Honako testua irakurri dute herri bazkariaren amaieran egin duten ekitaldian, 2019ko Euskaraz Bizi saria ematerakoan Gau Eskolei.
"Euskara putzu sakon eta ilun bat zen garaietan hasi zen guztia; bazterreko zenean. Izan ere, frankismo betean hartu zen erabakia: euskara salbatu nahi bazen, haren transmisioa indartu behar zen.
Euskal Herri euskalduna helburu, lanari ekin zioten batzuek: hizketan erakutsiz, elkarrizketa errealak sortuz, gero kalean hitz egin ahal izateko. Hura izan zen metodologia nagusia, eta horri lotzen zaio oraindik AEK. Dena egiteke zegoen garaia zen, dena sortzeko. Euskara batua bera ere batu berria zen orduan. Nola sortu euskaraz irakurtzeko ohitura? Nola irakatsi euskara? Nola eman euskarari prestigioa?
Metodologia propioa sortu zen, erdigunean praktika zuena, erabilera. Gurpilak aurrera egin zezan, ezinbestekoak ziren irakasleak. Horrela sortu ziren ikastolak eta horrela sortu ziren gau eskolak.
Irakasleak borondatez aritzen ziren, soldata sinboliko bat izaten zuten. Eta, pixkanaka, AEK koordinakundea egituratu zen. Oraindik ere, Euskal Herria euskalduntzeko filosofia dugu eta argi dugu haiei esker gaudela gu hemen. Horregatik omendu nahi ditugu aurten helduen euskalduntzean aitzindari izan direnak. Haiek ere euskara, Euskal Herria, sortu zutelako; eta guri euskara sortzeko bide eman zigutelako".
Euskaraz Bizi Eguna, umoretik eta aldarrikapenetik
Umorea eta aldarrikapena ikusi dira gaur goizean Euskaraz Bizi Egunean. Ohi bezala, lasterketa herrikoia egin du hainbat herritarrek Musika Plazatik abiatuta. 185 lagunek eman dute izena, horietatik hemeretzik roller saioa egiteko.
Urtero bezala, adin guztietako herritarrak bildu dira irrifarrea ezpainetan, euskararen alde kilometro batzuk egiteko.
Momentu hunkigarriak ere egon dira, irailaren 16tik aurrera Madrilen epaituko duten Ainhoa Bagliettoren aldeko kartelekin iritsi direlako helmugara parte hartzaile batzuk. Ainhoa maite zaitugu zioten kartelek, eta beltzez jantzitako kuadrilla ikustean emozionatu egin da antolakuntza lanetan zebilen Baglietto. 11/13 auzian epaituko dute, eta hain justu, astelehenean, Euskal Jai Egunean, 13:45ean haren aldeko mosaikoa egingo du hainbat herritarrek Musika Plazan bertan.
Kirolaren txanda pasata, 14:30etik aurrera AEKk eta EHEk antolatutako bazkaria izan da Musika Plazan, eta 18:30ean, berriz, kalejira aldarrikatzailea egingo da plazatik abiatuta, Manuela ahizpen doinuen laguntzarekin.