Irakasle ohi batzuek Ikaslagun proiektuari bide eman zioten 2016an, Zarauzko Udalak sustatuta, ikasketetan laguntza behar baina laguntza hori jasotzeko aukerarik ez duten haurrei zerbitzua eskaintzeko asmoz. Orain arteko esperientzia guztiz atsegina eta aberasgarria izan dela onartu dute Marije Zumeta eta Iñaki Azkune taldekideek, bai ikasleentzat bai boluntarioentzat, eta aurten ere ikasturte berriari ekingo diote; urriaren erdialdean hasiko dira. Baina gabezi batekin topatu dira: irakasle lanak egingo dituzten boluntarioak behar dituzte.
Lehen bi ikasturteetan 30 bat irakasle boluntario izan zituzten, eta iaz zertxobait beherantz egin zuen kopuruak, 25era jaitsiz. Aurten panorama iluna dutela adierazi du Azkunek; izan ere, 13-16 boluntario inguru dituzte une honetan, eta horietatik gehienak egun batez ahalko dute laguntza eman.
Zerbitzua astelehenetan eta ostegunetan eskaintzen dute, parrokiako lokaletan, 17:00etatik 18:30era, eta bi egun horietan joaterik ez dutenei zuzendutako hirugarren saio bat ere eskaintzen dute astearteetan. «Ikaslagunen helburua da heldu bat egotea bizpahiru haurrekin gehienez. Arreta oso pertsonalizatua behar dutelako», dio Zumetak. Hor dago gakoa, bada. Zerbitzua aurrera eramateko, irakasle gisa aritzeko «gogoa eta ilusioa» duten jendea behar dutela. "Ez dugu profil berezirik bilatzen!".
Astean behin edo bitan ordu eta erdiz haurrei eskaintzeko konpromisoa hartzea baldintza bakarra. Interesa dutenek ondorengo telefono zenbaki hauetara dei dezakete: 643 01 34 53 (Iñaki) edo 672 76 70 43 (Marije).
Autoestimua lantzen
Haurrekin aritzeko "enpatia" eta "malgua" izatea ezinbestekoa dela iritzi dio Azkunek. Izan ere, "sei orduz eskolan egon ondoren etortzen dira, eta ez dira ikasle onenak. Zorroztasuna ongi dago, baina pixka bat beraien egoerara egokitu behar da". Normalean, ikasleek oinarri falta izaten dute, eta hori ematea da boluntarioen zeregin nagusia, baita ikastetxeetatik bidaltzen dizkieten etxeko lanak egiten laguntzea ere. "Gure egitekoa da ikasleen autoestimua eta segurtasuna lantzea, eta, aldi berean, beste haurrekin harremanetan jartzea. Oso-oso pozik etortzen dira gugana", gaineratu du Zumetak.
Irakasle jubilatuak, langile arruntak, bestelako sektoreetan aritutako langile erretiratuak, etxekoandreak, irakaskuntzako ikasleak... Esperientzia politak izan dituztela aitortu dute taldekideek, eta izan dituzten laguntzaileek oso ongi erantzun dutela azpimarratu dute, "maila akademikoan ez ezik, ikasleekin konektatzen jakin baitute".
Herriko ikastetxeekin elkarlanean jarduten dute. Hain zuzen ere, zentroek beraiek aukeratzen dituzte Ikaslagunera bideratzen dituzten ikasleak; betiere, bi baldintza kontuan izanda: bata, laguntza akademikoaren beharra, eta bestea, baliabide ekonomiko urriak izatea. Ikastetxeekin harremanetan egoten dira, ikasle bakoitzaren martxa jarraitzeko, eta "ikasturte bukaeran haiekin egoten gara gure lanak fruiturik eman duen ala ez jakiteko". Bukaeran, beti jasotzen dute zentroetatik erantzun ona egindako lanagatik:"Zentzu guztietan izaten da positiboa".