Hiru gune nagusi izan dituzte ibilbidea osatzeko aukera eman duten azken Kilometroek. Lehen gunea, Ni gunea, malekoian egon da, eta Erronkako probak eta kontzertuak izan dira bertako ekitaldi nagusiak. Hi gunean, ikastolan, propio eraikitako Haurren Basoa, hainbat kontzertu, dantzariak, txistulariak, txaranga, batukadaren festa, Erronkako probak eta beste hainbat ekitaldi izan dira. Mollarriko Hura gunean, berriz, hainbat kontzertu ezagun izan dira.
Egun osoan zehar tonbolak sariak banatu ditu, eta antolatzaileen arabera, "sekulako giroa" izan da zirkuitu osoan zehar.
Egunaren hasieran, Iñigo Ameztoi ikastolako lehendakariak azpimarratu du ikastolaren izaera nazionala eta euskalduna. "Transmisioan egindako lana, eta etorkizunera begira oinarri horiekin segitu beharra". Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak ekarri du gogora eredu honetako azkena izan dela gaurko Kilometroak: "Azken 42 urteetan ikasitakoarekin ekingo diogu eredu berriari". 2020an Amasa-Villabona eta Zizurkilgo ikastolak antolatuko du Kilometroak. Ikastolak mundura zabaltzen segitzeko deia egin du Mikel Ugarte Zubimusuko lehendakariak.
Euria eta giro ona eguneko protagonista
Auzolanari esker osatu da eguna. 1.400 boluntario aritu dira eguna antolatzen, eta ehunka lagun eta senide zaintza lanetan. Antolakuntzak eskerrak eman dizkie boluntariotzan aritu diren guztiei eta festara etorri diren guztiei.
Trafikoan ez da arazorik izan, eta garraio publikoak beteta etorri eta atera dira herritik. Erronkan 21 talde hartu dute parte. Giro onean aritu dira ehunka gazte probak egiten. Oiartzungo Haurtzaro ikastola geratu da lehen postuan, eta 1.000 euro irabazi ditu. Bigarren Arrasateko Arizmendi ikastola izan da, eta hauek 500 euro eskuratu dituzte. Hirugarren Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusi ikastola izan da, eta 300 euro irabazi ditu.