aparte, beste konpromiso batzuetara ere iritsi direla jakitera eman zuen, eta horietako bat etxebizitzen ingurukoa da. "Gure ustez, hutsik dauden etxebizitzek egun duten errekargua baino handiagoa izan beharko lukete, are gehiago Zarautzen etxebizitzaren arazoa handia denean. Errekarguaren funtsa da etxebizitza horiek merkatura ateratzea, baina errekargu honen ezezkoak oztopo batera eramaten baldin bagaitu, erabaki dugu oztopo hori saihestea eta beste konpromiso batzuk hartzea, etxebizitza horiek merkaturatzeko".
Oihane Delgadok, bere aldetik, ausardia falta aurpegiratu zion EH Bilduri OHZren aurrean, eta ordenatzei buruz, ez direla "justuak eta progresiboak" adierazi zuen. Podemos Equo-Berdeak udal taldearen modelo fiskalaren arabera, "gehien dutenek gehiago ordaindu behar dute".
Vazquezek eta Aranak zoriondu egin zuten EH Bilduren postura, eta positibotzat jo zuten akordiotara iristea. Ogasun zinegotziak, era berean, irekita jarraitzen dutela azaldu zion Podemos Equo-Berdeak taldeari. Edonola ere, garbi utzi nahi izan zuen OHZren errekarguak ez duela "konponduko etxebizitzaren arazoa", eta Udal Gobernuak aurreko agintaldian martxan jarritako Etxebizitza Planaren bitartez eraikiko diren alokairurako etxebizitzak eta etxebizitza tasatuak –200 etxebizitza, guztira– nabarmendu zituen.