Kilometroetarako bi aste eskas falta diren honetan, Ikastolen Etxean eman dituzte festaren inguruko azalpenak Nekane Artola Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak, Belen Murua Zarauzko Ikastolako zuzendariak eta Nerea Altxu aurtengo Kilometroetako koordinatzaileak.
Muruak azken egunetan buru-belarri lanean diharduten batzordeak izan ditu gogoan, baita Kilometroak festan eta urtean zehar antolatutako ekitaldi guztietan laguntzen aritu diren boluntarioak ere. Hirugarren Kilometroak izango da aurtengoa Salbatore Mitxelena ikastolarentzat, eta «ilusioz» ari direla lanean esan du zuzendariak. "Herritik herriarentzat sortu ziren ikastolak, hasieratik, pedagogia aurrerakoi eta berritzailean oinarrituta. Gaur egun ere gizartearen eskakizunei erantzun nahian marko pedagogiko berria garatzen dihardugu". Garapen horretara bideratuko dute, hain zuzen, aurtengo ekitalditik ateratako etekin ekonomikoa. Muruaren hitzetan, "egitasmoa gauzatzeko behar dugun finantziazioari bultzada emateko".
Izaera eta balioak
Altxuk aurtengo Kilometroetako leloa eta logoa azalduz abiatu du hitzartzea. Ni, Hi, Hura... Ikastola Mundura! da aurtengo leloa. Ni-a urdina da, Zarautz; Hi-a berdea, Ikastola eta Hura morea, feminismoa, aniztasuna eta halako baloreak. Altxuren hitzetan, "Ni-ak Hi-a behar du izateko eta alderantziz. Ni-ak eta Hi-ak Hura ere behar dute izateko. Alegia, elkarrekin garelako gara. Zarauzko Ikastolak balio hauek lantzeko urratsak egiten jarraitu nahi du, euskarazko kalitatezko hezkuntza berdinzale eta inklusiboa mundura zabaltzeko".
Ibilbidea eta egitaraua
Ibilbideak zazpi kilometro inguru izango ditu, eta hiru gune nagusi egongo dira: Ni, Hi eta Hura guneak. Abiapuntua Ikastolan egongo da, Hi gunean. Bertatik ibilbideak Mollarriruntz joko du (Hura) eta handik behera, hirugarren gunera iritsiko gara, malekoira (Ni). Ibilbidea jende guztiak egiteko modukoa izango da, eta Mollarrira igotzeko DYAk garraio zerbitzua eskainiko du dibertsitate funtzionala dutenentzat.
Egitaraua "ahalik eta zabalena" izatea lehenetsi dute, "adin eta zaletasun desberdinak dituzten herritarrentzat erakargarria izan dadin". Puntu Moreak kokatuko dituzte gune bakoitzean, eta bertan egongo da eskuragarri feminismoaren eta eraso sexistak prebenitzearen inguruko materiala. Bestetik, Mollarrin, LGTBI kolektiboaren aldeko Aldarte elkarteak postu bat jarriko du Puntu Morearen alboan. Gune hauen xedea jai eredu «gozagarri, seguru eta parekidea» bermatzea da guztientzat, eta koordinatzaileak garbi utzi du festan ez dela inolako eraso sexista, arrazista edo LGTBIfobikorik onartuko.
Prebentzioari dagokionez, adin txikikoen alkohol kontsumoa saihesteko hainbat neurri hartu dituzte. Hala nola, formakuntza saioak batzordeetako kideentzat edo material didaktikoa. Egunean bertan ere prebentzio ibiltaria egongo da ibilbidean eta guneetan zehar.
Gunez gune
Gune bakoitzak bere identitatea izango du. Ikastolako gunea izango da "lasaiena"; koordinatzaileak, bertan izango den Haurren Hiria espazioa nabarmendu du. Ikastolako haurrek egindako proposamenetatik abiatuta, buru-belarri lanean igaro dute uda hainbat gurasok, Kilometroetarako jolas-parke berria prest egon dadin. Mollarri gazteenen gozagarri izatea espero dute antolatzaileek, bertan, hainbat talde ezagunen kontzertuak izango baitira protagonista: Sonakay, McOnak, Bad Sound...
Azken urteetako ohiturari eutsiz, Erronkak ere izango du bere tartea urriaren 6an. Gipuzkoako 21 ikastoletako DBH 3 eta 4ko gazteek hartuko dute parte probetan, Ikastolan eta malekoian. Honen bidez "kooperazioa eta guztion parte hartzea" sustatu nahi izan dituzte. Hi gunean ere hainbat kontzertu izango dira, eta Altxuk Zarauzko musikarien presentzia nabarmendu du: Pottors eta Klito, Skasti, Optika eta abar.
Gune guztietan aukera izango da txosnako pintxo eta ogitartekoak jateko, eta bazkaltzeko bi aukera izango dira: Jangela zerbitzua Antoniano kiroldegian, eta Izeta sagardotegiak eskainitako menua Ikastolan. Egun osoan zehar animazio ibiltaria izango da ibilbidean zehar: txistulariak, txaranga, Arrai Zopa taldea, batukada feminista...
Jasangarritasuna ere tentuz zaindu dute antolatzaileek. Edalontzi berrerabilgarriak egongo dira eskuragarri taberna eta txosnetan eta ez dute plastikozko botilarik salduko, iturriko ura eskainiko dute. Bertaratzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute, egun horretarako tren eta autobus zerbitzu bereziak izango baitira. Auto partikularrak uzteko hainbat gune berezi egokituko dituzte, eta egunean bertan seinaleen bidez bideratuko dituzte horietara autoak.
Amaitzeko, Artolak hartu du hitza. Barne gogoeta baten ondorioz, Zarauzkoak Kilometroen egungo ereduaren zikloari amaiera emango diola esan du Artolak. "Eredu aldaketari ekingo diogu Amasa-Villabonan eta Zizurkilen, Zubimusu ikastolaren eskutik". Datorren urteko urriko lehen asteburuan izango da berriro Kilometroak, baina beste era batekoa. Besteak beste, erronkaren adin tartea zabalduko da, ibilbidearen logikarekin apurtuko da, gune tematikoagoak izango dira eta Gipuzkoako ikastola guztien artean partekatuko da.