Txerriz mozorrotuta igo dira eszenatokira Danda Gazte Asanbladako hiru kide. Batek lastoa zuen eskuan, besteak egurra, eta hirugarrenak adreilu bat. Hasteko, bart izandako lapurreta salatu dute, eta adierazi dute "festa hau geldiarazi nahi badute ere, ez dutela lortuko".
Ondoren, hiru txerritxoen ipuinari erreferentzia eginez, Geltokia, Manuela eta Putzuzulo gaztetxeak aipatu dituzte. "Gune autogestionatu bat auzolanean sortzeko asmoa genuen, baina otsoa etorri eta etxea bota zuen" esanaz batera, lasto fardoa bota du batek.
Ondoren, Putzuzulo ahotan, "otsoek etengabe putz eta putz eta putz egin dutela" azaldu du bigarren txerritxoak. "Tinko eusten dugu oraindik, hor nahi ez gaituztenen aberatserako. Halako batean, engainuz eta indarrez, Putzuzulori heriotz zigorra ezarri dioten arte". Orduan, egurra bota du bigarren txerritxoak.
Hirugarrenak azaldu du gazteek "berena zaintzen" jarraituko dutela, "kolpeak kolpe eta otsoak otso". "Eraikinak bota daitezkeelako, putz eta putz, baina gazteon gogoa, borondatea eta indarra ezin daitezke eraitsi".
Ekitaldia borobiltzeko, Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea poesiari erreferentzia egin diote, hitzak moldatuta:
"Gure gaztetxea defendatuko dugu otsoen kontra, lapurren kontra, autoritateen kontra, diruzaleen kontra. Defendatu egingo dugu gure gaztetxea.
Galduko dugu geltokia, Manuela, Putzuzulo… Galduko ditugu hormak, sabaiak, eraikinak, baina gure gaztetxea defendatuko dugu.
Atzaparrak kenduko dizkigute eta eskuarekin defendatuko dugu gure gaztetxea. Eskuak kenduko dizkigute eta besoekin defendatuko dugu gure gaztetxea. Besorik gabe, sorbaldarik gabe, bularrik gabe utziko naute eta arimarekin defendatuko dugu gure gaztetxea.
Gu hilko gara, gure etxe bat galduko dugu, bat baino gehiago akasi, baina gure gaztetxea iraungo du zutik!"