Udal eta Foru Hauteskundeak

Ekainaren 15era arte akordioak egiteko epea dute alderdiek

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 28a, 17:41

Urola Kostako herri gehienetan erabakita dago zein alderdik aginduko duen datozen lau urteetan. Alkatetzak airean daude Azkoitian, Orion eta Zarautzen.

Udal hauteskundeetako emaitzak eskutan, alderdiek ekainaren 15era arte izango dute emaitza horiek aztertu eta, beharrezkoa den kasuetan, negoziatu eta akordioak lortzeko. Ekainaren 15ean, izan ere, udalbatzak eratuko dira herriz herri, eta alkateek aginte makilak eskuratuko dituzte, datozen lau urteetara begira lanean hasi edo jarraitzeko.

Urola Kostari dagokionez, hainbat herritan argi dago jada zeinek gobernatuko duen. Beste batzuetan, udalak kolorez aldatu arren, ez zuten gehiengo osoa eskuratu, eta alderdi txikiek erabaki dezakete zein izango den alkatea. Bada alderdi bakarra aurkeztu den herririk ere: Beizama. Aurrena Beizama Bai herri plataformak lortu ditu bost hautetsiak, eta ez du oposiziorik edukiko.

Bestalde, EAJ eta EH Bildu bakarrik bozkatu dituzte bost herritan, eta horietan ere ez da konplikaziorik egongo alkatetzak zehazterakoan: Aian EAJk irabazi du, eta EH Bilduk Aizarnazabalen, Azpeitian, Getarian eta Zestoan. Errezilen ere EH Bilduk izango du alkatetza, baina bigarren alderdia ez da EAJ, Errezilgintza baizik.

Zalantzak, zailtasunak eta nahasmena sor litezke, berriz, irabazi arren gehiengo osorik lortu ez duten zenbait herritan. Esaterako, Azkoitian EAJk galdu egin du aurreko udal hauteskundeetan lortutako gehiengo osoa. Zortzi zinegotzi ditu, eta EH Bilduk zazpi. PSE-EEk eta Azkoitia Baik zinegotzi bana dute, eta beraz, azken bi horiek erabakiko dute zein izango den alkatea. Matematikoki posible da alkatetza EH Bilduk eskuratzea, baina ez dirudi horretarako aukera gehiegi dagoenik. Izan ere, azken urteetan PSE-EE babesten ari da EAJren alkatetzak beharra izan duten udalerrietan.

Antzeko egoera dute Orion. Hauteskundeak EH Bilduk irabazi ditu eta sei zinegotzi izango ditu, baina EAJk bost zinegotzi lortu ditu, eta zinegotzi bana, berriz, Orain plataformak eta PSE-EEk. Aurreko agintaldian udal gobernua osatu zuten EAJk eta sozialistek, baina agintaldia amaitu aurretik akordioa hautsi zuen PSE-EEk. Ikusteko dago datozen asteetan zer erabaki hartuko dituzten alderdiek.

Azkenik, Zarautzen ere matematikoki posible litzateke EAJk alkatetza galtzea, hamar zinegotzi lortu baititu, eta gainerako alderdiek guztira 11 zinegotzi eskuratu baitituzte. Ordea, 2015etik hona EAJrekin udal gobernuan egon da PSE-EE, eta biek balorazio ona egin dute pasa diren lau urteez. Horregatik, pentsatzekoa da berriz ere akordio batetara iritsiko direla.

Alkate batzuen agurra

Kontuak kontu, alderdiek eta zerrendaburuek ekainaren 15era arte itxaron beharko dute udalbatzak osatzeko eta alkateen aginte makilak bereganatzeko. Larunbat horretan, aurreneko batzarra egiteko elkartuko dira hautetsi guztiak udaletxeetan.

Bestalde, badira alkate gisa egindako ibilbidea amaitu duten politikariak ere, lekukoa beste bati pasatu diotelako, edo ez dituztelako hauteskundeak irabazi: Oier Korta zumaiarraren kasua da azken hori. EAJko zerrendaburuak ez du lortu berriz alkate izateko nahikoa babes. Nika Lertxundi (Getaria), Jose Anjel Zaldua (Orio), Josetxo Mendizabal (Zestoa) eta Eneko Etxeberria (Azpeitia), berriz, ez dira aurkeztu boz hauetara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide