Zer hartuko zenuke motxilan hondartzan jolasean jarduteko? Kuboak, kanikak, margoak, kometak... Guzti horiekin jolasteko abagunea izango dute herritarrek larunbat honetan. Kilometroetako arduradunek ez dute burua soilik urrian izango den festa erraldoian, eta horren erakusle dira urtean zehar antolatzen ari diren hamaika ekitaldiak. Horietako bat izango da larunbaterako hainbat eragileren artean auzolanean, elkarlanean eta harremanak sendotuz prestatu dutena: Hondartza Hartu eguna. 09:00etatik aurrera, ez da aspertzeko betarik izango Zarauzko hondartzan, Desertu Txikiaren inguruan.
Eguzkiari ongietorria egiteko, Garikoitz Larrañagak eskainiko duen Tai-Chi saioa izango da aurrena. Horren goiz bertaratu nahi ez dutenek ere, baina, izango dute aukera eguna indartsu hasteko, 09:45ean, kalejira izango baita Galtxagorri elkartearen paretik Desertu Txikira, Goizeko Ihintza txistulari taldearen eta Kilometroetako Mamorruen laguntzarekin.
Kilometroen antolakuntzan buru-belarri dabiltzan gurasoen artetik atera zen hondartza hartzearen ideia. "Herriko eragileak saretzeko eta elkarlanean jarduteko" aukera izan zitekeela pentsatu zuten, Oihan Odriozola antolatzaileak azaldu duenez. Horrez gain, gustatuko litzaieke jarraipena izatea egitasmoak. Alegia, aurtengoa Kilometroen harira sortu badute ere, datozen urteetan eragileek saretuta jarraitzea eta halako zerbait antolatzen jarraitzea dute asmoa.
Ingurumenarekiko harremanari ere arreta berezia eskaini nahi izan diote. "Gure hondartza eta gure itsasoa dira, beraz, gazteei ondo zaindu behar ditugula helarazi behar diegu". Horren harira, zenbait ekintza atera dituzte mahai gainera antolatzaileek, baina guztiak gauzatzea ez da posible izan, arrazoi desberdinak tarteko. Azkenean, erronka moduko bat luzatuko diete bertaratzen direnei: "Zenbat mikroplastiko aurkituko ditugu gure hondartzan?"
Festarako gonbita 0 urtetik 110 urtera bitarteko herritarrei luzatu diete. Horren harira, azpimarratu nahi izan dute asmoa adin guztietakoek parte hartzea dela. "Ohikoa da gurasook haurrekin etortzea halako lekuetara, haurrak jartzea ekintzetan parte hartzen eta gu txosnako barratik ia ez mugitzea". Asmoetako bat da hori ez gertatzea, alegia, ekintzetan parte hartzea haur zein helduek. "Askotan ematen du hondartzako jokoak-eta umeen kontua direla, baina nahi dugu gurasoak ere beren artean harremanetan jartzea, jolasaren bidez", adierazi du Pako Serras antolatzaileak.
Kalejiraren ostean, 10:00etan, hasiko dira Desertu Txikian prestatu dituzten tailer eta ekintza gehienak. Goiz osoan zehar, txoko bakoitzean egiteko dagoena saltseatzeko aukera izango da. Surf ikastaroak, hondarrarekin egindako eskulturak, hondarrezko irudiak, marrazketa gunea, kometak, petanka, Hiruerreketako jolasak...
Surf ikastaroak irekiak izango dira, adin guztietako jendeari zuzenduak. Hiru irakaslek emango dituzte ikastaroak, beraz, izena ematen duen jendearen arabera egingo dituzte taldeak. Beñat Makazaga entrenatzailearen esanetan, "jendeak proba egitea" da ikastaroen helburu nagusia.
Eta horrelako egitasmo bat arte ukiturik gabe egin ezin zitekeenez, Artezaleak elkartekoek ere beren hondar aletxoa jarriko dute. Andoni Bastarrika artistak hondarrezko irudien inguruko ikastaroa emango du 10:30ean hasita, eta marrazketa gunea ere jarriko dute. Gune horretan, itsasbazterra margotuko dute parte hartzaileek, eta ondoren, lan horiek ikusgai jarriko dituzte Desertu Txikian bertan.
Bestalde, herriko zenbait artistak performance moduko bat osatuko dute hondarretan, kartoizko hodi modularrez baliatuz eta eskuareekin hondarra orraztuz. "Jendeak parte hartzea eta ekarpenak egitea nahi dugu". Emaitza, "gelditu eta pentsatzeko gune bat" izatea nahi dute. "Nolabait, itsasoari begiratzeko beste modu bat" izango dela uste dute, Goretti Aranburuk azaldu duenez.
Eskalak eraldatuz
Hiruerreketako auzo elkarteak ere izango du bere txokoa larunbateko festan. Mahai-jolas erraldoiak prestatu zituzten auzoko jaietarako, eta bertaratzen direnen eskura jarriko dituzte, nahi duen orok jolasez gozatzeko aukera izan dezan. "Ilusioz" agertu dira Hiruerreketako auzokideak, larunbatean beren jolasak "herritar askok" probatuko dituztela uste baitute.
Mahai jolasak handitu eta txirrindularitza lasterketak txikituko dituzte, azken lau urteetan Tropela elkarteak antolatzen duen festa larunbatean egingo baitute. Hala, etxetik eramandako txirrindularitxoekin eta kanikekin, zirkuituak osatu beharko dituzte parte hartzaileek. Oihan Odriozola Tropela Elkarteko kideak jendeak ekintza honetan jartzen duen ilusioa azpimarratu du. "Batzuk etxetik krokisa eginda etortzen dira, gailurretan kartelak kokatzen dituzte, playmobil figurak jartzen dituzte animatzaile moduan..." Hain zuzen, ekintzaren amaieran saritzen dutena orijinaltasuna izan ohi da.
Aipatutakoak eta beste hainbat egiteko aukera izango da larunbatean, eta uharte horiei guztiei batasuna ematen, Arraio Irratiko kideak ariko dira. Bozgorailuetatik oharrak emango dituzte, eta musika jartzen ariko dira, besteak beste.
Antolatzaileek eskatu dute jolasteko kuboak, margoak, kometak eta abarrak etxetik eramateko. Ekintzak amaitzean, indarrak hartzeko eta nahi izanez gero, festari jarraipena emateko, makarroiak eta Getariako antxoak parrilan jateko aukera izango da.